Mandela Gambia ibaian negu pasa

Asteazkena, 2015(e)ko abendua(r)en 23-(e)an 15:44etan

- URDAIBAI RESERVE - Aitor Galarza, Urdaibain Arrano arrantzalearen berreskurapen proiektuaren zuzendariak negua igarotzeko arranoek erabili ohi dituzten guneak bisitatu ditu Senegalen eta Gambian. Bidai honen helburua, alde batetik, Mandelak erabiltzen duen habitata ezagutzea izan da eta, bestetik, arranoaren presentziaren froga grafikoak lortzea.

Port Eusk

Senegal ibaiaren ibaiadar den Ferlo ibaiaren inguruan gutxi gorabehera hilabete igaro eta gero, urriaren 25ean, Mandela hegoalderantz mugitu egin zen, Casamanceren erriberara heldu zelarik, hau da, 400 km inguruko bidaia egin zuelarik. Bertatik berriro ere, iparralderantz zuzendu zen, oraingoan Gambia ibaiaren erriberara, azaroaren 2an heldu zelarik. Geroztik, ibai nagusitik 2 km-tara dagoen ureztatutako gune batean bertakotu da. 50 hektareako larreratzeko gune bat erabiltzen du. Mangladi txiki batean deskantsatu eta lo egiten du, inguruko kanaletan arrantzatuz.

Posiciones Mandela2

2015eko urriaren amaieran Mandelak egindako mugimenduak

Ondoren, Aitorren bidaiaren egunorokoaren zati bat kontatuko dizuegu.

2015eko azaroaren 14a

Gaur ontzi bat kontratatu dut, Saloumeko Deltaren Parke Nazional zoragarrian zehar ibilbide bat egiteko asmoz. Parke honek, Deltak dituen 180.000 hektareen %40a betetzen du. Ur gazikaradun kanal sare batez eta 200 irlaz osatutako delta dugu hau, mangladi eta kosta atlantikoko baso zabalez hornitutakoa hain zuzen ere. Ezaguna da arrano arrantzaleak neguak bertan igarotzeko leku oso aproposa dela, baita ere bere dibertsitate handiagatik eta hegazti akuatiko eta itsastarretan aberatsa izateagatik. Soinean daraman satelite transmisoreari esker, jakin badakigu Mandelak Parke Nazionala beste birritan bisitatu izan duela. Irailaren 16an Deltaren erdigunean geldialdi bat egin zuen berton lo egiteko. Horren ondoren, hegoalderantz abiatu zen, Gambia, Senegaleko Casamance eta Ginea Bissau gurutzatuz, azkenik Ginea Conakryra helduz. Hala ere, irailaren 22an, Saloum bisitatzera hurbildu zen berriz ere, kasu honetan gaua hegoalderago igaro zuen, Missiratik 5 km gutxi gorabehera, hau da, Gambiarekin egiten duen mugatik hurbil.

Foto1 DeltaSaloum copia

Saloumeko Deltako Parke Nazionaleko mangladiak

Missira batez ere arrantzaz bizi den herrixka bat da. Bertan kai txiki bat daukate, zeinetatik ontziak arrantza egitera eta Deltatik sakabanatutako herrixketara doazen bidaiariak garraiatzera irteten diren. Herrixka hau erakargarri egiten duena Parke Nazionala bisitatzeko leku oso aproposa izatea da. Gainera, herria ezaguna da ere euren milurteko Ceibari esker, Senegaleko zuhaitzik handienetarikoa.

Foto2 Ceiba copia

Missirako milurteko Ceiba

Missirako nasarantz goizean goiz abiatu gara, nire helburu nagusia ahalik eta kilometro gehien egitea baita arrano arrantzale desberdinen argazkiak lortzeko. Modu honetan, Urdaibai Biosfera Erreserban Arrano arrantzalearen berreskurapen proiektu barruan askatu izan diren 30 bat arranoetatik baten bat lokalizatu ahal izateko esperantza daukat. Marea igotzen ari da eta kanalen artean sartzen hasi gara.

