“Arrano arrantzalearen bila Senegal-en”

Igandea, 2014(e)ko otsaila(r)en 23-(e)an 19:27etan

Diapositiva2

Datorren asteazkenean, otsailak 26, aurtongo udan Urdaibain satelite bidezko igorgailu bidez markaturik arrano arrantzaleetariko bati Afrika mendebalean egindako jarraipenaren inguruko hitzaldi bat antolatu du Urdaibai Bird Center-ek.

Bere oporraldian egindako bidaia honetan, Urdaibain abian jarri den arrano arrantzalearen  berreskurapen proiektuaren buru den Aitor Galartzak, lurralde afrikarrean egindako ibilaldien kontakizuna eta bizipenak azalduko dizkigu.  

 1

Urdaibaik irailaren 15ean hasten du migrazio bidaia

Irailaren 15ean Urdaibaik, Urdaibaiko Biosfera Erreserban egindako berreskurapen proiektuko arrano arrantzaleetariko batek, negu-pasako lurraldeetarantz hasi zuen lehenengoz migrazioa.

2

Urdaibai Eskoziatik Erreserbara ekarritako 12 arranoetariko bat da.

3

Abuztuaren hasieran bere lehenengo hegaldia burutzen du Hacking dorretik.

4

Urdaibai Mundaka atzean duelarik, dependentzi garaian.

Hamalau egunen buruan, Gibraltarreko itsasartea eta Saharako basamortua gurutzatu ostean, Senegaleko kostaldera ailegatu zen.

Aurreko Gabonetan, Aitor Galarza, aipatutako proiektuaren zuzendaria lagun talde batekin Senegal arte joan zen bere oporraldia igarotzera, eta bidaia aprobetxatuz, Urdaibai lekuan bertan aurkitzeko asmo sendoa eraman zuen. Helburuak ez zuen erraza ematen, naiz eta Aitorrek Argos sateliteak emandako azkeneko posizio zehatzak zeramatzan. Horra hemen bere egunkariaren laburpentxo bat:

 

2013ko abenduaren 29a

Eguerdian Senegaleko hiriburua den  Dakar-etik abiatzen gara. Gure hurrengo norakoa Ponto herri arrantzale txiki bat da, Urdaibaiko Biosfera Erreserban berreskurapen proiektuaren baitan askatu zen Urdaibai izeneko arranoa negua pasatzen dagoen lekutik hurbil dagoen herria.

Kostaldeko errepideak, zuzen zuzen gurutzatzen du larrez eta belardiz osotutako sabana, nahiz eta noizean behin tamaina txikiko akaziekin batera Baobab handi eta dotorez osotutako baso orbanak agertzen diren.

5a

 Ehun urtetik gorako Baobabak (Adansonia digitata) Dakar – M´Bour errepide alboan.

Duela denbora gutxi Mbour gurutzatu dugu, herrialdeko bigarren arrantza porturik handiena. Senegaleko herri guztietan bezalaxe, bertako kaleak zaratatsuak eta desordenatuak dira. Kaleetan zehar, dendak, tailerrak, fruta eta janari postuak elkarren gainean aurkitzen ditugu, eta horien inguruan hainbeste jende erosketak egiten, negozio tratuetan edota elkarren artean hizketan, beti ere, kamioiz, taxiz eta gurdiz inguratutako trafiko  kaosaren erdian.

Mbour-etik atera ostean, errepide hegalean saien talde bat antzeman genuen zaldi baten gorpuzkinak jaten. Penintsulan ohikoa den Sai arreaz gain, izan ere lurralde hauetan bisitan datorren hegazti harraparia dena, zaldia jaten antzerako tamaina duten beste bi espezie ikusten ditugu, Rüpppell saia, Gyps rueppelli, eta Sai lepazuri afrikarra, Gyps africanus; horiekin batera, Sai zuri iluna, Necrosyrtes monachus, eta torgos saiak Torgos tracheliotus talde osoa eratzen dute.

5b

Saiak haratustel inguruan

Nianing hegoaldean errepidea akazia gaztez osoturiko baso itxi baten erditik doa, bertan pata tximinoen, Erithrocebus patas, talde bat eta hainbat Numida, Numida meleagris ikusteko aukera izan dugu. Aurrerago Toko mokogorri bat Tockus erythrorhynchus agertu da ere.

6a

Patas tximinoa (Erytrocebus patas)

6b

Toko mokogorria (Tockus erythrorhynchus)

Eskumatara gure ustez Pontora eramango gaituen seinaleztatu gabeko errepide estu bat agertu da. Kilometro biren ostean herriko lehenengo etxeak ikusten ditugu.

