Txio iberiarrak bueltatu dira Afrikatik.

Asteartea, 2013(e)ko apirila(r)en 23-(e)an 10:10etan

Sasoi honetarako negua gure artean igaro duten txio arrunt gehienak jadanik gure inguruko baso eta zuhaixkak utzi dituzte, eta haien umatze eskualdetara alde egin dute. Txio iberiarra aldiz, orain berri iritsi da gure artera negua Saharaz azpiko lurraldeetan egin ostean. 

Txio iberiarra (Phylloscopus ibericus)

Txio iberiarra (Phylloscopus ibericus) duela gutxi deskribatutako espezie bat da, izan ere duela 15 urte arte txio arruntaren (Phylloscopus collybita) azpi-espezie gisa zegoen izendaturik. Azpi-espezie horren banaketatzat Iberiar penintsula, Frantzia hego-mendebaldea eta Afrika ipar-mendebaldea hartzen ziren, baina beranduago buruturiko azterketek frogatu zuten badaudela ezberdintasun nahikoa bi espezie desberdin gisa izendatzeko.

      

Txio horia (Phylloscopus trochillus)                 Txio arrunta (Phylloscopus collybita)

Esaterako, migrazio arauak kontuan izanda txio arruntarengandik desberdintzen da, izan ere txio iberiarrak distantzia luzeko migratzaileak baitira. Kanpoko kolorazio eta morfologiari dagokionez aldiz, desberdintasunak oso txikiak dira eta begi bistaz ezberdintzea ia ezinezkoa izaten da. Bestalde, bi espezien bokalizazioak oso erraz bereiz daitezke eta sasoi honetan Urdaibaiko edozein basotan entzun daitezke.

Konparatiba iberiarra goian horia behean

Haien ugalketa-lekuei dagokionez, jakina da Penintsulan badaudela eskualde batzuk bi txioen umatze lekuak gainjartzen direnak. Baina Urdaibairi dagokionez, azken 10 urteetan egindako paseriformeen jarraipenak eta markaketak erakutsi digute txio arrunta ez dela Erreserban ugaltzen, izan ere,  ugal-garaian txio iberiarra dela gure basoetan habiagile.

Urdaibaiko basoak

Gainera garai honetan posible da Urdaibain elkarren artean oso antzekoak diren 3 txio mota aurkitzea, hain zuzen ere heldu berri den txio iberiarrarekin batera oraindik orain migrazioan dauden txio arrunt batzuk  eta Afrikatik Europa erdialde eta iparrera doazen  txio horiak  ere ikus baitaitezke.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information