Badator udaberria eta Urdaibaiko zikoinak prestatzen ari dira!
Astelehena, 2025(e)ko otsaila(r)en 10-(e)an 09:45etan |
Kortezubi eta Arteaga arteko zikoinen habia hutsik egon da hainbat hilabetez. Bertan belarra ere sortu da adarren artean, eta habiak utzi xamar ematen du. Baina badator aldaketa!!! Esaera zaharrak dioen bezala "San Blasetan, zikoina gure zeruetan!" San Blasak otsailaren 3an ospatzen dira. Eta sorpresa... iritsi dira berri onak. Mauricio eta Filomena iritsi dira habiara eta laister berrituko dute!!! Izena habiaren ondoan dagoen baserrikoek jarri zieten Mauricio & Filomena, 2023 Espero dugu 2025ean bikote horrek iaz baino zorte handiagoa izatea, orduan, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, habia utzi baitzuten inkubazio-aldi baten ondoren. 2023an, ordea, habia honetan hiru txita atera zituzten aurrera. Kortezubi/Gautegiz Arteaga, 2023 Horretaz aparte, Gernikako Andra Mari elizaren goialdean habia egiten duen bikotea ere itzuli egin da. Iaz bi txita hazi zituzten arrakastaz kanpandorreko habian, beraz, espero dezagun aurten ere había beteta ikusiko dugula. Gernika, 2024 Eta Urdaibaiko hirugarren bikotearen berririk ez dugu oraindik. Forun dago había, Atxaga baserriaren alboan eta iaz arrakasta izan zuten eta 3 txita atera zituzten aurrera. Forua 2024 Urdaibain zikoina ugaltzaileak 2003 eta 2008 artean Urdaibai Fundazioak zikoina berreskuratzeko martxan jarri zuen programaren ondorioz sortu ziren. Urdaibaiko Biosfera Erreserban zikoina zuria berreskuratzea eta Bizkaiko populazioa indartzea izan zituen helburu nagusiak. 38 ale Vallcalenteko (Lleida) Basa-fauna Berreskuratzeko Zentrotik hartu eta Urdaibaira eraman zituzten. Katalunian askatu beharrean, hainbat arrazoirengatik (habia erortzea, lehen hegaldian noraezean ibiltzea, etab.) suspertze-zentro horretan egondako zikoina gazte horiek dohaintzan eman zituzten Bizkaiko populazioa berreskuratzeko. Hegazti horiek bi negutan jarraian zaindu ondoren, Urdaibain askatu zituzten. Ikusten dugun bezala, errekuperazio programak arrakasta ere izan du. Neguko hilabeteen ondoren, zikoinen itzulerak itxaropena eta bizitza berriro loratzear dagoenaren sentsazioa dakarkigu. Naturaren erritmoek eta urtaroen aldaketek alaitasuna ematen digute. Badator udaberria eta zikoinak prestatzen ari dira! Datozen hilabeteetan Urdaibaiko zikoina-bikoteen nondik norakoekin jarraituko dugu eta zuok guztiok jakinaren gainean mantenduko zaituztegu. |