6

Pontoko kalea (Punta Sarene)

Herriko kaleak gurutzatu ostean hondartzarekiko paralelo doan pista bat hartzen dugu, eta zuzenean,  bi  etxebizitzara eta itxuraz utzita dagoen eta bungalowak dituen hotel batetara garamatza, herritik kilometro batetara. 

7

Urdaibairen negupasako kostalde ingurura heltzen

Aparkatzerakoan metro bete luzerako Varano (Varanus exanthematicus) itzela ikusten dugu sastrakadian barrena. Hondartza luze baten aurrean aurkitzen gara, hamar kilometrotik gorakoa Point Sarenetik Mbodienera, hain justu errekaren bokal arte. Bertan hainbat limikola ageri zaizkigu hareatzan (Kurlinta bekainduna, txirri arrunta eta kuliska zuria) eta hainbat lertxun espezie (Lertxun hauskara eta lertxuntxo dimorfoa), horiekin batera pelikanoak, txenadak, kaioak eta itsas marikoiak inguruko uretan dabiz arrantzan. Martin arrantzale espezie batek, Ceryles rudis arrainak zelatatzen ditu hoteleko nasatik eta karraka lirain bat, Coracias abyssinicus ehizan dabil adar batetan esekita. 

9

Punta Sareneko badia. Urdaibairen arrantza lekua

10

Itsasontzia lurreratzen Joel-en

11

Lertxuntxo dimorfoa (Egretta gularis).

12

Abisiniako Karraka (Coracias abyssinicus)

13

Ceryle rudis Martin arrantzalea

 Atzealdean kostaldetik oso urruti hiru arrano arrantzale dabiltza itsasoa hegaldatzen. Duten aktibitatea kronometratzerakoan, arrain bat harrapatzeko, hegaz egiten ordu laurdena behar dutela baieztatzen dugu, deigarri gertatzen zaigu, izan ere, Urdaibaiko uretan arranoek izan ohi duten arrantza efikazia baino askozaz ere baxuagoa agertzen baitute. Nahiz eta kostalde honetan arrainak oso ugariak izan, itsasoaren egoerak eta haize indartsuak erabat zailtzen dute arranoen arrantza arrakasta.

Hondartzaren atzean, lokatz eta limozko lautada zabala zabaltzen da, hain zuzen ere, eurite garaian errekaren uholdeen ondorioz sortutakoa.

15

Limoak hondartzaren atzean. Atzean Urdaibaik atseden hartzeko erabiltzen duen baobab bat.

 Urteko garai honetan lokatza ia erabat lehor aurkitzen dugu eta lurrazalean hiena baten eta txakal bikote baten oinatzak atzematen ditugu.

16

 Orbandun hienaren oinatzak (Crocuta crocuta)

Zazpi arrano arrantzale daude lokatz gainean, arineketan teleskopioa jartzen dugu, beraietariko bat Urdaibai izango denaren esperantzan. Zazpietariko batek eraztun urdin bat darama, seguruenik eskoziarra izango da, baina nahiz eta distantzia nahikoa laburra izan, dagoen erreberberazioak ez du eraztuna irakurtzen uzten.

17

Arrano arrantzale bat limoaren gainean jarrita

 Arratsaldeko seiak dira, gutxi barru ilunduko du eta ikusi ditugun arranoetatik bat bera ere ezta Urdaibai. Etsituta. Hurrengo egunean saiatzea erabakitzen dugu, baina lehenik eta behin ostatua bilatu behar dugu eta Ponto-tik  ordu erdira dagoen  Joal herrira zuzentzen gara.

Joal, Sédar Senghor herrialdeko lehenengo presidentearen (1960-1980) eta poeta entzunaren jaioterria da. Metro gutxitara, zubi bat igaro ostean Fadiouth ageri da, herri ia erabat kristaua eta irla baten eraikita dago, mangladi eta zingiraz inguraturik. Herritik gertu dagoen beste irla batetan kanposantuaren edertasuna eta originaltasuna nabarmentzen da. Fadiouth-eko arbasoak atseden hartzen duten milioika txirla zurien artean, irlatxoan hasten diren dozena bat baobab ilunek kontraste harrigarria sortzen dute.  

19a

Fadiouth-eko kanposantu kristaua.

2013ko abenduaren 30a

Goizaldean abiatzen gara Joal-etik, oraindik gaua da. ARGOS sateliteak ematen digun informazioaren arabera badakigu Urdaibaik errepidetik gertu egiten duela lo; beraz, azkeneko kilometroak tentu handiz egiten ditugu argitasun eskasarekin,  hegazti harrapari honen irudia ikusteko zain.

