"Urretxindorra" arrano arrantzalea (N2)

 Biografia

 “Urretxindorra”  arrano arrantzalea Nairn izeneko herri batean jaio zen, Eskoziako  ipar kostaldean. Arra da, tamaina ertainekoa bere hiru anai arreben artean.  Guk bera identifikatu ahal izateko PVC-z egindako eraztun bat dauka N2 kodearekin.

* Bere izena Muxikako Urretxindorra eskolaren omenez jarri zaio, Urretxindorrako ikasleek urteak daramatzatelako parte hartzen Urdaibai Bird Centerrekin “Hegazti Eskola” proiektuan. Honen bidez, euren inguruko hegaztiak ezagutu eta beste curriculum gaietan sakondu ahal izan dute hegaztien munduak motibatuta. Urte honetan zehar, Osprey migration linking communities proiektuarekin batera, arrano arrantzaleei buruzko gaiak jorratu eta Eskozia eta Gambiako beste ikasle batzuekin esperientziak elkarbanatu dituzte.

Jarraian hegazti honen azkenengo mugimenduak ikus daitezke.



URRIAK 30-ABENDUAK 10: SATELITEA IGORPEN ARAZOAK EMATEN HASI DA.

Sateliteak emandako azken puntuen arabera Urretxindorra Niger ibaiaren erriberan zegoen, baina transmisoreak azaroaren hasieran jada ez zuen seinalerik igortzen. Sateliteak seinalerik ez igortzearen arrazoia GPS transmisorea hondatu izana izan daiteke edo bestela arranoa norbaitek harrapatu izan edo azken aukera arranoa istripu baten ondorioz hil izana da. Aipatu beharra dago satelitea eguzkiaren energiaren bidez kargatzen dela eta balitekeela kargatu ezin daitekeen lekuren baten egotea eta horregatik seinalerik ez igortzea.

Niger ibaiaren ibaiertza Egilea: Robin Taylor

Albiste honek ez gaitu ustekabean harrapatu izan ere Niger ibaiaren barnealdeko delta oso arriskutsua da arrano arrantzaleentzako. Jakina da azken hamarkadetan delta honen barnealdean arrano arrantzale negutarren kopurua jaitsi egin dela, baina eraztunduta dauden arranoen berreskurapen kopurua igoa egin dela. Guzti hau ehizak eta arrantzarako gailuek espeziarengan egindako presioaren ondorio da.

Azken egunetako kokapen puntuak Segú eta Markala herri inguruetan (Mali)

Arrano arrantzale helduen biziraupen tasa % 90ekoa da, horrek nahiko altua dela adierazten du. Horrek esan nahi du helduen artetik hamarretik batek migrazio bidaia luzea gainditzen duela, hau da, lehenengo eta behin afrika aldera joanez negua igarotzera eta gero berriz ere Europara bueltatu ugalketarako. Bestalde gazteen biziraupen tasa oso baxua da: balioztatzen da erdia baino gutxiago ailegatzen dela urtebete betetzera eta % 15 soilik helduko dela heldu izan eta ugaltzera. Horrek esan nahi du Urdaibain askatutako hamar arranotatik bat edo bi soilik ailegatuko direla heldutasunera. Horregatik errekuperazio programa honek bost urteko epean Eskoziatik Urdaibaira 60 ale translokatzea aurreikusten du.

Urretxindorrak egindako bidai luzea

Nahiz eta jakin arrano gutxi batzuk heltzen direla heldutasunera, errekuperazio proiektuan parte hartzen dugun pertsona bakoitzarentzat arrano batzuen inguruko berririk ez egotea berri tristea da.

Azkenik esanUrretxindorrak seinalea berriz emititzea edo Urdaibaira itzultzen denean bere eraztun horia irakurtzea espero dugula eta horrela orain arte esandakoa errakuntza bat izan dela esan behar izatea.



URRIAK  17 - 30 - MARKALAKO URTEGIRANTZ

Dirudienez gure arrantzale gaztea gustura sentitzen da ingurune honetan, egiten dituen hegaldiak gero eta urriagoak baitira. Aipagarria da urriaren 30ean egindako mugimendua, zeinetan Markala izeneko hirira hurbildu zen Niger ibaiko ipar ertzetik. Aurretik aipatutako hiri hau bere urtegiagatik ezaguna da.

