2020. urtean pandemia gorabehera, bisitarien datuak oso positiboak izan dira.
Ostirala, 2021(e)ko urtarrila(r)en 29-(e)an 12:29etan |
2020. urtea oso urte ezohikoa izan da, pandemiaren eraginez, konfinamendua eta mugikortasun murrizketak izan dira egunerokoak. Egoera honek, bisitari atzerritarrak etorri ez izana ere eragin du. Hala eta guztiz ere, urte oso oparoa izan da gure zentroarentzat. Alde batetik guregana in situ hurbildu ahal izan diren bisitariak izan ditugu, eta beste alde batetik, birtualki eta pantaila txikiaren bidez Urdaibaiko naturaren jarraitzaile leial asko bildu zaizkigu urtean zehar. Urtea bisitari fluxu interesgarri batekin hasi genuen, nahiz eta, Covid-19aren eraginez bat-batean moztu zen. Konfinamenduarekin batera, Estatu osoko milaka pertsona Urdaibaiko paduretako zuzeneko emanaldietara lotu ziren, eta Biosfera Erreserbak kanpoan lortu zuen oihartzuna apartekoa izan zen. Hori dela eta, uztailean eta abuztuan Urdaibai Bird Centerrera in situ etorritako bisitarien datuak benetan harrigarriak izan ziren; izan ere, bisitarien kopurua % 10 handitu zen aurreko urtearekin alderatuta, poztekoa benetan COVID-19k jotako uda batean. Bestalde, 2020 honetan, Urdaibaiko biodibertsitatearen paradisu honetan bisitaririk garrantzitsuenek ez zuten huts egin. 250 hegazti espezie inguru izan dira santutegi txiki hau kolorez eta alaitasunez bete dutenak. Beraien artean aipatzekoak dira Arrano arrantzalea, Zezen-txoria eta hegoaldetik etorritako Flamenko bitxiak.
|