Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna, 2025 – Hegaztiekiko errespetuzko komunitateak sortuz
Asteartea, 2025(e)ko maiatza(r)en 06-(e)an 11:19etan |
Udaberria hemen da, eta hegazti migratzaileak Urdaibaira iritsi izana ospatu behar da. Sasoi honetan espezie asko ikusteko aukera daukagu, besteak beste, koartza gorriak, mokozabalak, zangaluzeak, enarak ete uhalde-enarak. Maiatzaren 11n Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatzera gonbidatzen zaituztegu, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta BBK fundazioaren babesarekin. Zatozte mundu mailan egiten den ekitaldi batean parte hartzera, hegazti migratzaileak eta haien habitatak babesteko asmo sendoarekin. Goizeko 10:00etan eraztunketa zientifikoko erakustaldia izango da hurbiltzen den edonorentzat eta 11:00etatik aurrera, arratsaldeko 19:00 arte Urdaibai Bird Centerreko sarrera doakoa izango da. Aurtengo kanpaina hegaztiak errespetatzen dituzten komunitateak sortzera bideratuko da. Gizakien eta hegaztien arteko koexistentzia osasungarriaren beharra nabarmentzen du. Hegazti migratzaileen populazioak komunitate guztietan (hirietatik hasi eta herri eta komunitate txikienetaraino) erraztuko dituzten inguruneak sortzea eta egokitzea du helburu. Giza jardueren eta hiri-garapenaren hedapenaren ondorioz hegazti migratzaileek aurrean dituzten erronka ugarien inguruan kontzientziatu nahi du ekitaldiak. Kanpainak hiri-plangintza estrategiko baten eta kontserbazio-ahaleginen alde egiten du, hegaztiekiko errespetuzko praktikak txertatuz, gure komunitateak aparteko bidaiari horien babesleku bihur daitezen ziurtatuz. Urdaibai Bird Centerrek kudeatuta, Gautegiz Arteagako padurak hegaztientzako paradisu bihurtu dira. Hemen, hegaztiek urtez urte egiten dituzte migrazioak, giza eragozpenetatik salbu. Udaberrian eszena zoragarriez goza daiteke: zankaluzeak hazten, borrokalariak elikatzen edo sorbeltz nekaezinak paduraren gainetik hegan. Naturgune hau hainbat arrazoirengatik erabiltzen dute. Alde batetik, janari eskuragarritasuna ikusgarria da. Bestetik, uraren gazitasun eta sakonera desberdinek hainbat ohitura eta ezaugarri dituzten hegazti-espezieak erakartzen dituzte. Azkenik, Gautegiz Arteagako padurek behar duten bakea eta lasaitasuna eskaintzen diete hegaztiei. Urdaibai Bird Center bisitatzen duen pertsona bakoitzak hezegune hori eta bertan bizi diren hegaztiak kontserbatzen laguntzen du, era berean, natura babestea eta errespetatzea helburu duen komunitate globala indartu nahi da. Komunitate honetako kide izan nahi duzu? Bat egin ezazu gurekin Hegazti Migratzaileen Munduko Egunean, kontserbazioaren alde egiteko eta migrazioaz gozatzeko.
|