"Urdaibai" arrano arrantzalea (N1)

“Urdaibai” (N1)

Biografia

Urdaibai” arrano arrantzalea Contin udalerri eskoziarrean jaio den emea da. Herria Ross-Shire eskualdean dago, laku eta ibai handiez inguraturikoa. Zona hau Eskoziako iparraldeko Lur Garaietan dago (Highlands), populazio-dentsitate gutxikoa.Urrunetik, N1 kodea duen PVCzko eraztun hori batekin identifika dezakegu. 

Urdaibairen” babeslea Valvospain S.L. enpresa taldea da, industriarako balbulak diseinatu eta ekoizten dituen enpresa, kontserbazio proiektu honetan parte hartu nahi izan duena.

Hurrengo sarreretan “Urdaibairen” migrazio-bideaz gozatu ahal izango duzue.



ABUZTUAK 20.- Urdaibaik satelite-seinaleak igortzeari utzi dio 

Afrikako lurretan urtebete egin ostean, gure Urdaibai arranoaren satelite bidezko seinale barik geratu gara eta honen ondorioz bere kokapena ezagutu barik.

N1hegaz

Somone erreserban kokatzen zuten seinaleak jaso ondoren, galdu egin ditugu. Baina ez dugu kezkatzeko arrazoirik ikusten, alde batetik Somone hegaztientzako toki egokia delako eta bestetik gure Urdaibai gaztea bizirik jarraitzeko sobera trebea dela erakutsi digulako.

Dena den, baliteke datorren urteak gure zalantzak argitzea, hortik aurrera 2013ko udan askatutako arranoak Urdaibaira urteraoko bisita egiten hasi daitezke eta.

Zain izango gara!



Abuztuak 8.- Urdaibairen azken puntuak.

Ia urte bat igaro da Urdaibai izeneko arrano arrantzalea bere bidaia hasi zuenetik. Iberiar penintsula zabala iparraldetik hegoaldera zeharkatu ondoren Gibraltarko itsasarte gainetik hegan egin zuen negua pasatzeko lur beroagoen bila. Elikagaiak eta babesa ematen dion lur egokiak aurkitzeko helburuarekin, Urdaibaik Guinea Bissau, Gambia eta Senegaletik hegan egiten ibili da azken hilabete honetan, beti kostaldea jarraituz.

22

 

GPS sistemak ematen digun seinaleez baliatuz, Urdaibai orduro zehazki non dago jakin dezakegu. Azken egun hauetan Somone izeneko Erreserbatik ibili da, Senegalen. Aipatutako erreserba 1999an sortu zen, inguruko habitata babesteko helburuarekin. Somone erreserba itsasoarekin konektatuta dagoen laku bat osatzen du eta 150 espezie baino gehiago elkartzen dira bertan.

Somonecartel

 

Fragata izeneko hegazti desberdinak, pelikanoak edota flamenkoak ikus daitezke, beste hegazti askoren artean. Gainera urtero Europako puntu desberdinetako arrano arrantzaleak elkartzen dira inguru hauetan negutze toki bezala erabiliz.

 

Goiz da jakiteko inguru hauek gure arrano arrantzale gazteak negutze toki bezala erabiliko duen ala ez, baina argi dagoena da bertan arrain ugari aurki ditzakeela, mangladi ugari dagoela  eta beti itsasora konektatuta mantentzen dela. Honek esan nahi du ez dela lakua sikatuko lehorte garaian.

Somonemanglar2

 

Hurrengo egunetan Urdaibairen mugimenduen berri emango dugu.



 

 

Ekainak 26. Urdaibai arranoaren azken puntuak, txango laburrak eginez.

google 1

Urdaibaik bere eguneroko aktibitateari leial jarraitzen dio. Goizean, egunero bezala, hotelen zonaldeko inguruetan egiten du arrantzan eta itsaso barnera ere sartzen da, ondoren lo egiteko lekura bueltatzen delarik.

Azken egun hauetan satelitearen seinaleak emandako informazioari esker kostaldea jarraituz Ponto herriaren inguruetara txangoak egiten dituela ikusi dugu. Ponto herria turismoa du bere ekonomiaren ardatz, azken urteetan hainbat hotel eraiki direlarik bere inguruan.

Nahiz eta gaztea izan Urdaibaien askatutako arrano arrantzalea aurrerapauso egokiak ematen hari da heldua izateko bidean.

 google 2

APIRILAK 1 - PONTOKO NASAN BERRIRO ERE

Duela sei egun abiatu zen ontziralekutik geroz eta gertuago aurkitzen da gure arranoa. Goizeko lehen eguzki izpiekin bidaiari ekin dio; 11ak aldera, Joal-Fadiouth herriaren gainetik hegan egiten egon da.

Herri hau, urmaelaren erdian kokatzen da, mareen eraginaren arabera, herriaren zati handi bat urperaturik geratzen da. Eguerdian, hotelen aurrean kokatzen den ontziralekuan atseden hartzen egon da.

Horiek horrela, ondorioztatu daiteke Urdaibaik 350 kilometro burutu dituela batzuetan kostaldetik, besteetan barrualdetik. Ibilbide horretan, aste baten epean, hiru muga zeharkatu ditu: Senegalekoa; Gambiakoa eta Guinea-Bisaukoa azkenik hainbat hilabete igaro zituen toki berberera bueltatzeko. Toki horren xehetasun gehiago eskuragarri izango dituzue Aitor Galarzak eginiko bidaiaren kronikan.

 dia1Urdaibai N1

Urdaibairen argazki bat Senegalen aterata

UrdaibaiN1 2014 04 01



 

MARTXOAK 31 - ATZERA EGITEN JARRAITZEN DU

Iparralderanzko norabidea hartzen du Urdaibaik. Goizeko 11ak aldera Gambia eta Senegalen arteko muga zeharkatzen du. Iparralderanzko bide horretan, geolokalizazioaren bitartez eskuratzen diren puntuek, duela zenbait egun egondako toki berberak zehazten dituzte, beraz, hegoalderantz izandako ibilbide berdina burutzen ari da. Toki horien artean Saloum ibaiaren delta ageri da. Delta handi eta oparo batean kokatzen da Urdaibai, hain zuzen, 72,5 kilometro luze (kostaldetik) eta 35 kilometro zabal da (barrualdetik). UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2011n. Negua bertan igarotzen duten hainbat eta hainbat hegazti daude, esaterako: flamenkoa, mokozabala eta harri-iraularia.

dia31Parquenacionaldeltasaloum

Saloum-eko delta

UrdaibaiN1 2014 03 31



 

MARTXOAK 30 - GAMBIAR KOSTALDETIK BERRIZ ERE

Arratsaldeko lauetan Gambia ibaian —Afrikako ibairik handienetakoa dena— aurkitzen da Urdaibai. Denbora gehien, horren bokalean igaro du. Horren zabala da bokalea, 20 kilometrorainoko zabalera izatera irits daitekeen.

Iluntzean, aldiz, ibaiaren ertzean atseden hartzea erabakitzen du. Egun gogorra izan da gaurkoa; bihar, hainbat eta hainbat abentura berri izango ditu.

dia30Gambia

Gambia ibai inguruan.

dia30Gambia2

Gambia ibai inguruak.

UrdaibaiN1 2014 03 30



 

MARTXOAK 29 - HEGALDI BERRIA, IPARRALDERANTZ

Goizean goiz esnatu eta Pecixe alboan kokatzen den Jeta uhartera hegaldi labur bat burutu du. Osteratxo hori egin ostean, bere bideari jarraituko dio, kasu honetan, azken egun horietan egondako toki berdinetara bueltatuko da. Badirudi, atzera buelta horren arrazoiak lurrak eskaintzen dizkion baliabideetan egon daitekeela; Guinea-Bisauko lurrek ez diote behar adina eskaini. Hori dela eta oparoagoak diren lurretara bueltatu da.

