Jende asko hurbildu zen Hezeguneen Mundu Mailako egunera
Astelehena, 2018(e)ko otsaila(r)en 05-(e)an 17:01etan |
- URDAIBAI BIRD CENTER – Ate irekien jardunaldietan jende andana ibili zen, guztira ia 300 bisitari hurbildu ziren Urdaibai Bird Centerrera eraztunketa erakustaldia ikustera eta museoa bisitatzeaz gain hezeguneko hegaztiak behatzera.
Aurtengo leloa “Hiri etorkizun jasangarriaren aldeko hezeguneak” izan da. Ramsarrek antolatutako egun honetan hirietan edo inguruetan kokatzen diren hezeguneak babesteko bultzada eman nahi izan da, izan ere, baliabide garrantzitsuak gizakiarentzat zein ekosistemarentzat. Goizean zehar, zentroko teknikariek lagunduta, bisitariek Gautegiz-Arteagako hezegunean negu-pasan dauden hegazti espezie ugari behatzeko aukera izan zuten. Horietako batzuk eguraldi hobea noiz egingo zain daude Europa iparraldeko lurretarantz joateko. Hegazti guztien artean mokozabalak, elano urdina eta tarin taldea izan ziren bisitari esanguratsuenak espektakulu handia eskaini ziguten eta. Jende asko erakarri zuen beste ekintza bat hegaztien eraztunketa izan zen. Heldu zein gazte harrituta ikusi genituen eraztunketaren pausu guztiak azaltzerakoan eta hegaztia bera horren gertutik ikusteko aukera izateagatik. Zorionez eguraldiak lagundu zuen eta txori asko eraztuntzeko aukera izan genuen. Guzti horretaz gain, audiogidez baliatuta egun guztian zehar museoa bisitatzeko aukera izan zuten bisitariek. |