28 urteko gasteiztar batek BEING BIRD lehiaketa irabazi du

Asteazkena, 2013(e)ko azaroa(r)en 20-(e)an 10:17etan

Iker Fernández de Antonak, 28 urteko gasteiztarrak, irabazi du BEING BIRD lehiaketa. Ekimen horren helburua izan da hegaztiak lokalizatzeko aplikazio (app) bat garatzea, edozein gailu elektronikora deskargatu eta handik baliatu ahal izateko. Gaztea Informatikako Ingeniaritza Teknikoan (Mondragon Unibertsitatea) eta Informatikako Goi Ingeniaritzan (Deustuko Unibertsitatea) lizentziaduna da, eta, jasoko duen laguntza ekonomikoaz gain, aukera izango du aplikazioa Monna proiektuko bazkideekin garatzeko, Urdaibai Bird Center-ekin buruz buru elkarlanean arituz.

BEING BIRD unibertsitate-ikasleei begira antolatu da, Euskal Herriko Elektronikaren, Informatikaren eta Telekomunikazioen clusterrak (GAIA-Cluster TEIC) egin zuen deialdia, Deustuko Unibertsitatearekin eta Urdaibai Bird Center-en lankidetzarekin, Monna I+G proiektuaren esparruan. Proiektu horretan, hegaztiei jarraipena egiteko satelite bidezko teknikak ikertzen dira, eta helburua da Europa munduko liderra izatea lortzea natura monitorizatzeko teknologiari dagokionez.

Iker Fernández de Antonak asmatutako aplikazioa bi zatitan egituratua dago, eta web-zerbitzu bat eta android-erako aplikazio bat ditu, WiFi nahiz GPS bidez funtzionatzen du, eta aukera ematen du QR kodeak irakurtzeko, bilaketak egiteko, hizkuntza anitz baliatzeko, eta abar.

Erabiltzaileak erraz eta modu intuitiboan balia ditzakeen funtzionalitateak ditu aplikazioak. Besteak beste, eduki hauek izango ditu: hegaztien gida bat, ibilbide ornitologikoak, migratzaileak, eta, orobat, bilaketa aurreratu bat, non kontsultatu ahal izango baita hegaztien izena izen zientifikotik edo izen arruntetik abiatuta.

Era berean, bilaketa mugatu ahal izango da ezaugarri hauen arabera: habitata, eskualdea, kolorea, neurria, forma, hegoaren forma, dei-mota, eta hegaztia non aurkitu daitekeen ere jakin daiteke, urteko hilabetea kontuan harturik. Bilaketa egin ondoren, erabiltzailea hegaztiaren fitxan sar daiteke. Han hegaztiaren hainbat irudi ikus ditzake; izena, arraza eta ezaugarriak; zer habitatetan aurki daitekeen eta dieta. Horrez gain, delako arrazaren kantu bereizgarria entzun ahal izango da.

Pentsatzen da aplikazioa oso baliagarria izango dela hegaztiak zaintzeko edo hazteko lanbidea dutenentzat, zeren eta aplikaziotik bertatik QR kodeak irakurtzeko aukera ematen da, eta kode horiek hegaztiei jartzen zaizkien metalezko eraztun tipikoak ordeztu ditzateke. Hala, bada, kamerarekin kodea hartze hutsarekin, erabiltzaileak fitxa ikusi ahal izango du eta datu berriak sartu, hala nola non aurkitu duen hegaztia, oharrak...

 

MONNA proiektua
Monna proiektua Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Arteko Lankidetza Programa Operatiboak (2007-2013) finantzatzen du, eta bost bazkideko partzuergo batek garatzen du; haietako hiru Euskal Herrikoak dira (GAIA-Cluster TEIC, Aranzadi /Urdaibai Bird Center eta Vicomtech IK4) eta bi, frantziarrak (ESTIA eta Aguila Technologie), eta Gaiak koordinaturik dihardute.
 
Proiektuaren helburu nagusia da Europa munduko liderra izatea lortzea natura monitorizatzeko teknologiari dagokionez. Horretarako, konbinatu egiten ditu, batetik, hegaztien migrazioak aztertzeko garapen teknologikoa, geoposizionamenduaren alorrean garatzen ari diren europar oinarriko teknologien bitartez, eta, bestetik, living-lab bat sortzea, zeinak garatzen ari den sektore bat sustatuko baitu, naturaren monitorizazioarena.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information