Eguerdian, Senegaleko mugatik 20 kilometro ingurura kokatzen da. Kostaldea utzi eta barnealderanzko norabidea darama, hegaldi luze bat burutzen ari da. Lurralde aberatsagoen bilaketan gelditzen ez den hegaztia da Urdaibai.

 

UrdaibaiN1 2014 03 29



 

MARTXOAK 28 - MANSOA IBAIAREN INGURUETAN

Hurrengo egunean hegoalderanzko bidaian jarraitzen du Urdaibaik. Bi ordu eskasean 40 kilometro baino zertxobait gehiago egin ditu. Eguerdiko ordu batak inguruan Pecixe uhartean egon da (Bisau hiriburutik ekialderanzko norabidean 50 kilometro ingurura), Mansoa ibaiaren bokalean. Gaua bertan igarotzea erabakitzen du. Zer bidaia egingo ote du bihar? 

UrdaibaiN1 2014 03 28



 

MARTXOAK 27 - GINEA-BISSAUKO LURRETAN BARRENA

Goizean goiz ekiten dio bidaiari. Badirudi, ez duela guztiz gustuko lurraldea, hori dela eta, lur berriak arakatzera abiatzen da. Goizeko hamarrak aldera, Senegal eta Guinea-Bisáuren arteko muga zeharkatzea erabakitzen du, aldiz, goizeko hamaiketan, itsasoan barrena 500 metro inguru sartzen da. Dirudienez itsasoranzko sarrera hori janaria eskuratzeko egin du, eta, ordu bat beranduago berriro ekiten dio hegoalderanzko hegaldiari.

Cacheu izeneko herri txiki batetatik oso gertu aurkitzen da Urdaibai. Herri hau, kokapen geografiko onagatik, portugaldarren lehen kolonia izandakoa da. Horrez gain, esklabutza garaian, morroien komertzializazio handia egiten zen zonaldea da.

Eguerdian, geldialdia egitea erabaki du deskantsatzeko; egun gogorra izan da gaurkoa Urdaibairentzat. Cacheu ibaiaren magalean aurkitzen da, paisaia zoragarrien aurrean.

UrdaibaiN1 2014 03 27

dia27senegal

Senegaleko pasaia 



 

MARTXOAK 26 - GINEA-BISSAURA BIDEAN

Eguna argitu bezain laster, hegoalderanzko bideari ekiten dio Jeta eta Pecixe irletara iritsi arte. Horiek horrela, sateliteak ematen dizkigun datuei itxoitea soilik geratzen da hurrengo geralekua zein izango den jakiteko.

UrdaibaiN1 2014 03 26



 

MARTXOAK 25 - URDAIBAI HEGOALDERANTZA ABIATU DA

Urdaibaik hegoalderanzko bidea berrartzen du.

Arrantzagatik eta hotelengatik famatua den Ponto (Senegal) herrian egun batzuk egon ondoren, martxoaren 25ean, goizeko 9:00 aldera, hegoalderanzko bideari ekiten dio. Egun osoa bidaiatzen pasa ostean, gaua Banjulen (Gambiako hiriburuan) pasatu du, Gambia ibaiaren bokaletik oso gertu.

UrdaibaiN1 2014 03 25

 



 

2014/2/23KO EGUNERAPENA - 2013KO GABONETAN: "URDAIBAI" ARRANO ARRANTZALEAREN BILA SENEGALEN

Aurreko Gabonetan, Aitor Galarza, aipatutako proiektuaren zuzendaria lagun talde batekin Senegal arte joan zen bere oporraldia igarotzera, eta bidaia aprobetxatuz, Urdaibai lekuan bertan aurkitzeko asmo sendoa eraman zuen. Helburuak ez zuen erraza ematen, naiz eta Aitorrek Argos sateliteak emandako azkeneko posizio zehatzak zeramatzan. Horra hemen bere egunkariaren laburpentxo bat: 

2013ko abenduaren 29a

Eguerdian Senegaleko hiriburua den Dakar-etik abiatzen gara. Gure hurrengo norakoa Ponto herri arrantzale txiki bat da, Urdaibaiko Biosfera Erreserban berreskurapen proiektuaren baitan askatu zen Urdaibai izeneko arranoa negua pasatzen dagoen lekutik hurbil dagoen herria.

Kostaldeko errepideak, zuzen zuzen gurutzatzen du larrez eta belardiz osotutako sabana, nahiz eta noizean behin tamaina txikiko akaziekin batera Baobab handi eta dotorez osotutako baso orbanak agertzen diren.

5a

 Ehun urtetik gorako Baobabak (Adansonia digitata) Dakar – M´Bour errepide alboan.

Duela denbora gutxi Mbour gurutzatu dugu, herrialdeko bigarren arrantza porturik handiena. Senegaleko herri guztietan bezalaxe, bertako kaleak zaratatsuak eta desordenatuak dira. Kaleetan zehar, dendak, tailerrak, fruta eta janari postuak elkarren gainean aurkitzen ditugu, eta horien inguruan hainbeste jende erosketak egiten, negozio tratuetan edota elkarren artean hizketan, beti ere, kamioiz, taxiz eta gurdiz inguratutako trafiko kaosaren erdian.

Mbour-etik atera ostean, errepide hegalean saien talde bat antzeman genuen zaldi baten gorpuzkinak jaten. Penintsulan ohikoa den Sai arreaz gain, izan ere lurralde hauetan bisitan datorren hegazti harraparia dena, zaldia jaten antzerako tamaina duten beste bi espezie ikusten ditugu, Rüpppell saia, Gyps rueppelli, eta Sai lepazuri afrikarra, Gyps africanus; horiekin batera, Sai zuri iluna, Necrosyrtes monachus, eta torgos saiak Torgos tracheliotus talde osoa eratzen dute.

5b

 Saiak haratustel inguruan

Nianing hegoaldean errepidea akazia gaztez osoturiko baso itxi baten erditik doa, bertan pata tximinoen, Erithrocebus patas, talde bat eta hainbat Numida, Numida meleagris ikusteko aukera izan dugu. Aurrerago Toko mokogorri bat Tockus erythrorhynchus agertu da ere.

6a

 Patas tximinoa (Erytrocebus patas)

6b

Toko mokogorria (Tockus erythrorhynchus)

Eskumatara gure ustez Pontora eramango gaituen seinaleztatu gabeko errepide estu bat agertu da. Kilometro biren ostean herriko lehenengo etxeak ikusten ditugu.

6

 Pontoko kalea (Punta Sarene)

Herriko kaleak gurutzatu ostean hondartzarekiko paralelo doan pista bat hartzen dugu, eta zuzenean, bi etxebizitzara eta itxuraz utzita dagoen eta bungalowak dituen hotel batetara garamatza, herritik kilometro batetara.

7

Urdaibairen negupasako kostalde ingurura heltzen

Aparkatzerakoan metro bete luzerako Varano (Varanus exanthematicus) itzela ikusten dugu sastrakadian barrena. Hondartza luze baten aurrean aurkitzen gara, hamar kilometrotik gorakoa Point Sarenetik Mbodienera, hain justu errekaren bokal arte. Bertan hainbat limikola ageri zaizkigu hareatzan (Kurlinta bekainduna, txirri arrunta eta kuliska zuria) eta hainbat lertxun espezie (Lertxun hauskara eta lertxuntxo dimorfoa), horiekin batera pelikanoak, txenadak, kaioak eta itsas marikoiak inguruko uretan dabiz arrantzan. Martin arrantzale espezie batek, Ceryles rudis arrainak zelatatzen ditu hoteleko nasatik eta karraka lirain bat, Coracias abyssinicus ehizan dabil adar batetan esekita.

