Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna 2024 – Babestu intsektuak, babestu hegazti migratzaileak
Igandea, 2024(e)ko urria(r)en 06-(e)an 09:24etan |
Azken asteetan, euri tantek eta mokozabalek bete dituzte Urdaibai Bird Centerreko zeruak. Urtaroak aldatzen ari dira eta, gizakiok jertseak eta berokiak jantzi ahala, hegaztiek hegoalderantz egiten dute hegan, elikatzeko klima epelagoaren bila. Migrazioa bete-betean dago! Migrazioaren fenomeno natural zoragarri hau ospatzeko, Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatuko dugu datorren igandean urriaren 13an. Egun honetan zehar, bi jarduera ezberdin eskainiko ditugu. Alde batetik, goizeko 10:00etatik 12:00etara, eraztunketa zientifikoaren erakustaldia egingo da, bisitari guztientzat zabalik egongo dena zentroko lorategietan; beraz, ez da beharrezkoa saio honetarako izena ematea. Bestalde, gure bigarren jarduera paduratik zehar gidatutako irteera bat izango da, eta pertsona kopuru mugatu batentzat egongo da eskuragarri. Ekitaldia hegazti intsektujaleengan oinarrituko da, hala nola enarengan, sorbeltzengan eta uhalde-enararengan. Lehenik, hitzaldi labur bat emango da, eta, ondoren, ibilaldi gidatu bat egingo da inguruan, hegazti horien atsedenlekuak bertatik bertara ezagutzeko. Jarduera hau 11.00etatik 12.30etara egingo da eta izena eman behar da 699 839 202 telefonora deituz. Gainera, 11:00etatik 16:00etara zentroa irekita egongo da eta sarrera doakoa izango da, honela ba, behatokitik padurara iristen ari diren hegaztiez gozatu ahal izango dugu. Mokozabalak migrazioan daude, zertzetak eta ahate txistulariak iristen ari dira, Muxar, arrano arrantzalea gure artean dago aurten ere negua gure artean igarotzeko prest, migrazioak egunero harritzen gaitu bisita berri batekin Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna negua hasi aurretik naturaz gozatzeko modu ezin hobea da. Hegaztien migrazioa ospatzeko ordua da! Hurbil zaitez Bird Centerrera! |