Ehundaka uhalde-enara eta enara arrunt Gautegiz Arteagako hezeguneko lezkadian

Asteartea, 2013(e)ko apirila(r)en 09-(e)an 16:57etan

 

 

Migrazio-aldi guztietan gertatu ohi den bezala, bai eztei-aurreko migrazioan eta baita eztei-osteko migrazioan ere, migrazio luzeak egiten dituzten hainbat hegazti paseriformek, padurako lezkadiak erabiltzen dituzte atseden hartu edo eta gaua pasatzeko.

Enara arrunta eta uhalde-enara bezalako espezieak adibidez, eguneko migratzaileak izanik ilunabarra iristean lo egiteko toki jakinetan biltzen dira gaua denak batera pasatzeko. Horretarako, beraien migrazio bidean aurkitzen diren ingurune hezeetako lezkadiak erabiltzen dituzte eta ehundaka eta batzutan milaka ale ere elkartzen dira harrapakariengandik babesteko estrategia bezala. Batez ere urez inguraturik eta modu iraunkorrean ureztaturik egoten diren lezkadiak dituzte gogoko, zeinak  lurretik datozen harraparientzako iritsi ezinezko guneak diren. Horrela, harrapariak susmorik piztu gabe hurbiltzea ia ezinezkoa bihurtzen da, lezkadiaren izaera hauskorrak eta inguruko urak ezinezkoa egiten baitute hau izkutuan mantentzea.

Udaberriko lehen egun hauetan, lo egiteko toki segurua eratu dute jadanik Gautegiz Arteagako lezkadietan eta hegazti mordoa ari da ingurune hau erabiltzen. Migrazioaren hasieran gauden honetan, uhalde-enaren 1000 aletik gorako talde izugarriak ikusi dira enara arrunt batzuekin batera ilunabarretan elkarrekin biltzen.

Talde hauek, oraindik etortzeke dauden beste enara arrunt eta uhalde-enaren taldeen aurrekariak baino ez dira, zeinak beraien kumatze tokietara bidean atseden hartu eta izango dituzten oztopoak gainditu ahal izateko indarrak biltzeko lo egiteko toki berberak erabiliko dituzten.

Urdaibai Bird Center-ek, lo egiteko gune honetako jarraipena eta markaketa egiten dihardu eztei-aurreko eta eztei-osteko migrazio garaietan. Honen harira ezin aipatu gabe utzi, pasa den astean eraztunduriko hegaztien artean britaniar uharteetan eraztunduriko 3 uhalde-enara izan zirela gure artean. Hegazti hauek beraien kumatze tokietan edo lo egiteko tokietan eraztunduak izan ziren seguraski  afrikako negu pasako lurraldeetara abiatu aurretik; honela, kumatze garaian britaniar uharteetara bueltan doazen uhalde-enaren talde askok Urdaibaiko padurak atsedenleku gisa erabiltzen dutela pentsatzera eraman gaituelarik.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information