9

 Punta Sareneko badia. Urdaibairen arrantza lekua

10

 Itsasontzia lurreratzen Joel-en.

11

Lertxuntxo dimorfoa (Egretta gularis).

12

Abisiniako Karraka (Coracias abyssinicus)

13

 Ceryle rudis Martin arrantzalea

Atzealdean kostaldetik oso urruti hiru arrano arrantzale dabiltza itsasoa hegaldatzen. Duten aktibitatea kronometratzerakoan, arrain bat harrapatzeko, hegaz egiten ordu laurdena behar dutela baieztatzen dugu, deigarri gertatzen zaigu, izan ere, Urdaibaiko uretan arranoek izan ohi duten arrantza efikazia baino askozaz ere baxuagoa agertzen baitute. Nahiz eta kostalde honetan arrainak oso ugariak izan, itsasoaren egoerak eta haize indartsuak erabat zailtzen dute arranoen arrantza arrakasta.

Hondartzaren atzean, lokatz eta limozko lautada zabala zabaltzen da, hain zuzen ere, eurite garaian errekaren uholdeen ondorioz sortutakoa.

15

Limoak hondartzaren atzean. Atzean Urdaibaik atseden hartzeko erabiltzen duen baobab bat.

Urteko garai honetan lokatza ia erabat lehor aurkitzen dugu eta lurrazalean hiena baten eta txakal bikote baten oinatzak atzematen ditugu.

16

Orbandun hienaren oinatzak (Crocuta crocuta)

Zazpi arrano arrantzale daude lokatz gainean, arineketan teleskopioa jartzen dugu, beraietariko bat Urdaibai izango denaren esperantzan. Zazpietariko batek eraztun urdin bat darama, seguruenik eskoziarra izango da, baina nahiz eta distantzia nahikoa laburra izan, dagoen erreberberazioak ez du eraztuna irakurtzen uzten.

17

Arrano arrantzale bat limoaren gainean jarrita.

Arratsaldeko seiak dira, gutxi barru ilunduko du eta ikusi ditugun arranoetatik bat bera ere ez da Urdaibai. Etsituta. Hurrengo egunean saiatzea erabakitzen dugu, baina lehenik eta behin ostatua bilatu behar dugu eta Ponto-tik ordu erdira dagoen Joal herrira zuzentzen gara.

Joal, Sédar Senghor herrialdeko lehenengo presidentearen (1960-1980) eta poeta entzunaren jaioterria da. Metro gutxitara, zubi bat igaro ostean Fadiouth ageri da, herri ia erabat kristaua eta irla baten eraikita dago, mangladi eta zingiraz inguraturik. Herritik gertu dagoen beste irla batetan kanposantuaren edertasuna eta originaltasuna nabarmentzen da. Fadiouth-eko arbasoak atseden hartzen duten milioika txirla zurien artean, irlatxoan hasten diren dozena bat baobab ilunek kontraste harrigarria sortzen dute.

19a

Fadiouth-eko kanposantu kristaua.

2013ko abenduaren 30a

Goizaldean abiatzen gara Joal-etik, oraindik gaua da. ARGOS sateliteak ematen digun informazioaren arabera badakigu Urdaibaik errepidetik gertu egiten duela lo; beraz, azkeneko kilometroak tentu handiz egiten ditugu argitasun eskasarekin, hegazti harrapari honen irudia ikusteko zain.

19b

 Sare elektrikoaren poste batetan arrano arrantzale baten irudia ikusten dugu, arineketan kotxea gelditu, teleskopioa jarri eta... arranoak antzeman egiten gaitu eta hegaz doa. Urdaibai izango zen? Ezinezkoa zaigu jakitea, zeren eta zegoen argiarekin ezin izan genuen ez eraztunik ezta antenarik ikusi. Egunsentia dator eta atzo egondako hondartza berdinera joatea erabakitzen dugu.

7:30etan hotelaren ondoan aparkatzen dugu. Han egongo ote da Urdaibai? Kotxetik bertatik hondartzako nasarantz zuzentzen ditugu gure prismatikoak, satelitearen informazioari esker jakinaren gainean baikaude sarritan erabiltzen duela leku hori. Nasa oraindik urrun gelditzen zaigu, baina muturrean dagoen barandan argi eta garbi ikusten da arrano arrantzale baten profila.

20

Urdaibaik esekileku modura egunero erabiltzen duen nasa.

21

 Urdaibai atseden hartzen.

Zirraragarria, Urdaibai izango ote da? Oraingoan baietz dirudi!!! Teleskopioarekin argi eta garbi ikus daiteke antena lepoko lumajetik irteten.

22

Urdaibai lertxuntxo txiki baten alboan

Nahiz eta urrun egon, azkar baten hainbat argazki ateratzen ditugu, ihes egin eta dokumentazio gabe gelditu baino lehenago. Astiro astiro, palmeren artean ahal dugun moduan ezkutatuta nasara hurbiltzen gara. Lasai dagoela ematen du. Ez dago inor hondartzan, baina momentu horretan gazte bat hurbiltzen da footing egiten, nasararte ailegatu eta etorritako lekutik bueltatzen da. Urdaibai ez da ikaratzen, barandaren beste aldera hegalditxo bat baino ez du egiten.

Animatuta, nasararte hurbiltzen gara, Urdaibai arranotik metro gutxitara gaude eta ez dirudi asko kezkatzen denik. Agazkiak eta bideoak ateratzen gabiltzan bitartean, argi eta garbi ikusten dugu N1 inskripzioa daukan eta identifikatzen duen eraztun horia.

23

Urdaibaik jakin minarekin begiratzen digu. Ezagutuko banindu modura.

8:19-etan nasa uzten du eta hondartzatik 500 bat metrotara zanga egiten du. Arrakasta!!! Urdaibaik arrain handi bat harrapatu du, 3 minututako epean! Honek habilidade handikoa dela erakusten du, beraz bizirauteko eta Urdaibaira bueltatzeko aukerak emendatzen dira. Arrantzatu ostean, Urdaibai hondartzatik haratago doa eta palmeren gainetik lur barnera joaten da.

24

 Nasatik Urdaibai arrantzan ikusten.

Oinez, limoz osotutako inguru zabalera hurbiltzen gara. Han bertan, 3 arrano arrantzale antzematen ditugu lokatzetan jarrita. Bat ere ez dago jaten, beraz ez dago Urdaibai. Oso urruti arrano bat ikusten dugu Baobab baten jarrita. Honek ere ez du arrainik. Beraz behin betiko galdu dugula ikusten dugu. Kuriositatea daukagu, non lo egin duen eta non jan duen arraina jakiteko, baina etxera bueltatu eta ARGOSen informazioa ikusteko itxaron beharko dugu. Hala eta guztiz ere, Senegaleko oporraldi hauetarako oso hasiera kitzikagarria izan da. Hurrengo egunetan hegoalderantz goaz, eta Salown Deltako Parke Nazionala bisitatuko dugu, izan ere, inguru hau, arrano arrantzaleen negupasako munduko lekurik garrantzitsuena da, eta bere baitan Niokolo Koba Parke Nazionala bisitatuko dugu, Afrika mendebaldeko ugaztun handien azkenetariko babeslekua.

Behin etxera bueltatuta, ARGOS satelitearen laguntzaz, Urdaibai leku berean dagoela baieztatzen dugu, eta gaur egun 2014/02/23-an bertan, goiza nasako barandan pasatu du, eta hainbat hegaldi burutu ostean lur barneko atseden hartzeko lekura abiatu da.

