Arrano arrantzaleak: ikuskizun liluragarria Urdaibaiko paduran

Asteartea, 2013(e)ko iraila(r)en 17-(e)an 10:12etan

Arrano arrantzalea berreskuratzeko Urdaibai Bird Centerek eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren partehartzearekin batera daraman  proiektuaren baitan ekarritako lehenengo hegaztiak aske daude jada. Arrano horiek,  Urdaibain sekula izan ez dugun ikuskizuna eskaintzen ari zaizkigu:  paduretan zehar han-hemenka ikus daitezke uneoro, batzuetan airean itzulipurdiak egiten eta maiz uretan murgiltzen, laster negutze-lekuetaraino egin beharko duten bidai luzerako prestatzen.

   

Uztailaren hasieran, bolondres talde batek eta pertsonal espezializatuak, eskoziar Gobernuaren baimenarekin, Eskoziako Highland-etan bildu zituzten arranoak. Hauek Aberdeen-etik Madrilera bidaiatu zuten hegazkinez Londresetik pasatuz, eta handik Urdaibairaino eraman ziren errepidez, Urdaibai Bird Center-eko langileen ardurapean. Madrilera arteko bidean, proiektuaren aholkularia den Roy Dennisek eta honen zuzendaria den Aitor Galarzak zaindu eta elikatu zituzten harrapariak. Londresen, bertako aireportuko Animalien Harrera Zentroko langileen laguntza bikaina izan zuten, britainiar hiriburuaren udaletxearen menpeko organismoa.

Behin Urdaibain, arranoak egokitzapen-dorrean egon ziren 4-5 astez, harik eta inguru naturalean integratzeko adin egokia izan zuten arte. Askatzeko, egokitzapen-dorrearen ateak gauez zabaldu ziren. Era honetan, hegaztiek dorrea uzteko prest sentitzen zirenean atera ziren, egunez. Behin askatuta, Urdaibai Bird Center-eko langileek gurasoen eginkizuna bete dute, janlekuen bidez arranoak elikatuz. Ale gehienek lumajeari atxikitako transmisore txiki bat daramate, zeinaren bidez euren kokapena ezagutu daitekeen Urdaibain dirauten bitartean. Gainera, haietariko gutxi batzuei satelite bidezko transmisore bat kokatu zaie, hainbat datu ezagutzeko oso erabilgarria izango dena, besteak beste, haien bizi-eremuak, migrazio-bideak eta negu-tokiak. Arrano hauetariko batzuk elkarte desberdinen bitartez babesturik daude. Alde batetik, Muxikako Urretxindorra eskolak eta Gautegiz Arteagako Montorre eskolak "Urretxindorra" eta "Montorre" izeneko arranoak babestu dituzte. Bestetik Valvospain enpresak, balbulak diseinatu eta ekoizten dituena, "Urdaibai" izeneko arrano arrantzalea babestu du.

Momentuz horietariko batzuk Urdaibaitik joanak dira eta litekeena da hurrengo egunetan arrano gehienek Urdaibaitik alde egitea negu-tokietara joateko, ziurrenik Afrika tropikaleko herrialderen batean. Haien lehen migrazio-bidaiaren arriskuak gainditzen dituztenek bertan egongo dira gutxienez bi negu igarotzeko eta, bizirautekotan, euren hirugarren urtetik aurrera bueltatuko dira, ugaltzeko. Bien bitartean, Urdaibai Bird Center-eko pertsonalak, birsartze proiektuaren barruan, atseden-tokiak eta plataformak jartzeko lanetan ari dira Urdaibaiko padura eta basoetan sakabanatuta, helburu argi batekin: bueltatuko diren hegaztiak bertan finkatu daitezela eta, hemendik urte gutxitara, Arrano Arrantzalea Iberiar penintsulako iparraldean berriz ugaltzeko aukera areagotzea.

Epe laburrean gure web gunean atal berri batez gozatu ahal izango dugu non Urdaibaiko Arrano Arrantzaleen migrazio bidai ikusgarriak jarraitu ahal izango diren.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information