Irribarrez betetako eguna - Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna, 2024
Asteartea, 2024(e)ko maiatza(r)en 14-(e)an 12:16etan |
Lehenik eta behin, eskerrik asko igandeko eguna hain berezia izatea posible egin zuten guztiei. Urdaibai Bird Centerren giro bikaina zegoen eta aire zabaleko zein barrualdeko gure ekitaldiek arrakasta handia izan zuten. Gure eraztunketa-saioak goiz hasi ziren, zentroa inguratzen duen belardi erdian. Bisitariek zozo ar bat eta zozo eme bat konparatzeko aukera izan zuten, horrekin batera, gutxitan ikusten den hegazti bat ikusteko aukera ere izan zen: okil handi ar bat. Gure parte-hartzaileek erakustaldiaz gozatzen zuten bitartean, udaberrian jaio berri diren txitak ikus zitezkeen inguruetan. Natura bere distira osoan! Eraztunketa saioaren ostean, Jonathan Rubinesek eta Txema Fernandezek hitzaldi polit bat eskaini ziguten, "Rutas Para Observar Aves" liburu berria aurkeztu ziguten. Liburu liluragarri honetan, Euskal Herriko hegaztiez gozatzeko leku berriak deskubri ditzakete irakurleek, eta aholku eta informazio praktikoz beteta dago. Jonathanek eta Txemak ideia asko izan zituzten partekatzeko. Hegaztiak ikusteko aukera berriei buruz hainbeste ikasi ondoren, gure gonbidatuek atsedenaldian mokadutxo bat jateko aukera ere izan zuten Bird centerreko bigarren solairuan, padurako behatokian. Amaitzeko, gure aditu atseginek sinatu zituzten hiru liburu zozkatu genituen. Jakina, gure benetako ohorezko gonbidatuak beste urte batez, hegaztiak izan ziren: Oruetako paduretara atseden hartzera hurbildu ziren 7 mokozabalak, habiak eraikitzen ari ziren zangaluzeak, txirritxo multzo handi bat eta koartza gorri distiratsu bat. Asko zegoen ospatzeko 2024ko Hegazti Migratzaileen Munduko Egunean, eta 2 egun geroago irribarrez jarraitzen dugu
|