Ikusi ahal izan dugunez, lekua bera oso lasaia dela ematen du, beraz aukera asko daude, Senegaleko inguru eder horretan denboraldi bat pasatu eta aurrerago gure artera hurbiltzeko.

Zorte on!

 



 

 

ABENDUAK 10-27. MBODIÊNE DELTAKO INGURUA EZAGUTZEN.

Gure arrano arrantzale gazteak bere eguneroko ohiturekin  jarraitzen du. Lehen orduetan inguruko hotel bateko kai-mutur batera hurbiltzen da eta arratsaldean bestalde Mbodiène delta ingurutik hegan egiten du. Aipagarria da azken egunetan “Urdaibaik” egiten dituen inklusioak itsasorantz, hau da, ordu batzuetan zehar kostaldetik urruntzen da itsasorantz sartuz. Hasiera batean hegaldi laburrak egin arren, sateliteak bidalitako azken seinaleen arabera gero eta gehiago urruntzen dela ondorioztatu dezakegu, segur aski arrantzatzeko. Gainera txango txikiak egin izan ditu azken egunetan Porto izeneko herri txiki batera, famatua dituen turismo guneengatik.

Ingurua ezagutzeko hegaldiak gero eta sarriagoak izan, “Urdaibai” beti toki berdinera bueltatzen da lo egiteko, kostaldetik hurbil dauden zuhaitz batzuetara.

 

Senegaleko kostaldeko irudia.                                               "Urdaibai" mugitzen ari den ingurua.

Gure arrano arrantzale gaztea mugitzen den ingurua famatua da bere turismo guneengatik, urtero milioika turista erakartzen baititu. Hauek eskualde honetako flora, fauna, hondartzak, paisaiak, edota kultura ezagutzeko etortzen dira, inguruko turismo ornitologikoa ahaztu gabe, hegaztien maitatzaileentzat. Aipagarria da inguru honetan hegazti oso preziatuak ikusi ahal dira, ibis sakratua “threskiornis aethiopicus”  edota karraka sabel urdina “coracias cyanogaster” , besteak beste.

Ibis Sakratua. Egilea: Steve Garvie.



AZAROAREN 18TIK ABENDUAREN 9RA

Badirudi dagoeneko gure arrantzale gazteak bere negu-pasarako tokia topatu duela. Hau izan da ateratako ondorioa, sateliteak bidalitako azken puntuei begiratuta. Izan ere, azken hilabetean ez baita gehiegi mugitu; Thies eskualdearen itsasalde inguruan ibili da.

Orokorrean, Senegalgo klima Saheliar erakoa da, zeinetan urtaro bi bereiz daitezkeen. Urtaro hezean, ekainetik urrira, tenperatura altuak dira nagusi, 40ºC-ra ere iristen delarik. Urtaro lehorrean, aldiz, azarotik ekainera, tenperaturak baxuak izaten dira. Hortaz, kontuan hartu behar dugu gure Urdaibai gaztea hilabeterik hotzenera hurbiltzen ari dela, urtarrila, hain zuzen. Esan beharra dago, hala ere, kostaldean izanik, gehieneko zein gutxieneko tenperaturak leunagoak direla. 

  

Sahel eskualdeko paisaia tipikoa.                                Senegaleko kosta.

Senegal herrialde nahiko handia da eta, hortaz, kontraste handiak daude iparraldea eta hegoaldea konparatuz gero. Urdaibai dagoen eskualde ekologikoa, hain zuzen, Sudango Hegoaldeko Sabana da, non akazia handiak eta zelai berdeak nagusi diren.

 

Bestalde, satelite-puntuak behatu ondoren, Urdaibairen ohitura berriak ezagutu ahal izan ditugu. Lehen orduetan hotel-konplexu baten kaian egon ohi da eta, bertan ordu batzuk eman ondoren, barrualderantz jotzen du berriro, deltan eratzen diren aintzira txikietarantz. 18:00ak aldera Urdaibaik atseden hartzea erabakitzen du, eta horretarako barnealderantz joaten da. Seguruena da bertan, zuhaitz ugariko guneetan, babestuago sentitzea.

Google earth-etik harturiko argazkia, Urdaibairen azken mugimenduak adieraziz.

AZAROAK 6-18 SENEGALEKO KOSTALDEAN ZEHAR GUSTORA

Egunak aurrera doaz eta gure laguna inguru berdinean dabil hegan, kostaldeko erliebea zehatz-mehatz aztertzen.

Thies-eko kostaldeko panoramika, Senegal. Egilea: Faisan.jeanluc.

Urdaibai-k aukeratutako eremu berri hau Thies-eko eskualdean dago kokaturik, Dakarren atzetik Senegaleko eskualde populatuena da. Kostaldeko biztanleak arrantza, nekazaritza eta turismotik bizi dira; eta aurreko post-etan aipatu zen bezala gure arranoa Petite Côten dago, Senegaleko zonalde turistikoenetako baten. Bestalde, barnealdeko biztanleak kakahuete laborantza eta fosfato meategien ustiaketatik bizi dira.

Arrantza ontziak Thies-eko kostaldean, Senegal. Egilea: Bart van Poll.

Serer herriaren lur hauetanUrdaibai gelditu gabe ari da mugitzen eta hainbat ibai eta Ouran, Ker Boua, Ponto eta aipaturiko Nianing eta M´Bour herrien gainetik egin du hegan. Horrez gain, Nianing Basoaren mugetan sartu dela aipatu beharra dago.

Kuriositate moduan aipatu beharra dago gure arranoa zelako azkarra izan den, izan ere egun batzuetan zehar hotel bateko moilan aritu da arrantzan.

 



AZAROAK 3 – SALOUM DELTARA HURBILTZEN ARI DA

Gaurko eguneko lehenengo puntuak 13.00etan jaso ditugu. Urdaibai iparraldera zegoen, M’Bour-en hegoaldean dagoen ibai batetan.  Gero hegoalderantz egin du berriz ere eta, bi orduren bueltan,30km eginak zituen, 40km/ordu inguruko abiaduran. 15.00etarako Joal-Fadouth-era heldua zen, estuario batetan kokaturiko hiria, Saloum Delta handitik 15km-tara. Azken hau hegaztientzako paradisu natural bat den arren, Joal-Fadouth-en ere oso egokia da arrano arrantzale batentzako. Izan ere, bertako ekosisteman Saloum deltaren bihotzean topa daitezkeen elementu berberak ditu: laberinto-paisai bat, mangladiz estalirikoa eta hauek zeharkatzen dituzten ur gaziko ubidekin, “bolong” deritzenak, hegazti arrantzaleentzako bizileku ezinhobeak. Horrez gain, areazko irla txikiak ere badaude, eta baita baobab eta akaziak ere.

Hegaztiak bolong batean, Saloum deltan, Senegal. Egilea: Ji-Elle

 



AZAROAK 2 –PETITE CÔTE-KO HIRIETAN ZEHAR

Goizeko 9.000ak aldera, Urdaibai martxan jarri zaigu berriro ere. Gaur ere M’Bour hiriaren erdi erditik pasa da, baina oraingoan hegoaldera jo du. Ibai baten ondotik pasatzerakoan, gure arranoak bi orduko geldialdi bat egin du, ziurrenik arrantzan egiteko, bere hegaldiarekin jarraitzeko indarrak hartuz. “Petite Côte” deritzona zeharkatzen jarraitzen du, eta bertan kokatzen dira, hain zuzen, hiri jendetsuenak. Horrela, ez da denbora asko pasatu beste hiri batekin topo egin arte, oraingoan Nianing. Hau ere bere aurreko hegalditik ezagutzen zuen. Hemen ere, iparraldetik pasatzen den ibai batean gelditu da ordu batzuez.

