Behaketa polit bezain interesgarriak

Astelehena, 2013(e)ko urria(r)en 07-(e)an 07:50etan

Atzo, iragarri genuen bezala, hegaztien nazioarteko eguna ospatu genuen.  Zale asko hurbildu zen eta baita gure inguruan gertatzen diren gertakari ikusgarrienetako batez gozatu ere: hegaztien migrazioa.

Hegazti migratzaileak ikusteko egun bereziki aproposa izan zen. Ur-hegaztien barietate handia ikusi ahal izan genuen Gautegiz-Arteagako paduretan elikatzen eta atseden hartzen.

Haien artean, azpimarratu beharra daukagu arrano arrantzaleak bertaratutakoei eskaini zien paregabeko ikuskizuna, zenbaitetan distantzia laburrera ere hurbilduz.

Arrano arrantzalea

Geldirik, hegaz, arrantzan eta azkenik harrapatutakoa irensten, ikuskizunik ez zitzaigun falta. 

Arrano arrantzalea

Arrano arrantzalea

Gainera, honi guztiari gehitu behar diogu lertxun hauskaren eta ahate ezberdinen ugaritasuna, hauen artean nabarmentzekoak ipar ahateak, zertzetak eta ahate txistulariak.

Ahate txistulariak

Lertxun hauskara

Martin arrantzalea

Bestalde, beste espezie asko ere ez ziren hitzordura falta: Zingira-mirotza primeran ikusi ahal izan genuen, bai pausatuta eta baita hegaz ere. 

Zingira-mirotza

Hainbat mokozabal, haien aparteko mokoarekin eta buru mugimendu bereizgarriekin, elikatzen eman zuten goiza. 

Mokozabalak

Arraroenen artean, berriz, txenada mokogorri ahaltsua eta lertxuntxo handia. 

Txenada mokogorria.

Lertxuntxo handia

Ikuskizun natural honez gozatu ahal izan zuten bisita autogidatuak egin zituzten pertsonak eta zentroko teknikoek gidaturiko bisitetara etorritakoak.

 

 

Era berean, nabarmentzekoa da zentroko eraztuntzaieek egindako eraztunketa zientifikoaren erakustaldia. Bertan, eraztunketa zientifikoaren inguruko kontuak azaldu zizkieten gure bisitariei.

Hainbat hegazti txiki eraztundun zituzten bertaratutakoentzat, zeinen artean azpimarratzekoa den benarriz arrunta, migrazio transahariar handia egiten duen hegazti intsektujale txikia.

Benarriz arrunta

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information