Amiamoko zuria: Plentziako habiaren lekualdaketa

Astelehena, 2013(e)ko ekaina(r)en 24-(e)an 06:47etan

Zikoina zuria espezie arraro moduan dago katalogatuta Euskadiko fauna eta flora espezie mehatxatuen katalogoan. Katalogo horretan egotearen arrazoia pasa den mendeko 50. hamarkadatik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoan populazioan izandako beherakadan dago. Zehatzago esateko 70. hamarkadaren amaieran gure lurraldean zegoen habia bakarra Gamarran (Gasteiz) zegoen, egoera oso kritiko batera ailegatuz.1989. urtetik aurrera errekuperazio prozesu geldo bat hasi zen eta gaur egun 100 bat bikotek egiten dute habia Euskadin, horietako gehienak  Araban. Baina espezie honen presentzia isurialde atlantikoan oso murritza da, Bizkaiko lurraldean daudelarik soilik, nahiz eta 2013an populazioak 17 bikotera egin duen gora. Hainbat hamarkadatan desagertuta egon ondoren 1991an Urduñan eta 2001ean Durangon jarri zuten habia berriz zikoina zuriek.2005-2008 urteetan Urdaibaiko erreserban garatutako birsartze proiektuak asko sendotu zuen zikoinen populazioa eta herri askotako kolonizazioa bultzatu zuen. Urdaibain urtero jartzen du habia bikote batek 2007. urtetik  eta iaz beste bikote berri bat gehitu zitzaien.

Zikoina zuriak tamaina handiko habiak eraikitzen ditu, normalean metro eta erdiko diametroa eta metro bateko altuera izaten dute habiek. Gainera urtero material berria gehitzen dietenez 2 metroko altuera eta 400 kg-ko pisua izatera heldu daitezke. Horregatik askotan habiak arriskuan jarri dezakete eraikinen edo egituren segurtasuna. Sarritan habiak telefono dorretan eraikitzen dituzte izan ere gaur egun gure herrietan dauden lekurik garaienak dira eta horrek arazoak sor ditzake telefono dorre horietan.

Eraikinetan eta pertsonengan sortu ditzaketen arriskuak eta arazoak murrizteko, ugaltze sasoia pasatu ondoren arazoak sortzen dituzten habiak kentzen dira. Baina esan beharra dago neurri hau behin-behinekoa dela, zikoinak  biziraupen luzea duelako eta oso leiala delako bere habiarekin.

Kasu batzuetan habia jartzea eragotzi daiteke zikoinei habia ipintzea zailtzen dieten egiturak erabiliz. Baina kasu gehienetan aurreko aukera hori ez da oso eraginkorra izaten zikoinak oso burugogorrak eta trebeak direlako baldintza zailagoetan ere eraikitzeko. Beraz egoera honetan aukerarik egokiena habiak lekuz aldatzea dela frogatu da. Gainera lekuz aldatu den bikoteak aurreko lekua defendituko du berea balitz bezala eta horrela ez du beste bikote batek berriz okupatuko. Bestalde, orokorrean kokaleku berriak parke publikoetan egoten direnez  gizartearengana hurbiltzeko modu egoki bat da eta baita ingurumen hezkuntzarako tresna moduan.

Joan den udaberrian, Plentziako udalak eskatuta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Plentzian 2010. urtetik  telefono antena baten habia zuen zikoina bikotearen habia beste leku batera mugitu dute. Aipatutako lanak Aitor Galarzak zuzendu ditu, bera basozaina eta Aranzadi Zientzia Elkarteko eraztuntzailea da eta lan horietarako beste basozain batzuen, boluntario eta telefono konpainiako langileen laguntza eduki du. Hiru txitak antenatik udaleko langileek aurrez eraikitako plataforma batera mugituak izan ziren, plataforma 150 m-ra kokatzen da udaleko lurretan. Bide batez txitak eraztundu ziren Aranzadi Zientzia Elkarteko ohiko eraztunekin eta baita koloretako (beltza bi digiturekin eta horia) eraztunekin urrunetik indibiduo bakoitza ezberdintzeko. Eraztunketa ezinbesteko tresna da zikoina populazioen jarraipena egiteko. Teknika honen bitartez ezagupen ugari lortzen dira: egiten dituzten ibilbideak, negu-pasako lekuak, jaiotako lekuetara bueltatzen direnen itzulera tasa, heriotza-tasa… Modu horretara jakin ahal izan dugu zikoina hauen aita 2007. urtean jaio zela, Urdaibain jaio zen lehenengo zikoina izan zen Erreserban burututako birsartze programaren ondorioz.

Lanak gorabehera gabe burutu ziren eta gurasoek ordu gutxiren buruan leku berrira egin zuten lekualdaketa, txitak elikatuz eta habia hobetuz adar gehiagorekin hornituz. Lanen inguruko informazio gehiago nahi izan ezkero ETB-n Aitor Galarzari egindako elkarrizketa ikus daiteke: http://www.eitb.com/es/videos/detalle/1365610/video-se-hace-traslado-nido-cigueenas-plentzia/

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information