Berriak


Astelehena, 2013(e)ko otsaila(r)en 25-(e)an 15:54etan

PTT emisoreen bitarteko oilagorraren jarraipen proiektua.

“ARANZADI”REN JARRAIPENA

 

Aranzadi”, Gautegiz Arteagan hartutako oilagor bat da (Scolopax rusticola), 2013ko otsailaren 18an, “Urdaibai” oilagorrarekin batera.

Oilagor heldu honek PTT jarraipenerako gailu bat darama, eta honen bitartez Urdaibaiko Biosfera Erreserban egiten dituen mugimenduak bi orduro jasoko dira. Ondoren, bere umatze gunerako eztei-aurreko sasoiko migrazio bidean egindako mugimenduak ere ezagutu ahal izango ditugu.

Harrapaketa unean 340 gr pisatu zituen; beraz, egoera fisiko oso onean zegoela ondorioztatu daiteke.



URRIAK 26 - AZAROAK 4 - VISTYTIS PARKE ERREGIONALEAN

Aranzadi arestian aipatu dugun Lituaniako Vistytis Parke Erregionalean ari da egun batzuk igarotzen. Nahiz eta egun guzti hauetan Parke barnean egon den, egunero hegaldi laburrak egin ditu eta ez da inoiz leku berberera bueltatu.

Vistytis lakua, Lituania. Egilea: Hugo.arg

Parke Erregional honek 10.100 ha-ko azalera dauka eta bertan jatorri glaziarra daukaten haranak aurki daitezke; hain zuzen ere, azken izotz aroan sortutakoak. Horrez gain, gogorarazten dizuegu Vistytis lakua bertan dagoela, Europako Baikal moduan ezagutzen dena bere fauna eta flora aberats eta paregabeagatik.

Eguraldiari dagokionez, urriaren 26 eta 28 artean zerua estalita egon da gehien bat  zenbait euriterekin eta tenperatura ez da 14ºC-etatik gora pasa. 29tik aurrera, berriz,  ostarteak izan dira eta ondorioz tenperatura pixka bat jaitsi da. Hala ere, azaroaren 2an prezipitazioak bueltatu dira. Errusian gertatu zitzaion moduan, negua latitude horietara hurbiltzen ari da eta horregatik espero dugu Aranzadik bere bidaia laster jarraitzea.

 



URRIAK 25- KALININGRADOKO LURRETATIK

Gaur berriz ere Errusiako lurretatik ibili da ondoren Lituaniara bueltatzeko. Baina ez pentsatu bere bidaian atzera egin duenik, izan ere Kaliningradoko Oblast-ean sartu da, Lituaniako hegoaldean dago kokaturik baina Errusiako parte da.

Aipatzekoa da Kaliningradora heltzeko Lituania hegoaldeko Vištyčio Parke Erregionaletik pasa dela, Vilkaviškio-ko eskualdean Poloniako mugaren hego-mendebaldean. Parkeak 108,33 km ²-ko azalera du eta ehuneko 49 basoz estalirik dago. Azkenik esan beharra dago Parke honetan Vistytis lakua dagoela eta Errusia eta Lituaniaren artean dagoela banaturik.

 

 



URRIAK 20-22- HIRU HERRIALDETAN ZEHAR HEGAZ

Azkeneko seinalea eman zuenetik Aranzadi hego-mendebalderantz joan da, Tver hiritik pasatuz, izen berdina duen Oblast-aren hiriburutik eta Volgarekin berriz topo egiten du ibaiaren goi ibilguan. Errusiako eskualde ugari zeharkatu ondoren Bielorrusian sartu da Vitebsk probintziako baso hostotsuetan. Bere bidaian aurrera doa Minsk probintziako iparraldeko Miadzel hiriaren gainetik hegan eginez eta azkenik Lituaniako muga gurutzatu du.

Baznycia, Lituania. Egilea: Lituaniako wikipedia.     Tver, Lituania. Egilea: Insider

Urriaren 22an herrialde horren hegoaldean dabil hegaz. Herrialdeko hiriburuaren, Vilna,  hegoaldetik pasatzen da eta hego-mendebalderanzko norabidea jarraitzen du Varenako herrira heldu arte,Dzūkijos Parke Nazionaletik gertu, Lituaniako Parke Nazionalik handiena dena.Pinu mardulak dauden zona batean gelditzen da eta hauek eskualde horretako baso adierazgarrienak dira.

 

Bi egun soilik behar izan ditu 925 kilometro egiteko.