Foto3 baobas copia

Baobabak mangladiko ertzean

Mangladia benetan deigarria da eta 10 m-tik gorako zuhaitzez osatutako guneak ditu. Honekin batera, Baobab bakanak antzeman daitezke paisaiatik gailentzen. Bertan espezie desberdinak ikusten ditugu maiztasun handiz: ubarroien bi espezie (Phalacrocorax africanus eta P. carbo), lertxuntxo handiak (Casmerodius albus), goliat lertxunak (Ardea goliath), atalarrak (Burhinus senegalensis), txenada espezie desberdinak (Sterna maxima, S. caspia...), bertoko martin arrantzale espezie bat (Ceryle rudis), hainbat kurlinta bekaindun (Numenius phaeopus) eta txirri grisak (Pluvialis squatarola)...

Foto4 Charranes copia

Sterna maximus txenada, txenada mokogorri baten (Sterna caspia) eta txenada hankabeltz baten (Sterna sandvicensis) alboan.


Angolako sai bat (Gypohierax angolensis) ere bi momentutan gure gainetik hegaz pasa da.

Foto5 BuitrePalmero copia

Angolako saia.

35km egin ditugu, zeintzuetan 35 arrano arrantzale zenbatu ditudan gutxienez, espero nituenak baino gutxiago, lekuari buruz aurretiaz irakurri nuenean oinarrituta. Gainera, oso mesfidati erakusten dute euren burua, ziurrenik Parkean ez direlako gizakiekin ia elkarbizi. Mangladietatik irteten diren edota areazko bankuetan nabarmentzen diren zuhaitz lehorretan bazkatu eta atseden hartzen dute. 400 mm-ko objektiboarekin ale batzuei argazkiak ateratzea lortu dut, zeinak ondoren arrano hauek identifikatzeko erabilgarria izango zaizkidan, beti ere, eraztunduta baldin badaude.

Foto6 Pandion copia

Arrano arrantzale bat mangladiaren gainetik hegaz

Missirara bueltan, Balearetako "Dentistas sobre Ruedas" ONGko boluntario talde batekin topatu naiz, zenbait urtetatik hona bertan lanean dabiltza osasun eskasiarekin dauzkaten arazoak  konpontzen saiatzeko. Eurak dauden kanpamentuan gelditzera gonbidatzen naute diru apur baten truke, beraz gaua eurekin igaro dut, afaria eta solasaldia elkarbanatuz.

Foto7 MuelleMissira2 copia

Arrantzaleak Missirako kaian sareak prestatzen.

2015eko azaroaren 15a

Missirako kanpamentuan gosari arina, Saloumeko Deltako Parke Nazionaleko itsasertzean. Gaurko helburua Mandela dagoen gunera heltzea da, hura ikusi eta argazkiren bat atera ahal izateko eta, posible izango balitz, bere gorabeherak erakutsiko dituen bideo bat grabatzeko aukera izateko.

Diapositiva3

Missirako mezkita.

Gambiarekin egiten duen mugara 8:00etan heldu naiz. Muga-postua herrixka baten erdian dago kokatuta. Alde honetara Karang eta bestera Amdallaii daude. Errepideak bi herrixka hauen kale bakarra jarraitzen du, indikazio seinaleekin topatu arte.

Bertan, mugan dagoen zalaparta eta kaosa dela eta zaila da ulertzea prozeduraren funtsa. Aduanako tipoari 1.500 XOF (2,5 €) ordaintzen dizkiot. Ondoren, poliziak nire datu pertsonalak hartzen ditu eta Gambian sartzeko aseguru-poliza berezia eduki behar dudala esaten didate. Beste morroi batek motozikleta batean eramaten nau denda kutre batetara, non aurretik aipatutako asegurua igortzen didaten 12.000 XOF-en truke (20€). Poliziarengana abiatzen naiz berriz ere, eta 1.000 XOF ordaindu eta gero tramitea betetzen didate.