19b

 Sare elektrikoaren poste batetan arrano arrantzale baten irudia ikusten dugu, arineketan kotxea gelditu, teleskopioa jarri eta… arranoak antzeman egiten gaitu eta hegaz doa. Urdaibai izango zen? Ezinezkoa zaigu jakitea, zeren eta zegoen argiarekin ezin izan genuen ez eraztunik ezta antenarik ikusi. Egunsentia dator eta atzo egondako hondartza berdinera joatea erabakitzen dugu.

7:30etan hotelaren ondoan aparkatzen dugu. Han egongo ote da Urdaibai?. Kotxetik bertatik hondartzako nasarantz zuzentzen ditugu gure prismatikoak, satelitearen informazioari esker jakinaren gainean baikaude sarritan erabiltzen duela leku hori. Nasa oraindik urrun gelditzen zaigu, baina muturrean dagoen barandan argi eta garbi ikusten da arrano arrantzale baten profila. 

20

Urdaibaik esekileku modura egunero erabiltzen duen nasa.

21

Urdaibai atsedena hartzen

Zirraragarria, Urdaibai izango ote da? Oraingoan baietz dirudi!!! Teleskopioarekin argi eta garbi ikus daiteke antena lepoko lumajetik irteten.22

Urdaibai lertxuntxo txiki baten alboan

Nahiz eta urrun egon, azkar baten hainbat argazki ateratzen ditugu, ihes egin eta dokumentazio gabe gelditu baino lehenago. Astiro astiro, palmeren artean ahal dugun moduan ezkutatuta nasara hurbiltzen gara. Lasai dagoela ematen du. Ez dago inor hondartzan, baina momentu horretan gazte bat hurbiltzen da footing egiten, nasararte ailegatu eta etorritako lekutik bueltatzen da. Urdaibai ez da ikaratzen, barandaren beste aldera hegalditxo bat baino ez du egiten. Animatuta, nasararte hurbiltzen gara, Urdaibai arranotik metro gutxitara gaude eta ez dirudi asko kezkatzen denik. Agazkiak eta bideoak ateratzen gabiltzan bitartean, argi eta garbi ikusten dugu N1 inskripzioa daukan eta identifikatzen duen eraztun horia.

23

Urdaibaik jakin minarekin begiratzen digu. Ezagutuko banindu modura.

8:19-etan nasa uzten du eta hondartzatik 500 bat metrotara zanga egiten du. Arrakasta!!! Urdaibaik arrain handi bat harrapatu du, 3 minututako epean! Honek habilidade handikoa dela erakusten du, beraz bizirauteko eta Urdaibaira bueltatzeko aukerak emendatzen dira. Arrantzatu ostean, Urdaibai  hondartzatik haratago doa eta palmeren gainetik lur barnera joaten da.

24

Nasatik Urdaibai arrantzan ikusten.

Oinez, limoz osotutako inguru zabalera hurbiltzen gara. Han bertan, 3 arrano arrantzale antzematen ditugu lokatzetan jarrita. Bat ere ez dago jaten, beraz ez dago Urdaibai. Oso urruti arrano bat ikusten dugu Baobab baten jarrita. Honek ere ez du arrainik. Beraz behin betiko galdu dugula ikusten dugu. Kuriositatea daukagu, non lo egin duen eta non jan duen arraina jakiteko, baina etxera bueltatu eta ARGOSen informazioa ikusteko itxaron beharko dugu. Hala eta guztiz ere, Senegaleko oporraldi hauetarako oso hasiera kitzikagarria izan da. Hurrengo egunetan hegoalderantz goaz, eta Salown Deltako Parke Nazionala bisitatuko dugu, izan ere, inguru hau, arrano arrantzaleen negupasako munduko lekurik garrantzitsuena da, eta bere baitan Niokolo Koba Parke Nazionala bisitatuko dugu, Afrika mendebaldeko ugaztun handien azkenetariko babeslekua.

Behin etxera bueltatuta, ARGOS satelitearen laguntzaz, Urdaibai leku berean dagoela baieztatzen dugu, eta gaur egun 2014/02/23-an bertan, goiza nasako barandan pasatu du, eta hainbat hegaldi burutu ostean lur barneko atseden hartzeko lekura abiatu da.

Ikusi ahal izan dugunez, lekua bera oso lasaia dela ematen du, beraz aukera asko daude, Senegaleko inguru eder horretan denboraldi bat pasatu eta aurrerago gure artera hurbiltzeko.

Zorte on!

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information