Kolono frantsesek 1935ean urtegi ospetsu eta ikusgarri hau eraikitzea agindu zuten Markalatik iparraldera dauden lurrak urte osoan zehar hornitzeko. Frantsesen ideia ur hori kotoiaren ustiaketarako  bideratzea zen, baina gaur egun Malin produzitzen den arrozaren %40a inguru honetan hazten da.

Urretxindorra gero eta gutxiago mugitzen den arren, toki hau bere negu-pasarako ingurua dela baieztatzeko goiz da. Sateliteak puntu berriak bidali arte itxaron beharko dugu.

Urtegiaren goitiko bista eta arroz landaketak ezkerrean.

Nekazariak inguruko arroz-soroetan. 



URRIAK 16 - NIGER IBAIRA BUELTAN

Gaur Urretxindorra bere "kanpamendua" kokatu duen lekura bueltatzen da. Horretarako, lehenengo iparraldera bideratzen da Bani ibaia gurutzatuz eta gero, ipar mendebalderantz hegaz egiten du zenbait herrietatik pasatuz, adibidez:  Wélindiguila, Bounga, Kala, Toua, Bousse eta Bobola.

Goizeko 12:00etan Niger ibaiaren ipar ertzera ailegatzen da eta Bouka-ko hegoaldean dagoen zuhaizti batean atseden hartzen du.

Bi egunetako txango honetan, Bani ibaiak eta bere ibaiadarrek bustitzen dituen zona berri bat esploratzeaz gain, gure lagun gazteak kiribil berri bat osatu du bere ibilbidearekin.

 



URRIAK 15 –BANI IBAIA AURKITZEN

Urretxindorra zuhaitz batean atseden hartzen hasten da gaurko eguna. Goizeko 7:00retan ibaira hurbiltzen da  eta 9:00etan lurrera bueltatzen da, seguruenik adar batean gosaltzera.

Indarberriturik, Gounandoko hegoaldean dauden paduretara doa eta handik hego ekialdera zuzentzen da Niger ibaia zeharkatuz eta Kougou herriko ekialdetik pasatuz. Hego ekialdera joaten jarraitzen du eguerdiko 14:00etan, 1230m-ko altueran hegaz egiten ari den bitartean, Niger ibaiaren ibaiadar garrantzitsuenetarikoa den Bani ibaiarekin topo egiten duen arte. Bere bidean hainbat herrietatik gertu igaro da: Djigo, Dialabougou, Faléma, Windia, Zinzana  eta Nouda. Gainera, Faira Baso Erreserbako lurren gainetik egin du hegaz.

Bani ibaia, Mali. Egilea: Ferdinand Reus.

Urretxindorra ez da gelditzen eta denbora tarte batez ibaiaren ibilgua jarraitzen du, Bani ibaiaren hegoaldeko ertzeko lurretan sartzen den arte. Sébétien izeneko herria hegoaldetik pasatu ostean, norabidea aldatzen du eta ipar ekialderantz hegaz egiten du ibaitik hurbil. Azkenean, arrastiko 18:00retan, Nouoro eta Fani herrien artean eta ibaitik gertu dauden partzela batzuetako zuhaitz batean pausatzen da, gaua bertan igarotzen duelarik.

 



URRIAK 13 – TXANGO TXIKI BAT

Gaur Urretxindorra abenturazale sentitzen da eta ibaian arrantza egin eta zuhaitz baten pausatuta zegoela gosaldu ostean, iparraldera txango txiki bat egitea erabaki du.

Lehenik Niger ibaiaren beste ertzera gurutzatzen du eta da ipar ekialdera abiatzen da Tongou izeneko herri gainetik igarotzen delarik. Ibaiaren ubidearekin berriro topo egiten duenean ipar mendebalderantz biratzen da eta Niger ibaiaren hainbat ibaiadarren gainetik egiten du hegaz. Bougoula herriko ekialdetik pasatzen da eta Konbala herriko labore lur handi batzuetara ailegatzen denean, hegoaldera bueltatzea erabakitzen du Kolobele, Golababougou, Diaakoro, Sagala eta Damadou herrietatik pasatuz.

