Igandea, 2013(e)ko maiatza(r)en 05-(e)an 18:59etan |
Urtero, milioika hegaztik mundu osoan, migrazio-bidai ikusgarriak burutzen dituzte neguko giro latz eta ankerrak saihesteko eta garai hori lurralde epelagoetan igarotzeko.Ugaltzeko lurraldeak eta negu-pasarako lurraldeak batzen dituzten migrazio bideek, hegazti migratzaileentzako babes eta kontserbaziorako oso garrantzitsuak diren guneak igarotzen dituzte. Hori dela eta, ibilbide horiek ezagutzea eta migrazioan zehar zeintzuk leku erabiltzen dituzten jakitea ezinbestekoa da testuinguru honetan aurrera pausoak emateko.
Urdaibai Bird Center-ek lantzen dituen ikerketen artean, lerroetariko bat gure inguruan dauden hegaztiek zeintzuk migrazio bide erabiltzen dituzten ezagutzea da. Batez ere, ahalegin berezia burutzen da, kontserbazio eta kudeaketa interesa duten espezieetan, oilagorraren kasua esaterako.
Oilagorra, Europa osoko ehiztariek oso gutiziatua duten espezie zinegetikoa da. Gure basoei eta landazabalari hain lotuta dagoen eta ohitura gautarrak dituen espezie honen kudeaketa egokirako, ezinbestekoa da ezagutzea nondik datozen eta ugaltzera nora doazen gure artean negua igarotzen dauden oilagorrak. Helburu horrekin, Urdaibai Bird Center-ek bi oilagor markatu ditu 2013ko neguan zehar satelite transmisore bidez. Jasotzen ari garen datuekin, ezagutzen hasi gara bidaiari nekaezin horiek nondik migratzen duten, non gelditzen diren eta nora arte doazen. |