 

 



URRIAK 18-20- ERRUSIA HEGO-MENDEBALDERANTZ ZEHARKATZEN

Aranzadik hiru egunetan ia 400 kilometro egin ditu, Errusiako herri ugariren gainetik pasatuz Mokrusha, Yaroslavl eta Titovo eta  Ozero Medvezh'ye lakutik eta Rybinsk eta Gorky urtegi handietatik gertu Volga ibaian zehar.

Gorky-ko urtegia, Errusia. Egilea: Bestalex

Ibai ikaragarri hau Europako ibairik handiena eta emaritsuena da. Bere ibaiadarrekin Errusia europarraren herena baino gehiago ureztatzen du. Horretarako eta energia elektrikoa lortzeko historian zehar presa ugari eraiki dira, besteak beste, Rybinsk urtegia edo Ribinsk itsasoa deiturikoa, izen hori du izan ere eraiki zen garaian munduko egitura hidriko artifizial handiena zen.

Volga ibaia Yaroslav-en, Errusia. Egilea: Monedula.     Rybinsk urtegia, Errusia. Egilea: Игорь 

 

 



URRIAK 18 - ITZULERAKO BIDAIA HASTEN DA

 

 

 

 

 

 

Aranzadik bere itzulerako bidaian egindako ibilbidearen xehetasuna. Kolore berdez joandako bidaia ikus dezakegu eta kolore gorriz itzulerakoa. 

 

5 hilabete baino gehiago igaro dira Aranzadik ugaltzeko aukeratu zituen Ural mendietatik gertu dauden lur errusietara heldu zenetik. Kumatze garaia Moloma ibaitik gertu pasatu du, Errusiako Kirov Oblast urrunean.  Denboraldi  honetan urkiz, koniferaz eta azalera irekiez osatutako baso batean bizi izan da, kilometro karratu gutxitan.

Uda pasatu ostean egunak nabarmenki laburtu dira eta hurbiltzen ari den neguaren laztasuna nabaritzen hasi da Kiroveko zonan. Termometroak 0ºCazpitik jaisten hasi dira eta egun hauetarako, adibidez, elurteak eta 1ºC-ko tenperatura maximoak espero dira.

Ugaltze garaia amaituta, urriaren 18an Aranzadik martxan jartzea erabaki du eta bere itzulerako bidaia hasi du negupasarako lekura.

Orain uda pasatu duen lekutik 250km hego mendebalderantz dago; hain zuzen ere, Nizhni Nóvgorod-eko Oblastean dago, Volga ibaiaren ibaiadarra den Vetluga ibaitik gertu.

Vetluga hiria kokatuta dagoen Vetluzhsky erregioko paisaiaren panorama. Egilea: Евгений Катышев.

 

Vetluga, Errusia. Egilea: Алексей Белобородов.

Egiten ari den ibilbidearen hasiera maiatzean egindakoaren antzekoa da, baina kontrako norantzan. Horregatik espero dugu, beste urte batez, negua gure artean Urdaibain igarotzea.

 

 



Maiatzaren 10etik 15era: VERKHNYAYA VONDAKA(ERRUSIA)

2013-ko maiatzaren 2an Kirov-eko Oblast-aren Errusiar taiga sakonera heldu zen, Vyatka ibaiaren inguruetan. Egun guzti hauetan, “Aranzadi” kilometro gutxi batzuetako zonalde batean zehar mugitu izan da, basoak eta argi-ilunak txandakatuz. Ziurrenik eta gauden datak kontuan hartuta, baliteke “Aranzadi” bere umatze-gunera heldu izana, eta bertan geratuko dela bere kumeak aurrera atera arte. 

    

Kirov-eko Oblast-eko Baso eta larreak



 

Maiatzaren 2tik 10era: VERKHNYAYA VONDAKA (ERRUSIA)

Kirov-eko Oblast-etik irten gabe, Orlov-etik iparraldera 100 km, maiatzaren 2an “Aranzadi” Vondanka-tik hurbil aurkitu da, biztanle oso gutxiko tokia, Ural mendietatik mendebalderantz. 

    



 

 

APIRILAREN 28TIK 30ERA: ORLOV (RUSIA)

Errusiar hiriburuan geratu ostean, “Aranzadik” iparekialdeko bidea jarraitzen du eta 670km-ko saltoa emanez Orlov-en aurkitu da, Kirov hiritik urbil, Kirov-eko Oblast-aren hiriburua, europar Errusiaren erdi erdian. Konkretuki Vyatka ibaitik hurbil jaso dira datu hauek.