15:00etan Niger ibaiaren ibilgura heltzen da, eta seguru aski zer edo zer arrantzatu ostean, Souba hiri alboko zuhaizti batera bueltatzen da eta bertan gelditzen da egun osorako. Gaurko egunean egindako ibilbideari esker Markala hiria erdi-erdian uzten duen kiribil polit bat ikus dezakegu bere jarraipenean.

Markalako zubia Niger ibaia zeharkatzen, Mali. Egilea: R. Gaudin.

 

Hurrengo eguna, urriaren 14a, atseden eguna da eta bere lurraldea arakatzen igarotzen du, batez ere, Gounando eta Bouka arteko ibaiaren ertza.

 

 

 

 

 



URRIAK 8 - URRIAK 12 – LUR INPERIALETAN FINKATZEN

 

Urretxindorrak Segou erregioko zona berean jarraitzen du. Erregio hau XVII. mendean Bamana edo Bambara Inperioaren kokalekua izan zen Toucouler Inperioak konkistatu zuen arte eta gero kolonia frantsesa izan zen.

Bere mugimenduengatik Niger ibaiaren iparraldeko ertza nahiago duela esan dezakegu, egunak joan ahala hau alda daitekeen arren; izan ere, ibaiaren beste aldera sartu-irten batzuk egin dituela ikusi dugu.

Normalean Gounando eta Bouka herrien artean mugitzen da, baina beste ertzera pasatu zenean Kougo herriko ekialdetik pasa zen ere. Datu hauengatik, eta beti jendea bizi den lekuetatik pasatu delako, esan dezakegu Urretxindorrak ez daukala arazorik gizakiaren presentziarekin. Berri ona izan daiteke hau, Urdaibaira bueltatzekotan, giza jarduerak ez lukeelako eragin negatiborik izango bere eguneroko bizitzan.

 



URRIAK 1-7 –NIGER IBAIKO MEANDROETAN

Urretxindorrak urriaren 1etik 7ra egindako mugimenduak zehaztazunez.

 

Urretxindorraurriak 1eta 7 egunen bitartean Souba eta Gounando herrien artean ibili da, Niger ibaiko batzuetatik gertu. Egun hauetan ez du distantzia luzerik egin eta badirudi Maliko hegoaldeko eskualde subtropikal honetan bere paradisu pertsonala aurkitu duela, zona berean hainbat egun igaro ditu eta. Urriaren 5ean bakarrik ikus dezakegu bere jarrera aldatu duela, 14km egin baitzituen egunean zehar ipar ekialderantz eta gauean aurreko egunak pasatu zituen lekura bueltatu baitzen.

Hurrengo egunean inguru berdinera itzultzen da, eguneko gainontzeko orduak eta urriaren 7a bertan igarotzen dituelarik.Beraz, esan dezakegu gure arranoa inguruaren azterketa egiten ari zela. Aurreko lekuan bezala, badirudi Urretxindorrak gustuko duela paraje hau. Izan ere, egunean zehar ibaira arrainak harrapatzera hurbiltzen dela eta  gauean inguruan dagoen sabanako zuhaitzetan lo egiten duela hauteman dezakegu.

Niger ibaia Segoú-n, Mali. Egilea: Robin Taylor.

Azpimarratzekoa da, Niger ibaiak lurralde zabal hauek zeharkatzen dituela bizitza handia emanez, eta horregatik gure lagunak inolako trabarik gabe egin dezake arrantzatzearen arte ederra. Izan ere, Niger ibaia Afrika Mendebaldeko ibairik garrantzitsuena da. Ginea Conakry-n jaiotzen da, gero Mali, Niger, Benin eta Nigeria zeharkatzen ditu eta Gineako Golkoan Niger-eko delta handia sortzen du. 4.184km-ko luzera dauka Afrikako hirugarren ibairik luzeena delarik, Nilo eta Kongo ibaiek gainditzen dutelarik; eta 2.262.000 km²-ko arroa drainatzen du, Afrikako laugarren arrorik handiena.