Gambiako gunera pasatzen naiz eta gela ilun batera naramate, korredore baten amaieran dagoena, zigor-gelen alboan hain zuzen ere. Euren kuadernotxoetan apuntatzen naute eta baiezkoa ematen didate. Bertatik irteten naiz inork jaramonik egiten ez didalarik, mugan badirudienez ohikoa baita inork ez ikustea nor sartu eta irteten den. Kale batetik aurrera jarraitzea bezalakoa da. Hala ere, bi kilometro eta gero polizia kontrol bat dago eta emakume polizia batek pasaportean dagokion zigilua falta zaidala adierazten dit. Orduan konturatzen naiz, badagoela beste gelaxka bat non pasaportea eta bisa zigilatzen duten.

Mugara itzultzen naiz berriro ere eta arazoa konpontzen dut. Polizia kontrolera itzultzen naiz eta emakume poliziak dirua eskatzen dit inongo lotsarik gabe. Disimuluarekin eskua kotxe barruan sartzen du eta 20 dalasi (1 €) ematen dizkiot. Kilometro gutxira Fass herria dago. Errepide nagusia atzean uzten dut eta pista batean zehar jarraitzen dut, Kerewanera bidean dagoen errepidea hartzeko Barraraino jaistea ekiditeko. 10 kilometro ingurura asfaltoa topatzen dut berriro ere. Igandea denez gero, jende asko dago errepidean autostop egiten. Hainbat biderrez gelditu egiten naiz jendea hartzeko. Hiru polizia kontrol pasatzen ditut, baina euretako bietan dirua eskatzen didate. Hala ere, ez diet kasu handirik egiten eta pasatzen uzten didate, uste dut bertako jendea nirekin batera daramadalako. Horren ondoren, sabana tipiko batetik igarotzen naiz, kultibo eta zuhaitz dispertsoak dituenak. Baobab izugarri eta zoragarriak ikus daitezke ere. 

Foto9 Kindeh-Kunda copia

Mandinga herrixketariko bat adierazten duen kartela.

Kerewan baino pixka bat lehenago, gune zingiratsu bat eta Gambia ibaiko ibaiadar bat zeharkatzen ditut. Gambia ibaiaren ipar erriberan etnia mandinga bizi da eta zeharkatzen ditudan herrixka askok Kunda izena daukate (Jammeh Kunda, Njaba Kunda, Kinteh Kunda,...). Bertatik ez oso urrun, Juffure herrixka dago, zeinetan jatorria duen Kunda Kinteh, Alex haley-k idatzitako nobelako pertsonaia nagusiak; liburu honetan mandinga bat  Amerikara esklabo izateko zelan eramaten duten kontatzen du. "Raíces" telesail famatua nobela honetan oinarrituta dago.

PosicionesMandela1

Mandelaren kokalekuak azaroaren erdialdean Gambiako ibaiaren ipar erriberan.

Argos sateliteak eskainitako informazioan oinarrituta eta Google Earth programan geografia eta bide desberdinak aztertu eta gero, Mandela mugitu ohi den gune zingiratsura hurbiltzen saiatzen naiz. Njaba Kundatik sartzen saiatzen naiz, baina orientazioa galduta amaitzen dut Marong Kundan, ia bi ordu eta gero bertatik bueltak ematen egon izan. Arazorik handiena inork ez duela ingelesik hitz egiten da, beraz oso zaila da bertokoek laguntzarik ematea. Herrixka, pistak, ahuntzak, pertsonak  eta baobabek ere denak dirudite berdinak. 

Foto10 Pista Kunda copia

Pista baten ertzean dagoen baobaba.

Azkenean asfaltozko errepide batera itzultzea lortzen dut eta azken saiakera bat egiten dut. Minteh Kundara daraman errepidean aurrera jarraitzen dut, herrian sartzen naizelarik ibaiarantz naraman bide bat topatzeko asmoz. Herriaren amaieran gazte talde bat dago solasten eta musika entzuten. Ibaiara heldu nahi dudala azaltzen diet eta ingeles apur bat dakien batek laguntzen nau. Bere izena Mbendew Minteh da, 24 urte ditu eta mandinga da.

