Berriak


Asteazkena, 2014(e)ko urtarrila(r)en 08-(e)an 15:58etan

2001. urtetik hasita urtero egin den antzera, 2013an ere Urdaibai Bird Centerretik lanean jarraitu du Urdaibaiko eraztunketa zientifikoaren estazioarekin. Estazio honek, Biosfera Erreserbako hegaztien migrazio, ugalketa eta negu-pasaren jarraipena egitea du helburu.

Nekesoloko estazioko padura

2013. urtean Urdaibaiko habitat desberdinetan banatuta 8 estazio egon dira lanean, paduretan, landazabalean eta basoetan kokatu dira. 180 eraztunketa-saio burutu dira, eta horietan, 63 espezietako 6.029 hegaztiren datuak jaso ahal izan dira, gehienak hegazti paseriforme txikiak izan direlarik. Jarraitutako ale guztietatik, 4.946 lehenengo aldiz egindako markaketak izan dira eta 258 aurreko urteetan eraztundutako errekuperazioak edo kontrolak.

   

Eraztundu eta 8 urteren ostean 2013an errekuperatu diren Kaskabeltz handia eta Txorru arrunta.

Aipatu beharra dago, kontroletatik, Europako beste herrialde batzuetako eraztuna zeukaten 25 hegazti ere errekuperatu direla, Holanda, Erresuma Batuak, Belgika, Frantzia eta Norvegiatik esaterako, eta horrekin batera, hainbat izan direla gure eraztunarekin beste herrialde batzuetan errekuperatu dizkiguten hegaztiak. Guzti honek, Europako hegaztien migrazio eta negu-pasan Urdaibai oso gune garrantzitsua dela adierazten du.

2013ko eraztunketa Urdaibain negu pasan dauden hegaztien jarraipenarekin hasi zen. Urtarrila eta otsailean zehar Urretxindorra eskolako neguko janlekuetako jarraipena egin zen eta aurreko urteetan legez, protagonista nabarmenenak tarinak izan ziren.

Martxoa, apirila eta maiatza bitartean; izan ere, espezie askoren eztei aurreko migrazioan, Enara arruntak migrazio garaian Gautegiz Arteagako paduran eratzen duen etzalekuaren jarraipena burutu da, 2000tik gora enara eraztundu direlarik. Kasu honetan, hainbat enarek Europako beste eraztun batzuk zeramatzaten, eta datu oso garrantzitsuak izan dira euren migrazio bideak ezagutzeko.

    

Birigarrio txikia (Turdus iliacus): aurten eraztundu den espezie berria. Egilea: Carmen Azahara.

Maiatza eta ekaina bitartean, esfortzu gehiena ugalketa garaian zuzendu da, horrela ba, urtero egiten den habia-kutxen jarraipena eta Barrutibaso eta Gautegiz Arteagako paduretako esfortzu konstanteko EMAN estazioetan jardun da batez ere. Horrekin batera, Izaro uharteko Lertxun txiki eta kaio hanka-horiaren ugal-koloniaren jarraipena ere burutu da.

Udaberrian zehar landazabaleko bi espeziekin 2012an hasi genuen geolokalizagailu bidezko jarraipenaren bigarren fasearekin ere lan handia egin da, izan ere, Urdaibaiko enara arrunta eta antzandobi arruntaren migrazio bideak ezagutzeko asmoarekin martxan jarri zen proiektu berritzaileari buruz ari gara. 2012an markatutako hegaztien ugalkera lurralde eta habiak begiratu ostean, iaz jarritako geolokalizagailua zeramaten hainbat ale errekuperatu ditugu. Egun, gailu horietan gorde den bidaiaren informazioa aztertzen ari gara.

Geolokalizagailua daraman Antzandobi arrunta.

Abuztuan eta irailean, “Atlantic Flyway network” proiektuaren baitan, Bizkaiko Golkoan zeharreko migrazioa aztertzeko asmoz eraztunketa kanpaina burutu da, aurtengo honetan papo-urdina izan da jarraitu den espeziea. Gurekin batera ekimen honetan Loira, Gironde, Atturri, Txingudi eta Villaviciosako estazioak ere  hartu dute parte.

Txilinporta txikia (Tachibaptus ruficollis) gure estaziorako berria izan den espeziea.

Bukatzeko, esan beharra dago urte osoan zehar Nekesoloko esfortzu konstanteko estazioak martxan jarraitu duela, hain zuzen ere, eraztunketa zientifikoaren bitartez goi padurako hegaztien eboluzioa epe luzean aztertzeko helburuarekin.

 
<< Hasiera < Aurrekoa 461 462 463 464 465 466 467 468 469 470 Hurrengoa > Amaiera >>
JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL

Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information