Aipatzekoa da lurralde zabal hauetan Tuareg-ak edo Imuhagh-ak bizi direla, Saharako basamortuko  herri bereber (edo amazigh) nomada bat, eta Maliz aparte, Argelia, Libia, Niger eta Burkina Fasotik ibiltzen direnak.

 



IRAILAK 30 – NIGER IBAIAREN GAINEAN HEGAZ EGITEN

 

 

Gaurko bidaia 7:00retan hasten da, egun osoan zehar Niger ibaia jarraitzen du Segú hiritik gertu heldu arte, non gaua pasatzen duen. Helmugara heldu arte zenbait herriren gainetik hegaz egiten du, adibidez, Keffabougou, Dinan, Kassa, Kanika, Diango, Balaban, Fani, Kolimana, Gangué eta Farako. Herri hauek guztiak ibaiaren ertzetan kokatzen dira; izan ere, ur asko dakarren ibaia beti izango da bizi-iturria eta horregatik bertan finkatzen dira herriak.

 

Niger ibaia Segú hiritik pasatzen, Mali. Autor: Arensond.

 



 

IRAILAK 29 – NIGER IBAIAREN ARROA JARRAITUZ

 

 

Gaurko etapa goizeko 8:00retan hasten da, Urretxindorrak Niger ibaia jarraitzen du iparrerantz 10:00ak arte,  Nyagadina izeneko herriaren mendebaldetik igarotzen delarik. 10:00etatik 13:00ak arte bere ezkerrean uzten du Niger ibaia eta paraleloki hegaz egiten du eguerdiko 14:00etan Niger ibaiaren ibilguarekin berriz topo egin arte.

14:00etatik 18:00rak arte ibaia jarraitzen du Sendo izeneko herriko inguruneetara heldu arte. Gaua han pasako du. Egunean zehar herri ugari pasatu ditu, hala nola, Makono, Kartabougou, Kola, Dialakoroba, Koulikoro, Darani eta Bafinkabougou.

 

 

Niger ibaia Koulikoro herrian, Mali. Egilea: Guaka.

 



IRAILAK 28 – IBAITIK IBAIRA

 

 

 

Goizeko 8:00retan bere bidea jarraitzen du hego ekialderanzko norabidearekin eta atzean uzten ditu Senegal ibaia eta gertu dauden Kouroufing eta Bafing Parke Naturalak Niger ibaian barneratzeko. Gineako mugatik hurbil pasatzen da eta Keniebaoule Erreserban sartzen da apur bat.

Arratsaldeko 17:00etan Niger ibaira heltzen da eta gaua ibaiaren hego ertzean kokatuta dagoen Gueleba izeneko herritik hurbil  dagoen zuhaizti batean igarotzen du.

 

Bamako, Mali. Egilea: Arensond.

 


 

IRAILAK 27 – MANANTALI LAKUA

 

 

Egun berri honekin Urretxindorrak bere bidaia jarraitzen du eta hego ekialderantz hegaz egiten du 12:00etan 477km2–ko azalera duen Manantali lakura heldu arte. Gure arranoarentzat leku paregabea da elikatzeko eta atseden hartzeko, baina benetan, gizakiak eraikitako urtegi itzelaren emaitza da.

 

Manantali urtegia, Mali. Egilea: USDA, PECAD/FAS.

Puntu horretan ibaiak Bafing izena hartzen du; izan ere, Senegal ibaia Bafoulabé herrian sortzen da Bafing eta Bakoye ibaien batzearen ondorioz.

Eguerditik aurrera, hegoalderantzago mugitzen da eta arratsalde osoa Manantali urtegiko ertzak aztertzen igarotzen du. Ingurua gustatu zaionez gaua han pasatzen du.



IRAILAK 26 – SENEGAL IBAIA JARRAITZEN

 

 

Urretxindorrak gaurko etapa goizeko 7:00etan hasten du. Ibaiaren bideari jarraitu beharrean, goizean zehar paraleloki egin du aurrera. 11:00etan Diamou herritik gertu pasatzen da eta 12:00etan Senegal ibaiarekin egiten du topo eta beste ertzera gurutzatzen du. Ibaiaren alde horretatik jarraitzen du bere bidea eta eguerdiko 15:00rak aldera Bafoulabé eta Mahina udalerriak kokatuta dauden meandroaren gainetik hegaz egiten du.