Dagoeneko, gure arranoak ondo ikasi du kostaldetik hegan egiten badu ibai handi guztiekin gurutzatuko dela, behar dituen arrainak eskura izango dituela ziurtatuz.

Nianing inguruko paisaia. Egilea: oft-quoted Mandrake

Lo-toki gisa bertatik 5km ingurura, barrualderantz dagoen herri txiki bat aukeratu du.

 



AZAROAK 1– URDAIBAIK DAKAR UZTEN DU

Gure arrano gaztea berriz ere hezegunetik irten da. 10:00 inguru hegoaldera joatea erabakitzen du, aurreko egunetan bezala, baina gaurkoan abiadura handiagoarekin: aurreko egunetan bere hegaldi luzeenak 6 km ingurukoak izan direnean, gaurkoan ordu batean 22 km baino gehiago egiteko gai izan da, 70 km/orduko abiadurarekin. Hau ez dirudi inguruko hegaldi txiki bat izango denik…

Bi ordutan Senegaleko kostaldera heldu da, Cabo Verde penintsula atzean utziz. Somone izeneko laku bat zeharkatu du eta bertan lur korronteak direla eta altura irabazi du, 380 metrora helduz. 7000 hektarea dituen laku honek Erreserba natural bat da, eta hegazti askorentzat “santuario” antzeko bat da, bertan hainbat hegazti mota bizi baitira urte osoan zehar, pelikanoak, flamenkoak, eta zazpi lertxun mota, besteak beste. Gainera arrano arrantzale batzuek negutze toki bezala aukeratu dute inguru hau. 

Inguru hau zeharkatu ondoren, barnealderantz jarraitu du, hego-ekialderantz. Hiri handiak zeharkatu ditu, Somone eta Ngaparou, besteak beste. Senegal biderantz zihoanean  M’Bour izeneko hiria zeharkatu zuen eta orain badirudi berriz harantz doala.

14:00 inguru hiriko bihotzera sartu da eta bueltaka ibili da inguruetatik. Geroxeago, 18:00 inguru, gelditu egin da gaua pasatzeko, M’Bour-etik 4 km-tara dagoen inguru lehor batetan. Kontutan izan behar dugu Sahel-eko eskualde batetan gaudela, Baobab eta akaziazko zuhaitzez beteta.

Baobab zuhaitzak M’Bour-etik hurbil, Senegalen. Egilea: Udo Schmidt.

Oraingoan ere, Urdaibaik egindako bidea berregiten ari da.

 



URRIAK 31– BESTE ITZULI BAT

Gaur ere Urdaibai bere oasi txikitik irteten da. Gaurko egunean 10:00etan hegaldiari hasiera eman dio Hann badiarantz berriz ere. Golf zelaira itzultzerakoan lekuz aldatzea erabakitzen du, eta zelai erdian, zuhaitz batzuetan geldirik egon denaren seinalea dugu. Zuhaitz hauek laku handi baten ondoan daude.

Ordu bat beranduago Malikatik hurbil aurkitzen dugu bere seinalea, aurreko egunetan egondako gunerantz itzuliz. Ordu bat beranduago, 13:00 inguru, berriz ere bere oizko tokira bueltatuko da, Technople-ko kanpo zelaira, bere egunari emailera emanez.

 



URRIAK 30- HIRITIK BUELTATXO BAT

20 egun inguru ia mugitu gabe egon ondoren, Urdaibaik Technople-tik irtetzea erabakitzen du hiri gainetik hegan egiteko. 13:00 inguru hegan egiten hasi da, hegaldi ez oso luze batetan. Itsasora hurbildu da, Hann badiara konkretuki, zegoen tokitik hegoaldera. Inguru hau arrantzale herriz beterik zegoen , baina gaur egun, inguruko isurketen ondorioz, oso kutsatuta dago zonalde hau.

Gure arranoak 80 metroko altura batekin hegal egin du ingurutik zehar, gero Pikine-ko gune berdera itzuliz. Gaurkoz hegaldi txikia amaitu da.



URRIAK 21-29–TECHNOPLEN JARRAITZEN DU

Urdaibai Technople-ko hezegunean jarraitzen du, Dakarren, bere eguneroko ohikeriarekin jarraituz. Dirudienez golf zelaian bere behar guztiak asetzen ditu, egun hauetan inguru horretatik ez baita mugitu.

Satelitearen puntu berriei adi egongo gara. 

 



URRIAK 10-20

Antza, gure Urdaibai gazteak Technopolen geratzea erabaki du, azken 10 egunetan ia-ia ez baita bertatik mugitu. Baina ez du batere gaizki aukeratu, izan ere, hezegunea Cabo Verde penintsulako hegaztientzako toki egokienetarikotzat jotzen da. Bertan ur-hegazti mordoa aurki daiteke, besteak beste, lertxunak, lertxuntxoak, ubarroiak, pelikanoak, txenadak eta mokozabalak. Gainera, 100km-ko gune batean urtarokoa ez den urmael bakarra da; hortaz, urtaro lehorra heltzen denean hemen ez du arazorik izango.

Azpimarratzekoa da gure arrantzalea ez dela hezegune guztian zehar mugitzen, baizik eta 500 bat metroko zabalerako gune batean, golf zelaiaren eremuaren barruan. Gainera, bere ohiturak hartzen hasia da, eta dagoeneko baditu bere leku gogokoenak, bai arrantzan egiteko eta baita pausatzeko zein gaua igarotzeko.

 



URRIAK 9 – TECHNOPOLE-KO HEZEGUNERA MOLDATZEN

Goizean goiz, gure arrantzale gaztea Malikatik atera da mendebalderantz. Hondartzetik gertu dagoen baso batetan geldialdi bat egin eta jarraian, zuzen-zuzen abiatu da azken aldian maiz bisitatu duen gune berderantz. Technopole izenarekin ezagutzen den hezegunea da, hiriaren bihotzean kokaturikoa. Senegaleko hiriburuaren itxuraldatzearen ondoren, nekazaritza eta urbanismoaren garapena direla eta, bizirik dirauten hezegune gutxietako bat da.

Urdaibaik hezegunean pasatu du gaua, berriro ere golf zelaiaren inguruetan, ziurrenik bertako urmaeletako arrainek erakarrita.

Technopole-ko hezegunea, eskumara, eta golf-zelaia ezkerretara, berdez adierazita. 

 



URRIAK 8

Udaibai aurreko egunetan baino lehenago jaiki da gaur. Eguneko lehen orduak Malikan pasa ondoren zuhaitz batetik bestera, laku eta baso txikien artetik, hiriburura hurbiltzea erabaki du berriro ere. Gaurkoan Goree-ko badian egon da, penintsularen hegoaldeko kostan, Senegalgo hiririk jendetsuena den Pikine-tik hurbil, Dakar hiriaren mendebaldean.

Pikine hiria, Senegal. Egilea: USGS

Itsasertzera hurreratu ostean hirirantz jo du berriz, atzo ezagutu zuen gune batean ordu batzuk emateko. Hiriaren bihotzean dagoen 350 hektarea inguruko orban berdean ibili da, zehazki, gunearen alboetako bat hartzen dituen golf-zelai batetan. Hurrengo puntuak Malikan kokatu dute berriro, arratsaldeko azken orduetan. Bertan eman du gaua, atzoko toki berberean.

 



URRIAK 7 – DAKAR HIRIRA HELDU DA

Gaur Urdaibai Cabo Verde penintsulan zehar jarraitzen du, Dakarrera bidean. Antza gizakien presentzak ez dio axola, Senegalgo eskualderik jendetsuenera joan da eta. 8.00etarako N’Gor-era heldua zen, penintsularen ertz-ertzean, eta arroka batzuetan pausatu da itsasoari begira. Bere posizioagatik pentsa dezakegu Dakarreko aireportuaren gainetik hegan egin duela.  Geroxeago, iparraldeko itsasertzetik jarraitu du eta baita hondartzaren erdian gelditu ere, Senegaleko hiriburuaren turismoan klabe dena.

