Mokozabala berreskuratzeko Proiektua Urdaibain.
Asteartea, 2024(e)ko uztaila(r)en 30-(e)an 15:38etan |
Urdaibai Bird Center mokozabalaren berreskurapenean oinarritutako proiektuaren lehen urratsak ematen hasi da. Urdaibai Bird Centerretik gertu dagoen padura leku egokia da horrelako proiektu baterako; izan ere, habitat optimoa, lasaitasuna, elikagai-eskuragarritasuna eta Urdaibai Bird Centerretik hegaztiak monitorizatzeko aukerak ematen ditu. Urdaibaiko Biosfera Erreserban mokozabalen kolonia ugaltzaile bat ezartzea da Urdaibai Bird Center erakundearen helburua, epe ertainera, itsasadarreko espezie giltzarri gisa duen eginkizuna indartzeko. Gainera, oso tresna erabilgarria izango litzateke ingurumen-hezkuntzarako eta ekoturismorako. Proiektu hau Jerezko Zoobotanikoaren Biodibertsitaterako Kontserbazioko Zentroan itxian jaiotako 5 mokozabal gazte lekuz aldatzearekin hasi da, eta Urdaibaira ekarri dira basa-hazkuntzaren teknikaren bitartez maneiatzeko. Horren bidez, hegaztiak naturagunean bertan mantentzen dira eta pixkanaka askatzen dira. Jerezko Zoobotanikoaren Biodibertsitaterako Kontserbazioko Zentroan jaiotako eta hazitako mokozabalak arrakastaz lekualdatu dira Basondo faunaren babeslekuaren laguntzari esker, eta Urdaibain daude jada, egoera fisiko ezin hobean. Jerezko zentroan jaio eta hazitako mokozabal gazteei Frantziako Doue-la-Fontaineko Bioparc-zooan jaiotako beste 6 gehituko zaizkie. Erakunde horrek bat egin du proiektuarekin. Mokozabal eurasiarra (Platalea leucorodia) hezegune zabal eta ez oso sakonetako hegazti zangaluzea da. Europako populazioek gainbehera handia jasan zuten joan den mendearen erdialdera arte, eta garai horretatik aurrera pixkanaka suspertzen joan dira. Hezeguneen babesari eta leheneratzeari esker, ekialdeko ibilbide atlantikoko mokozabalen populazioak gora egin du azken hamarkadetan, kolonia berriak sortuz eta Frantzia, Alemania edo Ingalaterra bezalako herrialdeak birkolonizatuz, non desagertu egin baitzen, jasan zuten jazarpenaren eta habitataren aldaketaren ondorioz. Hala ere, gaur egungo ugalketa-eremua oraindik ere ez da antzinatean hartu zuena bezain zabala, eta oraindik ez dago ugalketa-gunerik Iberiar penintsularen iparraldean. Proiektu honen bidez, espezie hori kontserbatzen lagundu nahi da, ugalketa-gune berri bat sortuz. Proiektua garatzeko, honako hauen laguntza eskertu nahi da: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Jerezko Zoobotanikoa, Sociedad Gaditana de Historia Natural Elkartea, Basondo faunaren babeslekua eta Doue-la-Fontaineko Bioparc-Zooa. |