2 km egiten ditugu pista estu batean zehar eta arroz-soro batzuetara heltzen gara, non zuhaitz asko dagoen, gune zingiratsu baten alboan. Puntu horretan lur barra artifizial bat hasten da, ibilgailuei igarotzeko aukera ematen diena, baina Mbendew-ek aurrerago moztuta dagoela azaltzen dit, horregatik arroz-soroaren parean aparkatzen dut kotxea. Urrunetik arrano arrantzale bat hegan egiten ikusten dugu. Barra artifizial osoa zeharkatu eta gero beste arrano arrantzale bat ikusten dugu akazia baso baten ertzean jarrita. Heldu bat da eta ez dago eraztunduta. 

Foto11 Pescadora en acacias copia

Arrano arrantzale heldua akazia basoan jarrita.

Inguruaren aireko argazkiak badaramatzat ere, pixka bat galduta nago, non nagoen zehazki eta Mandela topatzeko zein bide hartu behar dudan jakin ezin dudalarik. Oso berandu denez gaurkoz ibilaldia bertan behera uztea erabakitzen dut, beraz Mbendew bere herrixkan uzten dut eta propina bat ematen diot eskaini didan laguntzaren truke. Inguruan ez dago ez dago ostaturik, beraz Banjulera abiatzea erabakitzen dut, Gambia ibaia zaharkatuz, aukera dagoen leku bakarretik: Barrako ferrya. Bidetik hainbat pertsona hartzen ditut, poliziaren eragozpenetik libratzen naizelarik. Kerewanen ekintza sozialetan boluntario gisa dabilen 17 urteko mutiko bat igotzen da kotxera, bera ere Banjulera doa. Ingelesez ondo mintzatzen da, beraz ni gidatzeko aukera eman dit. Gainera, ferryaren tramiteak egiten lagundu dit. Dauden ferryetan ez gara sartzen eta hurrengoa itxaron behar dugu ordubetez. 

Foto12 BanjulPunta copia

Banjuleko (Gambia) kostaldea.

Gauez heltzen gara Banjulera. Eskerrak jainkoari edo Alári mutilak ni ostatua bilatzen laguntzeko eskaintzen du bere burua. Banjulen kaosa da nagusi: beroa, ke asko, ibilgailuen ondorioz sortzen den poluzioa… amets gaizto itzela hura eta akats handia bertara joatea. Luxuzko hotelak dauden gunera eramaten nau, britaniar eta holandarrez beteta, batzuk neska afrikar ederrez lagunduta. Inguruan ehundaka denda, jatetxe, banku… giro zaratatsu eta itogarrian. Zeozer xume eta apalagoa nahi dudala azaltzen diot eta zenbait “guest house” ezagutzen dituela esaten dit. Dei asko egiten ditu eta zenbait establezimendu bisitatzen ditugu. Ez dago lekurik. Azkenean bere neba nagusia deitzen du eta hura ni laguntzera dator. Beste hainbat establezimendutara goaz eta gutxi gorabehera gaueko 10etan Galesko tipo batek zuzentzen duen leku bat topatzen dugu, zabaldu berria dena. Egokia den lekua da, nahiz eta oraindik obren usaina dagoen eta bero itzela egiten duen. Duda barik bertan gelditzea erabakitzen dut. Ez dut ia ezer jan gosaritik eta afari bizkor bat eskaintzen didate: arroza oilaskoarekin eta  saltsa zertxobait pikantearekin. Mutikoa eta bere anaia agurtzen ditut. Afaldu eta gero Google Earth programa kontsultatzen dut eta intereseko gunetik 1 km-ra egon naizela konturatzen naiz. Ene bada! Bihar goizean Banjuletik ihes egitea erabakitzen dut Mandela topatzeko azken ahalegina egiteko. 

Foto13 Barra copia

Gambia ibaia zeharkatzen duen Barra-Banjul ferryaren iparraldeko kaia.