Dakarreko badia. Egilea: j.m. brunois

Yoff hondartza turistikotik pasatu ostean hirigunean sartu da, Pikine inguruan dauden golf zelai handi batzuetatik igaroz. Ondoren, Guediawaye hiria zeharkatu du eta Malikan bukatu, gaur egun Dakarrekin bat egiten duen hiria. Itsasotik oso hurbil dagoen gunea aukeratu du, laku txiki ugarirekin eta palmondoz betetakoa. Bertan, biztanleek gatzaren erauzketan egiten dute lan. Irudian ikus dezakegun bezala, zuhaitzen artean pausatuta eman du gaua.

 

 



URRIAK 6 – DAKARRERANTZ

Gaurko eguna 9.00 hasi da. Iparralderanzko bidaiak aurrera darrai.

Harritzekoa da ikustea egunetik egunera nola urruntzen den gure arrano gaztea bere negupasarako tokia izatea espero genuen eskualdetik. Afrika Mendebaldeko delta handiak arrano arrantzale batentzako ekosistema ezin hobea dira eta milaka hegazti migratzailek aukeratzen dute urtero negua pasatzeko. Aldiz, gero eta lehor eta jendetsuagoak diren lurretatik jarraitzen ari da. Goizean, M’Bour hira zeharkatu du, 150 000 biztanle ingurukoa. Ondoren, Somone ibaiaren inguruetatik zenbait geldialdi egin ditu, igilduaren bukaeran sortzen den urmaeletik oso gertu.

M’Bour-eko portua, Senegalen. Egilea: KVDP

Eguerdi aldera ipar-hegoalderantz jarraitu du, laborantza-lurren, sabanaren eta herrixka txikien artetik. Gaua pasatzeko ibai batek zeharkaturiko finka bat aukeratu du, dagoeneko Dakarretik 20 km ingurura.

Hegaztiak Somone urmaelean, Senegalen. Egilea: (WT-shared) Ankit1011

 



URRIAK  5 – SALOUM ATZEAN UZTEN

Gaur gure arrantzale gaztea 9.00ak aldera jarri da martxan eta, antza denez, egun hauetan egindako bidetik itzultzeko asmoa dauka oraindik ere, iparralderantz egin du eta. Nahiko altu hegan egiten jarraitzen du eta gaurkoan ere ez da ibaian gelditu.

80 km baino gehiago egin eta gero, sabanan bukatu du eguna, Nianing hiri txikitik 4km-tara.

Joal-Fadiouth, Urdaibaik gaur gurutzatu duen itsasaldeko herrietako bat. Egilea: Gillespaveau

Bihar jakingo dugu bere hasierako ibilbidetik aldentzen jarraitzen duen.

 



URRIAK 4 – EGINDAKO BIDETIK BUELTATZEN

10.00ak aldera, Urdaibai iparralderantz abiatu da berriz ere, itsasertza erreferentziatzat hartuta, aurreko egunetan egin duen bezalaxe baina kontrako noranzkoan. Badirudi distantzia handi bat egiteko asmoa duela, izan ere, Gambia zeharkatzerakoan oraingoan ere ez du itsasadarrean geldialdirik egin. Bere ibilbidea zuzen samarra da; itsasoaren gainetik ere hegan egin du kilometro batzuez, Gambiako golko txikian zehar. Gainera, hegaldi garaia egin du, beti 300 metrotik gorakoa.

Egunero egin ohi duen bezala, 18.00etarako pausatu da, 100km inguru egin ondoren berriz ere Senegalgo lurretan. Beheko irudian ikus daitekeenez, Urdaibai lehenago egindako bidetik atzera egiten ari da. Gaur Saloum deltatik hurbil igaro du gaua, bere migrazio-bidean topatu zuen itsasaldeko lehen eskualdea.

 



URRIAK 3 – CASAMANZAN ZEHAR

Gaur gure Urdaibai gazteak ibaiaren iparraldeko partea zeharkatu du, aldez aurretik ezagutzen zituen lurrak. Itsasertzerantz hurreratzen hasi da, gero eta iparralderago, itsasotik 8km-tara gelditzeko, eskualde zertxobait jendetsuagoan. Gaur 100 km egin ditu.

 



URRIAK 2 – SENEGALEN BERRIRO ERE

Cacheu ibaiaren bokalea leku paregabea da gure Urdaibai gaztearentzat. Gaur ere paisaia berde hauek esploratzen eman du goiza, baina oraingoan estuarioaren barnealdeko partean, hareatza eta mangladien eremu handiagoak dituena eta, antza, itsasaldekoak baino hobeto kontserbaturioa.

Eguerdian, baina, Senegalerantz itzuli da, berriz ere Casamanza ibaira. Puntu honetan, Cacheu eta Casamanza ibaien barnealdeko ubideek bat egiten dute mangladi zabalen artean. Ekosistema beretsuan dago, beraz. Bere ibilaldia, ohi den bezala,  18.00ak aldera bukatu da, Morikounda herritik hurbil.

Casamanza ibaia, Senegalen. Egilea: Ji-Elle

 



URRIAK 1 – HURRENGO GERALEKUA: GINEA-BISSAU

Gaur gure Urdaibai goizean goiz jarri da martxan, Casamanza uzteko prest. Berriro ere hegoalderantz zuzendu da, geldialdirik egin gabe eta zuzenean itsasertzerantz; itxura denez, kosta gida moduan hartzen duela. 13.00ean Ginea-Bissau herrialdean sartu da eta kostaldera heltzerakoan eten bat egin du, Varela Parke Nazionalaren pean babestutako lurretan.

Varela Parke Nazionaleko hondartza, Ginea-Bissau-n. Egilea: Pis bus

Itsasertzetik kilometro batzuk baino ez ditu egin behar izan beste estuario handi batera heltzeko, oraingoan Cacheu ibaiarena, Ginea-Bissauko zabalenetarikoa. Honen zati handi bat babestuta dago, Cacheu Ibaiaren Mangladien Parke Naturalaren izenarekin. Mangladiek 30000 hektarea hartzen dituzte, ekosistema honek eratzen dituen gune handienetarikoa izanik Afrika Mendebaldean.

Estuario paisaia Ginea-Bissau-ko kostaldean. Iturria: Associação Guiné-Bissau CONTRIBUTO

Aurreko egunetan bezala, 18.00ak aldera itsasadarraren barruan atseden hartzea erabaki du, ibaiaren iparraldeko mangladi batean. Zalantzarik gabe, gune ikusgarri bat hautatu du, segurua eta gizakitik aldenduta gainera.

Urdaibairen  lo-tokia, Cacheu-ko mangladietan.

 



IRAILAK 30–CASAMANZA IBAIAN

Gaurko egunean Urdaibaik bere negupasarako area izan daitekeena esploratzen ibiliko da. Ibaiaren ubide nagusira hurbildu da gaurkoan, 4 km inguruko zabalera daukana. Hemen, atlantikoko ura barrualderantz sartzen da, Casamanzako ibaiaren urekin nahasiz eta meandroen labirinto bat eratuz irlen artean.

Mangladia Casamanza ibaian, Senegalen. Egilea: Ji-Elle

Ez dakigu azkenik hau izango den gure arrano gazteak aukeratuko duen eskualdea. Adi-adi ibiliko gara gure Urdaibairen mugimenduei.

