"Montorre" arrano arrantzalea (P6)
Biografia “Montorre” Kinbrace herrian –Sutherland-eko konderrian, Eskoziako iparraldean- jaiotako emea da. 4 edo 5 asteko adina zeukanean atera zuten uztailaren 5ean eta 1500g pisatzen zituen momentu horretan. PVC-zko eraztun horia dauka P6 kodearekin bere urruneko identifikaziorako.
Hurrengo sarreretan arrano arrantzale honen bidaia jarraitu ahal izango duzue. AZAROAK 26 – “MONTORRE”ren BERRIRIK GABE
Ia hilabete bat pasa da “Montorre”ren azkenengo eguneratzea egin genuenetik, eta oraindik seinalerik jaso gabe jarraitzen dugu. Baina ez kezkatu! Honek ez duelako esan nahi zer edo zer gertatu zaionik, baizik eta bere transmisorea ez dabilela.
Emisioa galdu zen momenturarte "Montorre"k egindako bidaia Hala ere, gogorarazten dizuegu “Montorre” P6 kodea daukan PVCzko eraztun horiari esker identifika daitekeela oraindik. Berri gehiagoren zain gaude eta, ziur egon, zerbait jakitean jakinaraziko dizuegula. Tamalez, momentu honetan ez daukagu inolako informaziorik, eta horregatik, “Montorre”ren jarraipena bertan behera utziko dugu, momentuz. Ez etsi, beharbada pare bat urteren buruan Urdaibaiko paduretan topatu ahal izango baitugu. Zorte on!!
IRAILAK 30 – MOULAY YOUSSEF URTEGIAN
Montorreri buruzko azken berriak irailaren 30ekoak dira. Timnoutine-tik gertu dago, Moulay Youssef urtegiaren ertzean kokatuta dagoen herritik gertu, Marrakech hiri magikoaren ekialdean. Dakizuen moduan, Montorreren transmisoreak aurretiaz ere arazoak eman dizkigu; izan ere, horrela izan da jarri genion momentutik. Horregatik, datuak ematen dizkigun Argos enpresarekin kontaktuan gabiltza lehenbailehen arazoa konpontzeko eta zuei gure arranoa egunero nondik dabilen zehaztasunez ezagutarazteko. Momentuz, argitu dezakegu Montorre Casablanca eta Rabat hirien artean pasatu dela hego mendebalderako norabidean, eta irailaren 26an arratsaldeko 16:00 960m-ko altueran hegaz egiten ari zela Al Massira urtegiaren ekialdetik eta El Borouj herriaren hegoaldetik. Bere hegoalderanzko bidea jarraituz, herri eta nekazal lur ugarietatik ibili da Oulad Aarade herriaren hegoaldeko fruta-arbolen landaketa batean atseden hartu duen arte. Irailaren 27an berriro ere hego ekialderanzko norabidea hartu du eta Ouled Maazouze bezalako hainbat herri eta kooperatibetatik pasa da. Goizeko 9:00etan Rocade izeneko kanalaren mendebaldeko ertzeko zuhaitz batean zegoen. Azkenik, Iberiar Penintsulatik egindako bidaiaren egunetako datuak heldu zaizkigu, bere momentuan ailegatu ez zitzaizkigunak. Horietan ikus dezakegu mendebaldetik egin duela bere ibilbidea Burgos, Valladolid, Segovia eta Toledoko probintzietatik eta gero Extremaduratik igaro delarik Portugaleko hegoaldera heldu aurretik.
IRAILAK 24-25.- ALGARBETIK MAROKORA
Ordu batzuez bere arrastoa galdu dugun arren, badakigu Montorre Portugalgo Algarbean zehar hegan ibili dela eta Faro hirira heldu dela. Bertan, Ría Formosa aukeratu du indarrak hartzeko, penintsula hegoaldeko padurarik garrantzitsuenetarikoa. Urmael sistema bat da; kanal, irla, hezegune eta hareatzez osaturiko labirintoa, 60 km-ko luzera duena eta Parke Natural izendatua dagoena, bere balio ekologikoa dela eta, besteak beste hegazti migratzaileentzako duen garrantziagatik. Puntu honetan, gure arrano gazteak garrantzizko erabakia hartu beharko du: Kostaldetik jarraitu Giraltar itsasartera iritsi arte edo itsasora jo zuzenean Afrikara heltzeko. Lehengo aukerak logikoena eta seguruena dirudi, izan ere, gune horretatik itsasoan sartzean baliteke ekialdeko haizeek Ozeano Atlantikorantz eramatea. Hegatzi askori hiltzen dira urtero era honetan, Afrikara bidean zeharkatzen saiatzen direnean.
Ría Formosa Parke Naturala, ehunka hegazti migratzaileren igarobidea. Egilea: Cingularite. Itxaronaldi larri baten ostean… satelite seinalea jasotzerakoan arazoak izan ondoren, azkenik jakin ahal izan dugu aukerarik arriskutsuena hautatu duela: itsasorantz jotzea! Eguerdirako bidearen erdian zegoen, 40 km/ordu-ko abiaduran. Zorionez, haizeak bere alde izan ditu eta kontinente berrira onik heltzea lortu du, Rabat ingurutik, Marokon.
Rabat, Maroko. Egilea: Pline IRAILAK 23 .- ALENTEJO, PORTUGALEKO LURRETAN
Bere lehen hegaldiaren ondoren, jaso ditugun hurrengo kokapen-datuak irailaren 23koak izan dira, arratsaldeko 16.00ak aldera. Harrituta geratu gara sateliteak GPS kokapenak Portugaletik bidali dizkigunean, Urdaibaitik 700km ingurura. Lehen puntuaren arabera, Barrancos herriaren inguruetan zegoen, Huelvarekin muga egiten duen Alentejo eskualde portugaldarrean.
Alentejo. Egilea: Andrew Barroso. Hortik mendebaldera jo du, Alentejoko penilautadan barrena landetan geldituz. 19.00ak aldera gelditu da ordu batzuez atseden hartzeko, olibondo eta soroen artean.
Alqueva urtegiko ortofotoa. Gune hau Alquevako urtegitik kilometro gutxitara dago kokatuta, Europako ur-masa kontinentalen artean handienetarikoa. 2011tik hona, inguru honetan arrano arrantzalearen Portugalen berriro sartzeko proiektu bat aurrera eramaten ari da, Urdaibaikoaren oso antzekoa.
Alqueva-ko urtegia. Egilea: Francisco Antunes. IRAILAK 20.- "MONTORRE" AFRIKARANTZ ABIATZEN DA ORAINGOAN BAI! Gautegiz-Arteagako umeak adi-adi daudela eta Urdaibain gure artean 43 egun eman ondoren, “Montorrek” bere Afrikaranzko bidaia luzeari ekin dio!
Goizeko 10:00etan Urdaibaiko itsasadarra gurutzatu du hego-ekialdeko noranzkoan eta Foruako herritik igaro da. Ondoren, Bizkargi mendirantz abiatu da, Urdaibaiko Biosfera Erreserba atzean uzteko. Bere anai-arrebek ez bezala, Mendebalderantz jo du, Laudiotik hurbil dagoen Pagatza menditik pasatuz, Arabako probintzian, dagoeneko. Hor, azken kokapen datuen arabera, hainbat ordu eman ditu zuhaitzetan pausatuta, bidaiarekin jarraitzeko indarrak batzen.
Bizkargi mendia, Bizkaia. Egilea: Josu Bilbao. |