 

Felou ur-jauziak Senegal ibaian, Kayes eta Bafoulabé artean, Mali. Egilea: Jacques Taberlet.

Hego ekialderantz hegaz egiten du eta arratsaldeko 19:00etan ibaitik gertu dagoen zuhaitz batean pausatzen da, bertan gaua pasatzen duelarik. Bere ibilbidean zehar hainbat herrixkatik pasatzen da, Lougui eta Diguila herrixkak bezala, adibidez. Oraindik leku erdiaridoan dagoen arren, herriak inguratzen dituzten lursailak hauteman daitezke, bertan lurra aberatsagoa den seinale.



IRAILAK 25 – MALIRA GURUTZATZEN

 

Goizeko 7:00ak dira eta Urretxindorra Maliko mugara bideratzen da. Zuzen joan beharrean, itzulinguru txiki bat egiten du eta 14km hegaz egin ondoren, goizeko 10:00ak inguruan gurutzatzen du muga. Handik hego ekialderantz doa, baina lehenago atsedenaldi bat egiten du. Momentu horretatik aurrera geroz eta gorago egiten du hegaz 17:00ak arte, ordu horretan hasten baita jaisten Senegal ibaiko inguruetara heltzen delako.

 

Senegal ibaia kayes-en, Mali. Egilea: Olivier Epron

 

Urteko sasoi honetan Senegal ibaia ur askorekin jaisten da denboraldi honetako - uztailetik abendura arteko-   berezkoak diren euriteen ondorioz. Hori dela eta, agian gure laguntxoak ontziak topako zituen Kayes herriraino igotzen; izan ere, emari honi esker  ibaia puntu horretara arte nabigagaria da. Ibai tarte horretan,  Kayes eta Bangassi –tik gertu dauden Kossoumalé eta Dar Salam herrien artean, Urretxindorrak geldiunea egin du gaua igarotzeko sabanako zuhaitz batetan. 

 


IRAILAK 24 – MALITIK HURBIL

UrretxindorraMalira hurbiltzen ari da, gaur Sahara basamortuko lur gogorrak atzean utziko ditu.

Goizeko 8:00retan abian jartzen da eta hego mendebalderantz zuzentzen da. Hegada bakoitzeko, gehiago urruntzen da basamortu idorretik eta landaretza gehiago aurkitzen du. Giza asentamendu gehiago ikusten ditu ere; izan ere, Kifa, Tinteïna, El Moudéré, Raïchakh, Koro eta  Ndoumelli herrien gainetik egiten du hegaz.

Kiffa eta Aleg artean kokatutako oasia, Mauritania. Egilea: Toksave.

Arratsaldeko 17:00ak dira eta 275km nekatu gabe hegaz egin ostean, gure arranoa Guéléoil eta Louboéré herrien artean dagoen zuhaitz batean pausatu da. Azkenik, leku horretan, Maliko mugatik 10km-tara, Urretxindorrak lasai-lasai ahal du atseden hartu bere bidaiaren parterik txarrena pasatu du eta. Atzean geratu dira Mediterraneo itsasoko igarabide arriskutsua eta Sahara basamortuko hareak.

 



IRAILAK 23 – ERG-ak ZEHARKATZEN

Bere helmuga geroz eta gertuago dago eta Urretxindorrak badaki hori. Baina heltzeko, erg –zona osoa zeharkatu behar du, hau da, Saharako basamortuko toki hareatsuak zeharkatu behar ditu. Basamortuko beroa kiskalgarria da eta harea-ekaitzen batekin egin dezake topo, baina ezin da denborarik galdu. Goizeko 8:00retan gaurko etapa hasten da eta hegoalderantz zuzentzen da atseden hartu barik, arratsaldeko 18:00etan gelditu den arte.

Adrar erregioko dunak, Mauritania. Egilea: Ji Elle.