 



IRAILAK 29– AFRIKAR KOSTALDEAREN ERTZETIK

29an, gure esploratzaile gazteak goiz hasi du eguna. Bere habitat berrira ohitu eta gero, hegoalderantz jarraitzea erabaki du, agian hezegune berriak ezagutzeko asmoz.

13.00etarako Gambiako muga gurutzatua zuen, gaua pasa zuen tokitik kilometro gutxitara. Herrialde txiki honen lurrek Gambia ibaiaren erribera hartzen dute eta arrano arrantzaleen negupasarako guneetako bat da. Kasu honetan, baina, badirudi ez dela bertan geratuko.

Gambia ibaia. Egilea: Jurgen

Urdaibaik ibaiak dituen 50km eskasak gurutzatu ditu ordu bat baino zertxobait gehiagotan eta ez du bertan geldialdirik egin; kostaldean zehar jarraitzen du hegoalderantz.

Arratsaldea Casamanza eskualdean pasatu du, berriz ere Senegaleko lurretan. Gaurko bidaia 19.00ak aldera bukatu da Casamanza ibaiaren itsasadarraren iparraldeko besoetako batean. Gune hau pribilegiatutzat hartzen da bere natura dela eta. Paisaiak aurreko geldialdietakoen antzeko da biana zertxobait berdeagoak, gune tropikalera hurbiltzen da eta.

 



IRAILAK 28 – SALOUMEN DELTA ESPLORATZEN

Gaua pausalekuz pausaleku eman ondoren, Urdaibai martxan da berriro ere. Gaurko erritmoa zertxobait geldoagoa da; deltan zehar itzulinguruak ematen ditu, abiadura baxuetan. Gaur 130 km inguru egin ditu.

Saloum-en deltaren ubideak. Egilea: KaBa (KaaBaa)  

Gaua pasatzeko itsasaldetik hurbilago dagoen puntu bat aukeratu du; paisaia ikusgarri bat, mangladiz inguratutako areazko irlaz osatuta, deltaren menadroek zeharkatzen dituztelarik. Gune honetan, gainera, bere migrazio-kide izan diren espezie askorekin egongo da, seguruenik.

 

Ehunka hegaztik deltan pasatzen dute negua urtero. Egilea: Ji-Elle   

 



IRAILAK 27– KOSTALDERA HURBILTZEN DA

Atseden luze baten ostean, 8.00etan martxan jarri da berriro ere. Orain zuzenago doa kostalderantz, hainbat delta dituen gune baterantz, hain zuzen. Gure arrantzale gazteak argi zeukan bere helmuga, bere hegaldian ez baitu atsedenik hartu harik eta Saloum-en Delta zabalera heldu den arte. Izen bereko ibaiaren bokalea dugu Saloum, sakontasun txikiko badiaz, mangladi eta areazko irlez josita. Gune hau Gizateriaren Ondarea da eta, parti handi batean, Parke Nazional gisa babestuta dago, hegazti migratzaile askorentzat negutze-area bezala duen garrantziagatik. 220 km baino gehiago egin ditu.

 

Saloum-en Delta, Senegalen. Egilea: USGS

Deltako puntu ezberdinetan eman du gaua, ziurrenik lasai asko elikatzen. Urdaibai gazteak datozen hilabeteetan bere etxea izango den lurra ezagutu du. Orain, hura aztertzeko garaia da eta bide batez, erabakitzeko zein toki duen gustukoen.

 



IRAILAK 26 – SENEGAL ZEHARKATZEN

Senegalgo lurretan sartu berria, egunaren lehen orduetan Urdaibaik Senegal ibaiaren ibilgutik jarraitzen du, gune honetan bere 1800km inguruko ubidearen azken zatia egiten duena.

 Senegal ibaia. Egilea: Bourrichon

Eskualde honetan gure arranoa paisaiaren aldaketa bat aurkitzen hasi da. Hemen akazien sabana zuhaizduna da nagusi, Sahel eskualde osoan gertatzen den bezala. Gainera, gure arranoaren pasea euri-garaiarekin bat dator; hortaz, inoiz baino paisaia biziagoa izango da.

Akazien sabana. Egilea: Haplochromis

Eguerdian ibaitik aldentzen hasi da mendebalderantz, Senegaleko kostalderantz zuzenduz. Gaurko hegaldian Ferlo Nord Faunaren Erreserbaren gainetik egin du hegan, bere 1150km2-etan zehar hainbat ibaiek zeharkatzen dutena. Hilabete hauetan, gainera, euri-garaian, urmael txikiak eta putzuak eratzen dira.

Egun luzea izan da gaurkoa, izan ere, 400 kilometro baino gehiago egin ditu, 55km/ordu-ko bataz besteko abiaduran. 19.00ak aldera egunari amaiera eman dio Soringoko herritik hurbil, gunea zeharkatzen duten errepide batetik hurbil.

 



IRAILAK 25 – SENEGALEN DAGO JADA

Zonatik hainbat itzulinguru batzuk egin ostean Urdaibaikabiatzea erabakitzen du, baina Senegalera zuzen joan beharrean, bere norabidea aldatzen du eta ekialderantz doa Mauritania eta Senegalen arteko mugatik urrunduz.

Eguerdian bere norabidea zuzentzen du eta Senegal ibairako bidea hartzen du “Boguel Fadoua” herri gainetik hegaz eginez.

17:00etan gelditu egiten da eta Senegal ibai handiaren ertzean egiten du lo. Mugatik oso gertu dago.

Boguel Fadoua herria airetik ikusita.

 



IRAILAK 24 – URDAIBAI BERE HELMUGARA HURBILTZEN DA

Urdaibaik bere etapa berria 6:00ak baino lehenago hasten du, eguneko ordu freskoenetan hegaz egiteko aprobetxatuz. 9:00etan arboladi batean atseden hartzeko gelditzen da eta bere bidea bi ordu beranduago jarraitzen du.

Gaur zorte oneko eguna izango da Urdaibairentzat, izan ere, bere bidean  indarberritzeko erabiliko dituen arro hidrologiko txikiak aurkituko ditu. Horietako lehenengoa 11:00etan aurkitzen du,  N´Beika izeneko zona da, non zuhaizti eta meandro txikiak dauden.

N´Beika, Mauritania.

N´Beika, Mauritania, Google Earthetik ikusita.

17:00etan Senegaleko mugatik 40km baino gutxiagora gelditzen da, gutxi falta zaio bere helmugara heltzeko.

El Kseiba izeneko herrixkatik gertu egiten du lo, bidaiako zatirik txarrena pasatu da dagoeneko.

El Kseiba herrixkako ingurunea.

 



IRAILAK 23 – PAISAIA BIZIAGOETARANTZ

Urdaibaik bere etapa berria oso goiz hasi du, ezin da denborarik galdu. Gure arrano gazteak basamortu latza atzean uzten ari da zona berde eta jendetsuagoetara sartzeko, Tagant erregioan dagoeneko. Rachid herrixka kasu, urteko parterik handienenean siku egoten den ibai ondoan dagoen herrixka. Gabou ibaitik gertu pasatzen du gaua, altitude txikian dagoen gunean.

 

Rachid, Mauritania

 



IRAILAK 22–ADRAR-EKO ESKUALDEA ZEHARKATZEN

Goizeko 7.00etan eman dio hasiera gaurko etapa berriari. 9.00ak aldera geldialdi txiki bat egin du berriz ere, ziurrenik ordu horretan tenperaturaren igoera bortitza gertatzen delako. Aipatzekoa da Urdaibai altuera handietan hegan egin duela oraingoan, askotan 2100 metrotara iritsiz.19:00etan bere gaurko hegaldia bukatzean erabaki du, Richat-eko egitura ezagunetik hurbil eta Tiris zemmour eta Adrar guneen arteko mugatik kilometro gutxitara.