2015eko azaroaren 16a

Hoteletik 8:00ak inguru irteten naiz ferrya goiz hartzeko asmoarekin, asko tardatzen baita. Bidetik autostop egiten dabilen eta burua estalita daraman emakume musulman bat hartzen dut, baita gizon bat ere beranduago. Biak dira jende atsegina. Gainera, ingelesez problema gabe hitz egiten dute, eskertzekoa dena, kartel bako kaleetan zehar gidatzen baitnaute. Gizonak, gainera, ferryrako tramiteak egiten laguntzen dit. Deigarria da, ez bakarrik jendeak ez duela ilara errespetatzen, baizik eta atenditua zaren bitartean burua leihatilatik sartzen dutela. Azkenean, ontziratze gunera pasatzen naiz kotxearekin batera, non ferry batek jendea eta kotxeak deskargatzea itxaron behar den.

Orduantxe, tipo bat hurbiltzen da niregana bere burua drogen kontrako polizia gisa identifikatuz karnet baten bidez. Ekipajea gelaxka ziztrin, zikin eta ilun batera eramatea agintzen dit bertan berrikusteko. Nire medikamentu pertsonaletan arreta berezia jartzen du, hauek beti eramaten ditudalarik edozein larrialdi pasatzen bada ere. Momentu horretan, errezeta behar duen medikamentu bat topatzen du, zeina Gambian debekatuta dagoen errezeta gabe eramatea. Kexatzen naiz, baina ez du ezertarako balio. Arazoak ez du itxura onik, beraz, konponbide gisa dirua eskaintzen diot eta duda barik onartzen du. Ez dit kopuru finkorik eskatzen, beraz, 500 dalasi ateratzen ditut eta eginda dago. Nire ibilgailura itzultzen naiz humore txarrean. Bidean zehar, hainbat bidaiari Dakarrera eramanarazi egiten saiatzen dizkidate. Proatik izurde handien bando bat gurutzatzen zaigu. 

Foto14 Delfines copia

Izurde handiak (Tursiops truncatus) Gambiako ibaiaren ibai-ahoan.

Barran, ferrytik irten bezain pronto, polizia eta militar kontrol bikoitzarekin topo egiten dut. Nahaste baten ondorioz, metro batzuk pasa dut lehenengo seinalea, baina txilibitua entzun bezain laster gelditu egin naiz. Paperak eskatzen dizkidate eta, dena gertu dudala ikusi dutenean, kontrola saltatzeagatik multa bat ordaintzeko agindu didate. Emakume polizia batek txosna moduko batera narama eta 3.000 dalasi (60€) eskatzen dizkit. Gezurra esaten diot diru nahikorik ez dudala eta bakarrik 600 dalasi (12€) ordaindu ditzakedala esanez. Baina nire iruzurra ez da ondo ateratzen momentu horretan berak opari bat eskatzen didalako eta nik 60€ baino garestiagoa den erabilera anitzeko erreminta bat ematen diodalako.

Hurrengo kontrolean, militarrek ere dirua eskatzen didate, baina polizia diru gabe utzi didala esaten diet eta pasatzen uzten didate. Mandela dagoen lekurantz noa, beti ere autostop egiten dabiltzan emakumeak umeekin eta jende nagusia hartzen ditudalarik. Uste dut poliziak ez duela berdin jokatzen bertako jendearekin bazoaz. Hobeto “lanean” aritu testigu barik. 80 kmtan lau kontrol topatzen ditut. Azkeneko kontrolean izan ezik, zeinean Barsa, Madrid eta Athletic-i bururz aritu garen eta poliziak ondo egon diren, besteetan paper denak eskatu dizkidate, su-itzalgailurik daramadan begiratu…edozein akats txikiren bila beti. Baina azkenean ez dute ezer topatu eta dirua eskatzen didate. Ez dut dalasi bat bera ere ordaintzen. Kontroletako batean dozena erdi polizia egon dira, euretariko batek Kalashnikov bat zeramala. Leku egokian ez naizela gelditu adierazi didate, erdoildutako hesia jarrita egon baita kontrolaren aurretik. Orduan, ez dudala zergatik gelditu behar izan kontrolak ez duelako inongo seinalizaziorik eduki esan diot eta, beraz, infrakziorik ez dudala bete. Beraien argudioei tinko eutsi dietenez, nire herrian polizia naizela (gezur txiki bat da, azken finean basozaina naiz) esan diet eta bertan agenteak herriaren zerbitzura daudela eta ez dirua ateratzeko ere bai. Kalshnikov-a ez dutenez laztandu, bertatik joan naitekeela interpretatu dut, beti ere humore txarrez eta pentsatzen zer demontre nabilen ni bertan!!