Bere bidaian, El Ghallaouiya gatzagen ekialdetik pasa da, non harri landuzko erremintak eta labar-grabatuak  aurkitu diren. Hegoalderantzago karabanen bideko Oudane eta Chingueti bezalako hiri legendarioak kokatzen dira, zeinak Gizateriaren Ondare deklaratu dituzten euren harri-arkitekturagatik. Eguerdiko 14:00etan Tagant eskualdean zegoen dagoeneko eta 17:00etan Assabako eskualdean sartzeko uzten zuen atzean. Erregio horretan, Tarf Taskass muinoaren oinetan igaro du gaua Urretxindorrak.

Tagant erregioan kokaturiko Djouk igarobidea, Mauritania. Egilea: Bob Rayner.

 

 



IRAILAK 22 – MAURITANIAKO BASAMORTUAN

Ezin da denborarik galdu helmuga handira heltzeko, horregatik egin ditu gure arranoak 462km basamortu betean hegaz egiten gelditu barik. Bataz besteko 63km/h-ko abiaduraz egin du hegaz eta 2580m-ko altuerara heldu da.

 

Adrar eskualdea, Mauritania. Egilea: Emmanuel Brunner.

Hegoalderanzko bidean Tiris Zemmour-eko erregio osoa zeharkatu du eta Adrar-eko eskualdean barneratu da, non gaua pasatzea erabaki duen.

 



IRAILAK 21 – MAURITANIARANTZ

Goizeko 7:00etan Urretxindorraren lehenengo kokapena jasotzen dugu. Basamortu erdian dago, eta beroak kiskali baino lehen, Tinduf-era bideratzen da. Goiz osoan ez du hegaz egiteari uzten eta beharbada korronte termikoei esker, geroz eta altuago egiten du zonako orografia gaindituz.

Arratsaldeko 15:00etarako 1630m-ko altueran dago, dagoeneko Mauritaniako muga zeharkatu du eta atzean utzi ditu errefuxiatu saharauien kanpamenduak eta Tinduf hiria. Bere hegoalderanzko bidea jarraitzen du eta mugatik 142km-tara, bere hegaldia eten egiten du 21:00etan. 360km eguzki-galgatan egin eta gero, atseden hartzeko garaia da. Izan ere, gure laguntxoak basamortu asko dauka oraindik egiteko.

Mauritaniako basamortua. Egilea: Enrique Diaz.

 



IRAILAK 20 – MAROKOTIK ALGERIARA

Atlasetan izartu da gure laguna eta hegoaldeko dunetara zuzendu da. Hego mendebalderantza doan bitartean herrixkak eta oasiak begiztatzen ditu, hala nola, Tissemoumine herrixka oasi batetan kokatuta dagoena. Geroago, Iriki Parke Naturaletik eta  Zagora hiritik gertu pasatzen da, hauek mendebaldean utzita.

Zagora, Maroko. Egilea: YoTuT.

Arratsaldeko 16:00etan, Algeriako Tindouf probintzian barneratu da 2700m-ko altueran hegaz egiten. Arratsalde guztia martxan ibili eta gero, gaueko 22:00etan basamortuko lur misteriotsuetan egin du geldiunea Oum El Assel herritik ipar mendebaldera. 

 



 

IRAILAK 19

 

Urretxindorrakhego ekialderantz joatea erabaki du gaur. Goizeko 6:00etan jaso dugu bere lehenengo lokalizazioa eta 11:00etarako Debdú herritik gertu zegoen. Zona menditsu horretara heltzean, norabidea aldatu du hego mendebalderantz eta mendien artetik hegaz egin du geroz eta altuago. Izan ere, Atlasetako mendiak zeharkatzen hasi da gure arranoa eta 2140m-ko altueraraino igo behar izan da horiek gurutzatzeko.

Ziz ibaia, Hassan Addakhil urtegia hornitzen duena, Maroko. Egilea: Jerzy Strzelecki.

Azkenean, Errachidia ondoan dagoen Hassan Addakhil-en urtegitik gertu gelditu da gaueko 22:00etan, bere azkeneko seinalearen arabera. 300km egin eta gero, bertan igaro du gaua 1720m-ko altueran.

 



IRAILAK 18 - MAROKOKO LURRETAN

 

 

Goizean goiz, gure lagunak labore lurrak atzean utzi eta hegoalderantz zuzendu da. Muluya ibaiarekin topo egin duenean, bere ubidea jarraitu du hego mendebalderantz,  eta Mohamed V.aren urtegia pasatu eta gero dagoen Dar Slimane herrian gelditu da. Azkenean, Muluya ibaiaren erribera emankorrean igaro du gaua.