 

Adrar, Mauritania erdialdeko eskualdea. Egileak: Ji-Elle eta Manu 25        

Gaurko eguna gogorra izan da gure Urdaibairentzako; izan ere, 420 km baino gehiago egin ditu basamortutik eta etenik egin gabe.

Richat-eko egitura Sahara basamortuan. Iturria: http://photojournal.jpl.nasa.gov/catalog/PIA04963

 



IRAILAK 21–MAURITANIARA HELDU DA

Goizeko 9.00ak aldera hegoalderantz abiatu da berriro ere, Mauritaniara pasatzeko. Interesgarria iruditu zaigu, Udaibai, Urretxindorra eta Brinzalen ibilbideak konparatzerakoan, gure arranoen migrazio-bideak bat egiten dutela Mauritaniako iparraldeko gune berean, Tidris Zemmour eskualdetik inbutu antzeko bat eginez.

 

Tiris Zemmour, Mauritanian.

12:00ak inguruan, Argelia eta Mauritaniaren arteko muga zeharkatzen du eta 18.00etan atseden hartzeko gelditu egin da, bertan gaua egiteko. Gaur 340 km baino gehiago egin ditu munduko gunerik idorrenetariko batetik. Biharko egunak abentura gehiago ekarriko dizkio.

 



Irailak 21: ANTI ATLASETATIK SAHARARA

Goizeko 9:00ak inguru zirenean bere bidea jarraitzea erabaki du. Horrela gauzak, Anti Atlasen ekialdeko partetik igaro da. Beste batzuen artean, Jebel Saghro mendikate bolkanikoa zeharkatu du, Atlas eta Sahararen arteko mugan.

Jebel Saghro mendikatea. Egilea: Hadraj

Eguerdian, Marruecos utzi eta Algeriako lurretan sartu da mendebaldetik, Sahara zeharkatzeko, ziurrenik bere bidaiaren zati gogorrenetarikoa.  Nahiko altu egin du hegan tarte honetan, 2000 metrotik gorako altueretan eta 60 km/ordu-ko bataz besteko abiaduran.  19.00ak aldera, atseden hartzea erabaki du berriz, eta  Tinduf-etik oso hurbil egin du gaua, Errefuxiatu Saharauien Kampamenduen kokalekua.

  

Sáharako basamortua. Egilea: mtsrs                            Tindouf. Egilea:  European Commission DG ECHO

 



Irailak 19: Atlas medikatea zeharkatuz

19ko lehen orduetan bere bidea hasten du. Fez guztiz zeharkatu ondoren Taouerda herri ingurutik Atlas mendikatea zeharkatzen hasten da. 13:00 inguru zirenean, Atlas Handiko lehen mendiak ikusi zituen eta 14:00 zirenean altura hartu zuen 2000 metrotara igoz eta bere abiadura nabari bajatuz. Atlas Handiak 4 ordu ingurutan zeharkatu zituen eta Antiatlasak zeharkatu aurretik, “Sus masa draa” izeneko erregio batetik gertu egin zuen lo, Atlas Handia eta Anti Atlasaren artean dagoen arroan, Tazekka Parke Nazionaletik kilometro gutxitara. 

Tazekka Parke Nazionala     

 



Irailak 18: Alboran itsasoa zeharkatu du.

          Granadako kostaldean gaua pasatu ondoren, egunaren lehen argiarekin, Alboran itsasoa zeharkatzea erabaki du baina azkeneko momentuan Motril ingurura bueltatu da. Azkenean, Salobreña izeneko herri batetik zuzen Afrikarantz abiatu da. 7:00ak inguruan kostaldea atzean utzi du eta 12:00etarako Afrikan zegoen jadanik. Hasiera batean altuera irabazi zuen baina kostaldetik 20 km ingurura urrundu zenean oso baxu hegaz egiten hasi zen. Abiadurari dagokionez, bataz besteko 46 km orduko egin ditu Alboran itsasoa zeharkatzen, eta guztira bost ordu inguru eman ditu hegaz egiten Afrikako kostaldera heldu arte.

   

Alhucemas golkoa. Egilea: Ignacio Gavira.                                                            

           Alhucemaseko golkotik gertu sartu da Afrikako lurraldeetara. Puntu honetatik Afrika barnealdean hasi da sartzen gaueko bederatzietan Bir Tamtam herritik gertu dagoen labore lur bateko linea elektriko bateko dorrean gaua pasatzeko, Iddris I. urtegitik gertu.

 



IRAILAK 17: SIERRA NEVADA GURUTZATU ETA GRANADAKO BEHE ALPUJARRARA AILEGATU DA

Irailak 17ko goizean mendizerra utzi du bere  Afrikaranzko bidea jarraitzeko. Puente de la Cerrada urtegia eta Magina mendizerra zeharkatu ditu, goizeko 11.00k aldera Granadako probintziara iristeko. Sierra Nevada mendizerra zeharkatu -hegaldian 2500m-ko altuera lortu du- eta azkenik Almuñecarreko kostaldera heldu da 14:00etarako. Bi egun baino ez ditu behar izan Urdaibaitik Andaluziako kostaldera ailegatzeko.

Kilometro batzuk egin ditu itsasoan barrena eta Granadako kostaldera bueltatu da berriro, ziurrenik bidean aurkitu dituen kontrako haize boladak direla eta. Gaua Granadako Behe Alpujarretan igaro du.

  

Gualchos, Behe Alpujarra.                                   Almuñecarko kostaldea. Egilea: Ignacio Gavira

 



IRAILAK 16: GAZTELA-MANTXA GURUTZATZEN

Irailaren 16an Guadalajaratik irten eta Gaztela-Mantxako Autonomia Erkidegoa gurutzatu du, beti egunez. Madril eta Toledoko probintzien artetik pasatu eta gero, Ciudad Realera ailegatu da eta Cabezuelako urtegia zeharkatu du Valdepeñaseko udalerrian.

   

Cabezuelako urtegia           

Arratsaldeko azkeneko orduetan Andaluzian sartu da eta 22:00ak inguruan Cazorla, Segura eta Las Villaseko Mendizerretako Parke Naturalean egin du geldialdia. Gaua, berriz,  Guadalimar ibaiaren inguruetan pasatu du.

   

Cazorlako mendizerra.                                          Guadalimar ibaia, Jaen. Egilea: Casasdebeas.

 



IRAILAK 15.- BIDAIA HASIA DA

Goizeko 11:00k inguruan bere bidaia hasi du. Ordu oso bat gelditu gabe hegan egin ondoren, Bizkaia eta Arabako mugan hartu du atseden, Ubidean hain zuzen ere, Gorbeiaren gibelean, Urdaibaiko paduretatik 50km-tara. Ibilbide hau ordubetean egin du 70km/h-ko abiadurarekin. 

  

Gorbeiako Natur Parkea. Egilea: Mikel Carrasco                                                                                              

Gorbeiako mendizerra gainditu ostean, hegoalderantz jarraitu du hegan, Kantabria mendizerra eta Ebroko harana gurutzatuz eta Najerilla ibaia jarraituz. Errioxatik jarraitu du eta Burgos eta Soria artean dagoen Cañón del Río Lobos-eko Parke Naturala zeharkatuz.

19:00etan Guadalajarako Iparraldeko Mendizerrako Parke Naturalean gelditzen da eta Valverde de los Arroyos udalerritik gertu dagoen Ocejón tontorraren inguruan amaitzen du eguna, 1600m-tako altueran.

 Cañón del Río Lobos-eko Natur Parkea. Egilea: Pallares1

Egun osoan 270km-ko distantzia egin du, bataz beste 65km/h-ko abiadurarekin.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information