Ekitalde zoragarria 2024ko Hezeguneen Munduko Eguna ospatzeko!
Asteartea, 2024(e)ko otsaila(r)en 06-(e)an 11:48etan |
Hezeguneen Munduko Egunak arrakasta handia izan zuen gure gonbidatuen artean. Antolatutako aktibitateak topera egon ziren. 10:00etan, goizeko lanbroa oraindik airean zegoela, eraztunketa zientifikoaren lehen saioa hasi zen. Zer metodo erabiltzen ditugu? Zer datu biltzen ditugu? Galdera horiei guztiei erantzun zitzaien, eta parte-hartzaileek prozesu osoa esperimentatu eta espezie desberdinak identifikatzen ikasi ahal izan zuten. Tarinak, txontak, karnabak eta kaskabeltzak ikusi zituzten. Lainoa altxatu bezain pronto, tenperatura igotzen hasi eta otsailerako udaberri giroa gailendu zitzaigun. Eguraldia primerakoa zen gure ibilaldi gidaturako. Jarduera hau zentroan bertan hasi zen. Bertan, parte-hartzaileek Urdaibaiko geografia orokorra eta hezeguneek dituzten arazoak ezagutu ahal izan zituzten. Behin kanpoan, bisitariek habitata eta fauna bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Behin behatokiaren barruan, begi guztiak paduran jarrita zeuden. Ubarroiak, ahate mokozabalak, ahate buztanluzeak, paita arrunt bat eta beste hegazti asko ikusteko aukera egon zen. Askorentzat behatokia bisitatzen zuten lehen aldia zen, eta batzuk prismatiko batzuk erosteko asmoa ere agertu zuten. Padura ondoko bidezidor batetik jarraitu zuen ibilaldiak Kortezubi alderantz, eta gure bisitariek han ikusi ahal izan zuten nola landare inbaditzaileek arazo larria suposatzen dutela hezeguneetan. Piraguista taldeek faunan duten eragina ere bertatik bertara egiaztatu ahal izan zuten. Egun horretan bertan zebilen talde batek zarata itzela ateratzen baitzuten, horiek horrela, ur ondoan elikatzen eta atseden hartzen zuten hegaztientzat enbarazu handia suposatu zuten. Hezeguneen Munduko Egunaren helburua ekosistema hauskor horien altxorrak partekatzea eta jendea kontzientziatzea da, jasaten dituzten presioez konturatzeko asmoz. Eskerrik asko hezeguneak ezagutzeko eta horiei buruz ikasteko bisitatu gintuzten guztiei. Naturan elkartzea egun ahaztezina izan zen denontzat. |