 

Muluya ibaiaren delta, Maroko. Egilea: Hadraj.

Aurreko eguneko etapa gogorra eta gero, Urretxindorrak gaur 87km egin ditu. Izan ere, hegaldi labur batzuk ia bataz besteko 31km/h-ko abiadurarekin egin ostean, etenaldi asko egin ditu gaurko bidaian.



IRAILAK 17 ETA 18 - AFRIKARA SALTOA

Itsasoan barrena kilometro batzuk hegaz egin ondoren, kostaldera bueltatu da atseden txiki bat hartzeko.

Hala ere, inolako beldurrik gabe, Alboran itsasoan sartu da berriro eta uraren gainazaletik egin du hegan bataz besteko 40km/h-ko abiadurarekin. Alboran irlaren gainetik doa baina ez du  bertan atseden hartzen eta aurrera jarraitzen du itsasoa gurutzatzeko helburuarekin.

Nadorreko Mar Chica El Quebdanatik ikusita. Egilea: Miguel González Novo.

Hegaldi arriskutsua egin ondoren Kariat Arkmanera heldu da, Melilla eta Nadorretik gertu kokatuta dagoen herrira eta bertako goi-tentsioko dorre batean gelditu da indarberritzen.

Urretxindorrak gaua pasatu duen dorrea.

 



IRAILAK 17.- GRANADAKO KOSTALDETIK IGARO DA.

Egunaren lehen argiekin, “Urretxindorrak” Afrikarako bidearekin jarraitzea erabaki du. Horretarako, Jaengo Magina mendizerra alde batera utzi du eta Granadako probintzian barneratu da Sierra Nevada Parke Naturala bere erdigunetik iraganez.

  

“Urretxindorrak” pasatu duen Granadako paisaia. Egilea: Nikater.

Goizeko 12:00ak aldera, Granadako kostaldera iritsi da Motriletik, antza bere Afrikaranzko bidea jarraitzeko asmoarekin etenaldirik egin gabe. Baina itsasoan barneratu ostean, ziurrenik  kontrako haizeak direla eta, atzera egin du eta Motrileko kostara itzuli da.



IRAILAK 16.- ANDALUZIARA IRISTEN.

Egun honetako lehen seinalea, 22:00ak aldera, Jaenen dagoen Peal de Becerro-ko udalerriaren ingurutik jaso dugu, Cazorla, Segura eta Las Villas Mendizerren Natur Parkearen oinaldean. Hemen, “Urretxindorrak” bere lehen hegaldi luzearen nekearekin, atseden hartzea eta gaua ematea  erabaki du.

  

Cazorlako mendizerra. Egilea: Martin Haisch.



IRAILAK 15.- BIDAIAREN HASIERA

Irailak 15eko goizean, eta bazkaldu ostean, bere migrazio bide luzeari ekitea erabaki du “Urdaibairekin” batera, berarekin hazitako beste arrano arrantzale bat. 12:00etarako Ubideko inguruetan ziren biak, 62 km/ordu-ko abiadurarekin eta 860 metroko altuerarekin.

  

Ebro ibaia. Egilea: John.                                                                   

 13:00etarako “Urretxindorra” Ebro ibaiaren arrora hurbiltzen hasia zen, Kantabria mendizerra gainditu eta gero. Hemendik aurrera, “Urdaibai” eta “Urretxindorra” arranoak nabarmenki urrundu dira elkarrengandik. Azken honek Soria zeharkatu du eta Cuerda del Pozo urtegiaren gainetik egin du hegan.

18:00etan Guadalajaran sartu da Goi Tajo-ko Parke Naturaletik oso gertu, eta Alcorcón-eko urtegia zeharkatuz, Cuenca eta Ciudad Real probintzietan sartu da.

  

Goi-Tajoko Parke Naturala. Egilea: José Felipe Ortega                  Alarconeko urtegia. Egilea: AnTeMi.

Hurrengo seinalea irailaren 22koa da, 22:00etakoa.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information