Lekuona Doktorea: Ubarroi handiaren egoeraz mintzatu da Aranzadiko mintegien barruan

Osteguna, 2012(e)ko apirila(r)en 26-(e)an 12:00etan

 

 Atzo asteazkena, Jesus Mari Lekuonak Urdaibai Bird Center-en ematen ari diren Aranzadiko mintegien barruan,  “Ubarroi handiaren gaur egungo egoera: populazioen dinamika, banaketa, ekologia trofikoa eta arrain populazioetan daukaten eragina”  titulua daukan mintegia eman zuen.

Ikerlari hau, 1990etik Ubarroi handiaren negu aldiko jarraipen estua egiten dabil, espezie horren populazioen dinamika, mugimenduak, elikadura eta batez ere, gizakiarekin dituen elkarrekintzak sakonago aztertzeko helburuarekin; honela ba, bai Nafarroan, Errioxan, Frantziako kostalde atlantikoan eta Euskal Herrian daukan gaur eguneko egoera eta izan duen eboluzioaz mintzatu zen atzoko hitzaldian.

 

Espeziearen biologia eta ekologiari buruzko datuak eta Europa, Nafarroa eta Espainia mailan daukan banaketa aurkeztu zituen; eta horrekin batera, Espainia mailan dauden  talde-ugaltzaileen eboluzioaz aritu zen. Ubarroiek talde-arrantzan erakusten duten portaeraren deskribapen zehatza egin zuen (berriki ikusi den portaera) eta duten garrantzi ekologikoa ere azpimarratu zituen.

Ubarroiak, inguru natural zein artifizialetan aurkezten duten elikatzeko era, arrantzatzen dituen harrapakinak, urtean zeharreko dietaren konposizioaren aldaketa, harrapakinen selekziorik egiten duten ala ez,  eta jaten dituen arrainen tamainari buruzko datuei buruz jardun zuen eta guzti horrekin batera, interes komertziala duten arrain-espezieengan daukan inpaktuari buruz, dituzten elikatzeko guneak, dieta aztertzeko erabiltzen den metodologia, eta hezeguneetan daukan funtzio ekologikoari buruz ere datu oso interesgarriak eman zituen. Azkenik, espeziearen kontserbazio-arazo eta etorkizunari buruzko gaiak ere jorratu zituen.

Hegazti hau, gure artean  interesekoa dela ikusirik eta hainbat polemikaren sortzaile izanik, ekarpen eta galdera-tartea oso mamitsua suertatu zen, eta aipatu beharra dago, entzuleek egindako galderek alde batetik, eta Jesus Mariren ekarpenek eta urteetan zehar izan duen esperientziak eta ibilbideak bestetik, asko aberastu zutela berez hain interesgarria izan zen hitzaldiaren azken atala.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information