Berriak


Asteartea, 2013(e)ko apirila(r)en 30-(e)an 08:08etan

Gautegiz Arteagako paduran egindako hobekuntza lanen ondorioz, ur-geruza iraunkorra duten urmael bi errekuperatu ziren. Hori dela eta, zona hau leku paregabea bilakatu da hegaztiak elikatzeko eta atseden hartzeko, batez ere migratzaileentzako.

Hezegune berri honetako urek bi jatorri dituzte: alde batetik, erreka eta iturburu txikietatik datozen jariatze-urak; eta bestetik, mareek itsasadarretik ekartzen duten ur gazia. Hezeguneak, garatze-fasean dagoen landaretza dauka, espezie helofitiko eta zingiratako espeziez osatua. Horiek berebiziko garrantzia izaten dute hezeguneetan, fauna urtarrari oxigenoa eta babesa ematen baitiote.

Hala ere, denbora pasa ahala, landaretza horrek urmaeletan eutrofizazio eta kolmatazio arazoak sor ditzake. Horregatik, kudeatu izan ezean, urte gutxitan hezegunea kolmatatuz joango litzateke, bere biodibertsitatea azkar galduz. Horrez gain, landare inbaditzaileekin dagoen arazoa larritzen da, hain zuzen ere, kolmatazio baldintzak aprobetxatzen baitituzte hezegunean zehar hedatzeko. Hauen adibide dira Baccharis halimifolia, Paspalum vaginatum eta Spartina patens.

Baccharis halimifolia landaretxoak padurako munan.

Beste hezegune batzuetako antzeko esperientziak aztertu ondoren; hala nola, Iberiar Peninstulako  Fuentes de La Nava eta  Aiguamolls de l´Empordà, eta Holanda eta Britainia Handiko beste zenbait,  argi ikusi dugu hezegune honek ere kudeaketa berdintsua behar duela. Hau dela eta, zentroko helburuetako bat da landaretzaren eta hezegunearen inguruaren kudeaketa, beti ere paduretan optimo ornitologikoa lortzeko xedearekin. Era honetan, hegaztiek eta bestelako faunak atseden hartzeko, elikatzeko eta ugaltzeko toki aproposa topa dezaten, ur librez, irlaz, ihitzaz eta lezkadiz osatutako habitat mosaiko honetan.

    

Zentroko teknikariak eta boluntarioak landaretzaren maneiu lanak burutzen..

Gauzak horrela, zentroa maneiu-lanak burutzen ari da paduran, aipatutako habitat ezberdinak kontserbatzeko, euren biodibertsitatea mantentzeko edo handitzeko helburuarekin.

Zentrotik programatutako lan hauek, bertako teknikoek eta laguntzera hurbiltzen diren boluntarioek egiten dituzte eta urte osoan zehar egiten dira. Horien artean burutzen diren lanak landare inbaditzaile aloktonoen eraispena,  lezkadi eta ihitzaren kontserbazioa, ur-mailaren kudeaketa, ur librez osatutako geruzen mantenua, irla eta dikeen mantenua eta abar… izaten dira.

"latxa" arrazako ardia urmaeleko munan.

Horrez gain, landarediaren kudeaketan, Europako hezegune gehienetan bezala, abereak ere erabiltzen dira. Gure kasuan, ardi latxak askatzen dira inguruan eta bazkatzen duten bitartean Baccharis eta beste inbaditzaile batzuen plantulak jaten dituzte, haien sakabanaketa saihestuz. Ekintza hauei guztiei esker da gure hezegunea horren bizia!

 
<< Hasiera < Aurrekoa 511 512 513 514 515 516 517 518 519 520 Hurrengoa > Amaiera >>
JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL

Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information