Minteh Kundara 13:30ak inguru heldu naiz. Nahiko bero dago. Mbendew berriro ere topatu dut leku berdinean eta igarri zaio pozik dagoela diru apur bat irabaztearren. Arroz- soroetara jaitsi gara eta berarekin atun bokata bat eta ura elkarbanatu ditut. Atzoko leku beretik gurutzatu dugu, ibaitik  2 m-ra altxatuta dagoen eta 2 km-ko luzera duen barra artifizial horretatik. Ematen du errepide bat eraikitzeko alferrikako saiakera  dela. Urrunean pelikano talde bat beha daiteke. Hurbilago, arroz-soroetan ardeida espezie desberdinak ikusi daitezke (Lertxuntxo handia eta Egretta sacra) leku oro dauden hegabera ezproidunekin batera (Vanellus spinosus). 

Diapositiva2

Lertxuntxo handia (Egretta garzatta) eta lertxuntxo karramarrozalea  (Ardeola ralloides).

Oso urrunean arrano arrantzale bat hegan egiten dabil. Guregana arrantzale zahar bat heldu da, Mbendew-ekin mandingaz hitzegiteko gelditu dena. Arratsaldean arrano arrantzale asko ikusi daitezkeela esaten du. Hitzen bat esaten dit gazteleraz, dirudienez arrantza-ontzi espainiarren batetan lan egingo zuen. Mandela dagoen inguruan gaude, baina arrano arrantzale bakanen bat bakarrik ikusi daiteke urrunean hegaz. Mangle nahiko dago, basatza lehor eta hezeaz osaturiko guneak eta akaziazko arboladiak ere bai. Mbendewek esaten dit bertara bizitzen etorri zeneko sasoietan, akaziazko zuhaiztietan arroz landaketak zeudela. Honek esan nahi du, Gambia ibaiaren ur maila azkeneko urteetan jaitsi egin dela, mutikoa oraindik gaztea baita. Arrano arrantzaleari zelan deitzen dioten esaten dit, Zoelium edo horrelako zerbait. Eskerrik asko Abaraka esaten da, Zelan? Sumoenle? Eta Corchonante-k ondo esan gura du. Oso ingeles gutxi hitz egiten du eta ia ez daki hura idazten. Ez da gai ezta bere hizkuntzan idazteko, mandinga. Basatze lehorrean zehar aurrera egiten dugu. Aurten euri gehiago egin duenez ur maila altuago da, esaten Mbendewek. 

Foto16 PescadorMandinga copia

Bertoko arrantzalea Mandelak negua igaroko duen gunean.

Hurrengo barra artifizialera ailegatzen gara, aurrekoaren antzekoa dena, baina, kasu honetan, bakarrik 300 bat m-koa dena. Bertan eskuko sarea botatzen dabilen arrantzale bat dago. Tilapia txikiak arrantzatzen dabil. Mbendewek berarekin hitz egiten du guk zapatak ur ertzean uzten ditugu bitartean, gune lokaztu batean sartzeko asmoa baitaukagu. Bertatik oinez, basatza belaunetik gora heldu arte hondoratzen ginen. Ondoren, gogortutako lokatzezko bidetxo batetik ibili ginen, mangladiaren eta akazien basoaren artean dagoena. Mandela aurkitzeko esperantza gutxi dugu. Zorua oso bero dago, beraz, bizkor ibili behar gara oinak ez erretzeko. Akazia basoak eskaintzen duen itzaletik doan bidea ere ekidin behar dugu, hurak hazten diren lurzoruan eztenaz beterik baitago eta oinetan sartzen zaizkigu, min handia eginez. 

Foto17 Paisaje copia

Mandela arrantzan ibiltzen den kanaletako mangladien ertza.

