Berriak


Osteguna, 2013(e)ko urria(r)en 03-(e)an 13:22etan

Datorren urriaren 6an (Igandean) Urdaibai Bird Center-ek doako bisitaldi gidatu eta autogidatuak antolatuko ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserban hegaztien mundu-mailako egunean parte hartu nahi duen guztiarentzat.Egunak berak Europako hegaztien eztei-osteko migrazioaren gorenarekin bat egiten du; hori dela eta, kontinente arteko bidaia burutzen ari diren ehunka hegaztik pausagune modura hartzen ditu Gautegiz Arteagako padurak, hegazti zaleentzako ikuskizun bihurtuz. Ikusiko ditugun hegaztien artean aipatzekoak dira beste askoren artean, mokozabala, kuliskak, txirriak, martin arrantzaleak, espezie askotako ahateak, uroiloak, txilinportak  eta lertxunak.

Aipamen berezia merezi du, egunotan gure inguruan dabilen arrano arrantzaleak. Ikuskizun paregabea eskaintzen baitigu gure aurrean arrantzatzen duen bakoitzean. Beraz igande honetan gure artera hurbiltzen denak aukera izan dezake esperientzia zoragarri hau ikusteko.

Mundu-mailan ospatzen den egun honen helburua, mundu osoan aldi berean hegaztien ezaguera eta gozamenean aritzea da; hori dela eta, mundu osoko elkarte desberdinek egun hau erabiltzen dute euren inguruko jendaurrean hegaztiei buruzko gaiak plazaratzeko.

Testuinguru honetan, urriaren 6an Urdaibai Bird Center-ek, doako bisitaldi gidatu eta autogidatuak burutuko ditu. Bisitaldi gidatuak ordu eta erdiko iraupenekoak izango dira gehienezko taldeak 20 pertsonatakoak izango direlarik. Bi txanda burutuko dira, lehenengoa 11:00etan euskaraz eta bigarrena 12:30etan gazteleraz. Bisita gidatuetarako aldez aurretik erreserba egitea gomendatzen da. Horrekin batera, Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen dituen Oruetako eta Ozolloko behatokietan, bolondresak egongo dira hezegunean ikus daitezkeen hegaztiak erakusteko.

Bisita autogidatuak 10:00etatik aurrera hasten dira eta ez dute erreserba beharrik; horiek,  audiogiden bitartez burutzen dira zentroan zehar. Bisita horietan alde batetik zentroa bera erakutsiko da, Afrikarantz bidaiatzen doazen eta Gautegiz Arteagako paduran pausagunea hartzen duten hegaztiak behatuko dira, eta bestetik, bisitariek eraztunketa zientifikoko egun batetan murgiltzeko aukera izango dute.

Egun horretatik aurrera eskolei eta unibertsitateari zuzendutako bisiten sasoia hasiko da; burutuko diren bisitak hainbat eratakoak izan daitezke. Bai bisitak erreserbatzeko, eta bai edozein informazio eskuratzeko hurrengo telefonoa jartzen dugu zuen esku 699 839 202, edota sartu gure web orrian www.birdcenter.org.Hegaztien egun honetako zentroaren irekiera-ordutegia 10:00etatik hasi eta 14:00etan amaituko da.

 
<< Hasiera < Aurrekoa 481 482 483 484 485 486 487 488 489 490 Hurrengoa > Amaiera >>
JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL

Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information