Arrakasta itzela Urdaibai Bird Center-ek hegaztien mundu-mailako egunerako antolatu dituen aktibitateetan

Asteazkena, 2012(e)ko urria(r)en 10-(e)an 07:37etan

Joan den Igandean ehunka pertsona bildu zen Urdaibai Bird Center inguruan eta Gautegiz Arteagako paduretako behatokietan hegaztien migrazioaren ikuskizunaren aurrean gozatzeko.

Jende askok  zentroak eskaintzen duen bisita egiteko aukera izan zuen, eta Aranzadi Zientzi Elkarteko teknikarien eskutik ekipamendu osoa ikusi eta azkenik zentroak daukan leihate itzelean hegazti migratzaileak ikusteko aukera paregabea izan zuen.  

Bird Center-ek antolatu zituen bisitetan parte hartu zuen jendeak, teknikarien azalpenekin batera, eta teleskopio eta prismatikoen laguntzarekin, zentro aurrean agertzen diren hegazti urtar mota ugarirekin disfrutatzeko aukera izan zuen.

         

 

Hegazti zikoniformeen artean, arrantzan zebiltzan lertxun hauskarak  ikustearekin batera, Frisiar uharteetatik etorritako mokozabal gazte bat lertxuntxo txiki eta itzainen artean atseden hartzen ikus zitekeen, alboan  zikoina zuri bat janari bila zebilen artean.

Egunotan iparraldetik gure artera negua igarotzera etorri diren hainbat ahate espezieren taldeak ere behatu ahal izan ziren hezegunean; zertzetak, ahate txistulariak, ipar-ahateak… eta horiekin batera, urte osoan gure artean dauden kopetazuriak ere ez ziren falta izan.,  

Zingira mirotzak ere agerpen zirraragarria egin zuen bertararte hurbildu zen jendearen aurrean, itsasgora aprobetxatuz atseden hartzen zeuden limikola espezie ugariren artean etengabeko ehiza ikuskizuna eskaini zuelarik.

        

Martin arrantzalea (Alcedo atthis)                                  Zingira mirotza (Circus aeroginosus)

Europa iparretik etrorritako limikola horien artean, ale-kopurua dela eta, paduran negu pasa burutzen duen kuliska zuria nabarmendu zen. Horien artean bernagorri arruntak eta hain ohizkoak ez diren kuliska buztanbeltzak janari bila hasteko prestatzen ikus zitezkeen.

lertxuntxo txikia (Egretta garzeta)

Dena borobiltzeko ez ziren falta izan ubarroi handiak, txilinportak, ur-oiloak eta martin arrantzaleak eta esan beharra daukagu, batek baino gehiagok argazki politak ateratzeko aukera ere izan zuela.

 

Kuliska buztanbeltzak (Limosa limosa)

Kopetazuri arrunta (Fullica atra)

Hurbildu zen jende orok ere, ez ditu ahazteko izango Aranzadiko eraztuntzaile adituek eraztunketa zientifikoari buruz eman zituzten azalpenak. Eta goiz horretan zehar eraztundu ziren ehun hegazti ingururen artean, lezkari arrunta izan zen aipagarrienetarikoa, Afrika subsahariarrean dagoen Senegaleko kostalderantzako bidaian gure artean atseden hartzeko eta elikatzeko geldiunea egin baitzuen.

 

Eraztunketa zientifikoko saioa.

Lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaceus)

Eta aipatu beharra dago ere, padura ertzean kokatuta dauden behatokiek izan zuten arrakasta, goiz osoan zehar, jende andanaren joan etorria etengabea izan baitzen. Beraz hegaztien mundu-mailako egunean ere, hegazti migratzaileentzako paradisu bihurtu den Gautegiz Arteagako paduraz gozatzeko aukera paregabea izan zuten bertara arte hurbildutakoek. 

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information