Mbendewek, bihurgune batean arrano arrantzale bat dagoela adierazten dit. Oso hurbil dago, 100 m-tik behera. Prismatikoen bidez arin begiratzen dut eta transmisorearen antena argi eta garbi bereizten dut. Eureka! Lokaztutako lur guztia zeharkatzeko kamara gorde dudanez, beharrezko segundo batzuk galdu ditut argazkiak ateratzeko. Minutu bat baino arinago, Mandela hegan ihes irteten da eta galdu egiten dugu. Oso pozik ikusi izanagatik, baina haserre bizkorrago aritu ezinagatik. Aurrera jarraitzen dugu bera ikusteko esperantzaz. 300 m ibili eta gero, Mandelak gu ikusten gaitu eta berriro ere irteten da. Argazki segida bat ateratzea lortzen dut urruntzen den bitartean. Bisorea begiratzen dut eta Mandela dela baieztatu dezaket, urrunak badira ere, argazkietan bai transmisorea eta bai eraztun horia ikusi daitezkeelako. 

Foto18 px 1copia

Mandela bere atzaparretan tilapia bat duelarik urruntzen da. Eraztun horia, transmisorea eta antena bereiz daitezke.

Gure pausuen gainetik atzera egiten dugu eta, nahiz eta urrunetik, berriro ere ikusten dugu. Arrantzatzera jaurtitzen du bere burua gutxienez 4 aldiz. Jaurtiketak ikusten ditugu eta uraren aurkako kolpea entzuten dugu, baina mangladiaren lerroak ez digu uzten sekuentzia osoa ikusten. Azkenik, mangladiaren atzean desagertzen da. 

Foto19 px 5 copia

Mandela bere burua goitik jaurtitzen arrantzatzeko.

Zoritxarrez, ezin naiz luzaro betan gelditu, ostaturik hurbilenak Banjulen baitaude (Gambia ibaia berriro gurutzatu beharra dago) edo Senegalen. Kotxera heltzeko ordubete baino gehiagoko bidea daukat eta ondoren mugaraino beste ordu eta erdi gehiago, gauez gidatzea arriskutsu suertatu daitekeelarik. Mandela Senegalen egongo  bazen, beste saiakera bat eramango nuke aurrera, baina momentu horretan Gambiatik bakarrik irten nahi nuen. Nire gida mandinga agurtu eta ordaindu eta gero, mugarantz abiatzen naiz, baina lehenago lau kontrolak gurutzatu behar ditut berriz ere. Txundigarria bada ere, atsegin azaltzen dira eta ez didate presiorik egiten. Gauza bat gutxiago. Agur “zerbitzari publikoak”! Mugara iluntzean heltzen naiz. Gambiako aldean ez dut inongo arazorik. Kotxerantz noanean norbaitek dei egiten dit. Bandera biltzearen zeremonia da! Bost polizia,  bakoitza uniforme desberdinarekin formazioan doaz, banderaren aurrean gelditzen dira ondoren hura kontuz tolesteko eta, azkenik, bulegora bueltatzeko. Inguruan dagoen jende dena tente dago zeremonia bukatu arte. Senegaleko partean, Gambiako zigilua ez dela ondo ikusten esaten didate. Hasi dira. Hori nire arazoa ez dela erantzuten diet, norbaitena izatekotan Gambiako poliziarena dela. Kostata, baina pasatzen uzten dit. Elkarrizketa osoa argirik gabeko gela batean burutzen da, korridore ilun baten amaieran dagoena, alboetan zigor-gelak dituenak. Eskerrak oraindik ez dela guztiz gaua. Immigrazio “bulegora” pasatzen naiz beste korridore baten zehar. Zorionez lanpetuta daude eta pasaportean zigilatzen didate arazo barik. Toubacotararte gidatzen dut eta bertan Keur Saloum hotelean erregistratzen naiz. Kirol-arrantza eta naturara bideratutako hotel gunea da, kokapen oso ona duena, Saloumen ertzean hain zuzen ere. Ez daukat bertako txanponik, baina txartela onartzen dute. Garagardo freskoa eta benetako afaria. Bihar merezitako deskantsua. 

Diapositiva1

Saloumeko Deltako mangladietan zelatan arrano arrantzalea. 

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information