  



 

APIRILAK 25: BABYMINO, MOSKU (ERRUSIA)

Bere umatze-gunera bidean, apirilaren 25ean puntu berri baten seinalea jaso genuen, Lyubanetik ipar ekialderantz 800km-tara. Emandako puntua Moscu probintzian bertan dago, Errusiako hiriburu handitik kilometro gutxitara. Egun gutxi hauek Oká ibaiaren arrotik hurbil pasatu zituen (kointzidentzia bitxia!), Volgaren ibaiadar nagusietako bat. Larre, pinudi, herri sakabanatu eta baserri isolatuak izan ditu bizilekutzat bertan.

  



 

APIRILAK 15ETIK APIRILAK 23RA: LYUBAN, MINSKAYA VOBLASTS (BIELORRUSIA)

Polonian egindako egonaldi txikiaren ondoren, “Aranzadik” Bielorrusiako muga zeharkatu zuen eta hurrengo transmisio-seinalea estatu honen erdigunetik jaso genuen, aurreko puntutik 315km-tara. Paisaia aurrekoaren oso antzekoa da, eta kasu honetan azpimarratu dezakegu egun batzuk Lyuban lakuaren inguruan eman zituela, baso eta soro larreen artean.

  



 

APIRILAK 13: TRESCIANKA, HAJNÓWKA (POLONIA)

Frantzia atzean utzita, 1320 km-tako salto bat eman du poloniar lurraldeetan geldialdi txiki bat egiteko. Apirilaren 13an hainbat transmisio jaso ziren Hajnówka probintziatik, Soce eta Gmina Narew hirien ondoan eta Bialowieza parke natural ezagun eta harrigarritik hurbil. Inguru honetan pinu gorri eta hosto erorkorreko basoak nahasten dira, oihanpe oso itxia dutenak, egunerako babesleku paregabea. Basoez aparte, soroek eta abereentzako larreek ere garrantzi handia dute zonalde horretan. 

  



 

MARTXOAREN 22 TIK APIRILAREN 8RA: MONTBELIARD (FRANTZIA)

Frantzia osoa zeharkatu ondoren eta Alpeen iparraldetik pasatu ondoren, Montbeliard eta Audincourt hirien inguruan gelditu da, bere negu-pasa tokitik 872 km-tara. Frantziar lurrealdean aurkitzen da, Suizako mugatik oso urbil. Inguru honetako paisaia hainbat elementuk osatzen dute, haien artean esanguratzuenak baso hosto erorkor txikiak, landa soroak eta herrixkak. Leku honetan Aranzadik 19 egun igaro ditu, gauez gune zabaletan elikatzen eta egunez hirietatik hurbileko baso txikietan babestuta.

    



 

OTSAILAREN 18AN HARRAPAKETA ETA URDAIBAIN HILABETE BATETAKO EGONALDIA.GAUTEGIZ ARTEAGA

Harrapaketak, Gautegiz Arteaga udalerriko larreetan   egin ziren, 2013ko otsailaren 18an. Oilagorraren harrapaketa egiteko atlantiko landazabaleko zonaldea hautatu zen, Urdaibaiko ehiza erreserbaren barruan; hortaz ondorioztatu daiteke barnean ehizatzea guztiz debekatuta dagoela. Horrez gain, eguna hautatzean oilagorraren ehiza garaia amaituta zegoela kontuan hartu zen, behin transmisorea jarrita ehizatua izateko aukerak murrizteko. Horrela umatze guneetarako bueltako bidaia ziurtatu nahi izan da. 

Hilabete osoan zehar etengabeko datuak jaso ditugu eta espezie iheskor honen eguneroko ohiturak detaile handiz ikusteko aukera izan dugu. Oilagorra espezie limikola gautiarra da. Bere Urdaibaiko egonaldian behatu ahal izan dugun bezala, egunean zehar artadi kantauriarrean babesten zen, markatze gunearen ondoan. Iluntzean basotik atera eta larreetara hurbiltzen zen janari bila, iluntzetik egunsenti arte. Honetaz gain, datu berezi bezala behatu da Aranzadik gauren batetan itsasadarra zeharkatu duela eta Busturia eta Murueta ingurutik elikagai bila hurbildu dela.

"Aranzadi" bazkatzen ibilitako zonaldea

Eguneko babeslekua artadi kantauriarrean

 
<< Hasiera < Aurrekoa 531 532 533 534 535 536 537 538 539 540 Hurrengoa > Amaiera >>
JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL

Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information